Eusko Legebiltzarrak agerian utzi du nolabaiteko gaitasun falta duela momentu politikoari behar bezalako erantzuna emateko. Eusko Legebiltzarrean elkarbizitzaren inguruan lantalde bat sortzeko saioak ez du emaitzarik eman. Patxi Lopezek hitzaldiko proposamenen artean lantaldearena ere bazegoela esanda, pentsa zitekeen arratsaldeko saioan aurrera ateratzeko landuta egongo zela. Baina ez. PPk ez du begi onez ikusi foro horren sorrera, eta, azkenean, alderdi sozialistari ezinezkoa egin zaio proposamenarekin jarraitzea. PPren gatibu agertu da. Lehenik, garaileen eta galtzaileen eskema behin eta berriro erabilita; bigarrenik, PP lasaitu nahian ezker abertzaleak lantaldean parte hartuko ez zuela adierazita, eta hirugarrenik, lantaldea sortzeari uko eginda.
Hori guztia ulertzeko, sintomatikoa da Patxi Lopez lehendakariaren jarrera Egiaren Batzordea sortzeko aukeraz. «Ez dugu behar. Egia argia da, eta gure begien aurrean dago». Hain nabaria balitz, ez luke arazorik izango kanpoko norbait gonbidatzeko «egia» hori egiaztatzeko. Kontua da Egiaren Batzordeak argitara ekarriko lukeela egun nahikoa ezkutuan dagoen errealitate bat; hain zuzen, alderdi sozialistak eta PPk testu liburuetan idatzi nahi duten kontakizuna hankaz gora jarriko lukeena. Zeren eta, Patxi Lopezen hitzaldian nabarmena izan zen ikuspegi partziala, indarkeria mota bat baino aitortzen ez duena, biktima mota batzuk baino aintzat hartzen ez dituena. Azken batean, 32 orrialdeko diskurtsoan bederatzi lerro baino ez zituen erabili polizia indarkeriaren biktimen gaia aipatzeko. Garrantzirik eman gabe («funtzionario batzuen gehiegikeriak»), Jaurlaritzak berak 1968-78ko epean soilik 60 hilketa zenbatu dituela aipatu gabe. Agerraldian, Lopez lehendakariaren eta PSEren jarrera oso lerrokatuta agertu da PPrekin, Madrilen agintzen duenarekin. Horrela ikusi da espetxe politikaren oinarriak azaltzean ere. Izan ere, hurbiltzea bera ere baldintzatua planteatu du Lopezek. PSEk eta PPk agertutako jarreraren atzean badago kezka handi bat, ikusten dutelako euskal gizartearen gehiengoa ez datorrela bat euren pentsamoldearekin. Egungo legebiltzarrak irudikatzen duen fikziozko gehiengoa luzatzearen alde egin dute.
Eusko Legebiltzarra. Baketzeari eta elkarbizitzari buruzko eztabaida. Analisia
Fikzioa luzatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu