Hezkuntza. Protestak Nafarroan. Analisia

Enbidoari eutsi

inaki petxarroman
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako irakaskuntzako sindikatuek grebara deitu dute urriaren 27rako. Horren aurretik, hainbat lanuzte egingo dituzte, eta, Hezkuntza Departamentuak murrizketen politikarekin aurrera jarraitzen badu, greba izango da.

Udaberrian, oporretara joan aurretik, jakinarazi zuen gobernuak murrizketa handia egingo zuela ikastetxe publikoen lantaldeetan: 200 bat lanpostu gutxiago. Krisiaren aitzakian %6,2 gutxitu zuten 2011ko hezkuntzarako aurrekontua, eta bidea hasi zuten artaziaren politika ezartzeko.

Alabaina, Nafarroako Gobernua espero zitekeen baino urrutiago joan da, eta horretan bat datoz hezkuntza publikoko sindikatuak, langileak eta gurasoen elkarteak. Beraz, erantzuteko garaia zen, eta erantzuna sendoa izango da, ordezkaritza duten sindikatu guztiek adostu eta bultzatua. Gainera, hurrengo astean batzarra daukate ikastetxeetako zuzendariek, eta, dimisioa ematea erabakiz gero, oso beltz jarriko zaio jokoa UPNren gobernuari.

Jose Iribas kontseilariak enbido jo dio hezkuntza komunitateari. 200 lanposturen hutsunea irakasleek ordubete gehiago lan eginez beteko dela arrazoitu zuen. Eta sindikatuei arduraz jokatzeko erregutu zien, alegia, enbidoari «paso» egiteko eskatu. Baina sindikatuek enbidoari eustea erabaki dute. Seguraski arrazoi bat baino gehiago dute horretarako, baina bat oso garrantzitsua da: artaziaren politika hasi besterik ez dela egin uste dute. Alegia, aurtengo murrizketak segida izango duela hurrengo urteetan. Eta, bide horrek kolokan jar ditzakeela hezkuntza publikoaren kalitatea eta bideragarritasuna.

Oso kontu garrantzitsuak gertatzen ari dira. Bizi dugun egoera ekonomikoaren aitzakian, eremu publikoa eta ongizate gizartearen oinarri diren osasun eta hezkuntzarako eskubide unibertsalak amildegiaren ertzean daudelako ustea gero eta zabalduago dago. Murrizketen atzean politika eta helburu zehatzak daude. Nafarroako Gobernuak, esate baterako, 3.000 milioi euro xahutu beharko luke Tutera eta Gipuzkoa arteko tren lasterra egiteko, alegia, hezkuntzarako bost urteko aurrekontua adina. Alegia, dirua badago. Zertan gastatu da kontua. Eta hezkuntzak lehentasuna behar du. Handira ari da partida jokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.