Aspaldiko gaitza da Nafarroan, baina orain bereziki faltan sumatu da demokraziaren funtzionamendu egoki baterako osagaia: gardentasuna. Gardentasunik gabe, aurkezten diren diru sarreren gaineko aurreikuspenek zentzu oro galtzen dute. Zifra horien gainean eskatzen zaizkio sakrifizioak gizarteari, baina maiz ematen du ardura politikoak saihesteko modua direla. UPNk egoera ekonomiko egongaitzari leporatzen dio neurrien ezinbestekotasuna, baina, gardentasunik gabe, zilegi da susmatzea atzean ardura politiko larriak ezkutatzen direla. Ezin ahaztu PSNz, jakina. Hura gabe ezinezkoa zatekeen egungo egoera. Politikoki jasangaitza zaionean egin du jauzi ontzitik.
Iluntasuna erabatekoa da. Lehenik, iazko adibidea dago. Gobernua oporretatik itzuli berritan, 294 milioi euroko zuloa agertu zen. Diru sarreren jaitsieraz gain, estatuarekin egin beharreko «kontabilitate doikuntzen» ondorioa omen zen zuloa. Zer dira doikuntza horiek? Itun ekonomikoaren negoziazioan aztertzen dira, baina edukiaren gaineko kontrolik ez dago. Bestetik, itzalpeko bidesari bidez finantzatutako Pirinioetako autobidearen iazko eraikuntza defizit gisa kontabilizatzera behartu zuen Eurostatek. Zor gisa kontabilizatu ziren Bideko Autobidea eta Nafarroako Ubidea. Kontabilitate trikimailuaren ingeniariak, Mirandak, ez zuen autokritikarik egin.
Aurtengo aurrekontuak %1,9ko hazkunde ekonomikoan oinarritu ziren. Errealitateak zifra horiek eraman egin ditu, eta etengabeko zifra dantza batean sartu da gobernua. Apirilean etorri zen danbatekoa: hazkundea espero zen tokian, %1,2ko atzeraldia. Alabaina, eta hemen dator kezkagarriena, aurreikuspen hori diru sarreren bilakaerara eramaterakoan, taulak hiru aldiz aldatu ditu Ogasun departamentuak. Maiatz hasieran, 54 milioi euroko zuloa zegoen, eta hori konpontzeko akordioa egin zuten UPNk eta PSNk; gero, estatuari hurrengo hiru urterako finantza planean zifra batzuk aurkeztu zizkioten; eta, bi asteren ondoren, zifrek bat-batean okerrera egin, eta 132 milioi euroko zuloa agertu zen. Barcinaren azalpena: «Diru sarrerak jaistean familia batek egingo lukeen legez, gerrikoa estutu behar da».
PSNk dio estatuak Nafarroan esku hartzeko mehatxua egin zuela Barcinak, eta, gainera, zuloa handiagoa dela iradoki du.UPNk ukatu egin du. Larriena da ez dagoela egiaztatzeko modurik. Datuak hor daude. Krisiaren hasieratik Nafarroako zorra hirukoiztu egin da. Espainiako Bankuaren arabera, 2.725 milioi euroko zorra du, baina Nafarroako Gobernuak maiatzaren 16an estatuari aurkeztutako planaren arabera, iaz jada 2.922 milioi euroko zorra zuen! Bi urtean, 3.906 milioi eurora handituko da, aurrekontuaren %100etik gora. Zorraren hazkunde horren atzean ez dago soilik egiturazko defizit publikoa. Barruan sartzen dira UPN-PSNren beste gehiegikeriak: sozietate publikoen zorra, itzalpeko bide sari bidezko finantzaketak eta estatuarekin egindako «doikuntza» misteriotsu horiek.
Hori gutxi ez balitz, AHTrako dirua aurreratu nahi du gobernuak: aurten 134 milioi, 2013an 129 milioi eta 2014an 46 milioi. Estatuak kopuru handienak 2016tik aurrera itzuliko ditu. Estatuaren fidagarritasun ekonomikoa kolokan badago ere, ez dute amore eman nahi. Zerbitzu publikoen aurretik, trenak du lehentasuna.
Nafarroako Gobernuaren haustura. Analisia
Gardentasun falta, aspaldiko gaitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu