Brontzezko estatua batek Japoniaren eta Hego Korearen arteko harreman diplomatikoak astindu ditu. Estatua Seulen dago kokatuta, Japoniaren enbaxadaren aurrean. Neskato bat irudikatzen du, aulki batean eserita, ortozik, eraikinerantz begira. Artelana herritar talde batek agindu eta ordaindu du. II. Mundu Gerran Japoniak milaka emakume asiar esklabo sexual moduan erabili zituela gogorarazi nahi izan dute horrela, eta Tokiori egindako kaltea aitortzeko eskatu.
Lanak Bakearen Monumentua du izena, eta hiriburuko kale estu batean dago. Japoniako enbaxadoreak eta funtzionarioek egunero ikusten dute enbaxadatik irteten direnean. Ez dago beste erremediorik, ezin dute brontzezko neskatoa saihestu. Estatua asteazkenean jarri zuten, azken hogei urteotan biktimetako batzuek enbaxadaren aurrean astero egiten duten elkarretaratze egunean. Kontzentrazioa egiten duten emakumeak gero eta gutxiago dira. Izan ere, biktimak 80 urtetik gorakoak dira, eta horietako asko hil egin dira.
Japoniak protesta egin du, baina Seulgo gobernuak erantzun dio ez dagoela prest herritarrei oroigarria kentzeko eskatzeko. Atzerri Ministerioko bozeramaile Cho Byung-jaek argi hitz egin du auziaren inguruan: «Japoniako Gobernuak hobe luke, estatua kentzeko eskatu baino, bere buruari galdetuko balio zergatik biktima horiek ari diren azken hogei urteotan elkarretaratzeak egiten, astero eta hutsik egin gabe».
Koreako biktimak erantzukizuna eskatzen ari zaizkio Japoniari, gerran egindakoagatik. Gurean ere indarkeria guztien biktimak euren eskubideak aldarrikatzen ari dira. Juan Jose Ibarretxek, EAEko lehendakaria zenean, barkamena eskatu zien ETAren biktimei 2007an, Euskalduna jauregikoekitaldian. «Ez dugu jakin indarkeriaren erasoa pairatu dutenei geure sostengua modu kolektiboan transmititzen», aitortu zuen. Hitz horiekin errealitate gordinaren berri eman zuen: Euskal Herrian badagoela jendea, ETAren jarduera txalotu edo justifikatu duena; badagoela jendea, hori justifikatu ez arren, beste aldera begiratu duena.
Euskal Herrian, baina, izan da bestelako indarkeriarik ere. Hori pairatu dutenak estatuaren indarkeriaren biktimak ditugu. Tortura, esaterako: herri honetan ehunka eta ehunka torturatu izan dira. Biktima horietako asko ez ziren ETAko kideak, baina horrek ez du ardura, azken batean bereizketa egiteak tortura justifikatzea baitakar askotan: herritar xume bat torturatzea ez da onargarria; etakide bat torturatzea, bai. Euskal Herrian eta Espainian badago jendea, hori justifikatu duena. Beste hainbat lagunek, aldiz, beste alde batera begiratu dute, eta ez dute ahotsa altxatu.
Biktimen aldeko ekitaldi gehiago izango dira geroan. Oroigarriak ere eraikiko dituzte. Seulgo ekimena eredugarria izan liteke torturaren biktimak omentzeko eta etorkizunean halakorik ez izaten laguntzeko. Estatuak Seulgoa bezalako estatua bat jarriko balu leku publikoetan, bidearen erdia egingo luke bere aparatuak egiten duen torturaren kontra. Herritarrak eta, batez ere, poliziak kontzientziatu nahi balitu ankerkeria horren aurka, izango luke, bai, estatua non kokatu: Madrilen, DGSren egoitzaren aurrean; Euskal Herrian, Indautxuko komisariaren eta Intxaurrondoko kuartelaren parean, baita Ertzaintzaren egoitza nagusien ondoan ere… Brontzezko estatua bat izango litzateke. Emakume bat irudikatuko luke, aulki batean eserita, ortozik, eskuak atzean lotuta, eta begiak zapi batekin estaliak. Poliziek, guardia zibilek eta ertzainek torturaren biktimen brontzezko oihuak entzungo lituzkete egunero lanetik irtetean, eta gogoan izango lukete giza eskubideak urratzen dituzten bakoitzean gizakien duintasuna ere txikitzen ari direla. Gizarte bat ez dela demokratikoa izango tortura desagertu arte, giza eskubideak urratzeak benetako demokrazia ezabatzen duelako.
Darwin eta gu
Brontzezko oihuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu