Koldo Aldabe.
Analisia

Haustura programatua

2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Esan eta esan ari zen azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez urruntzen ari zela PSE-EEk eta PPk hitzartutako gobernu akordiotik. Deskalifikazio neurtuetatik, duela egun batzuetako Homer Simpson-era pasa zen. Barkamen eskaera iritsi zen ondotik, baina atzo aspaldi iragar zitekeena iritsi zen. Antonio Basagoitik ahitutzat jo du Jaurlaritzako gobernu ituna, eta bilera eskatu dio Lopezi hauteskunde dataz mintzatzeko.

Irudi luke Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren murrizketa politiken aurka Auzitegi Konstituzionalean aurkeztuko dituen helegiteek gainditu dutela PPk sozialistei ezarritako lerro gorria. Bi alderdiek arrazoi ugari zituzten gobernu akordioa hausteko; ez da ahaztu behar sozialisten lerroetatik iritsi zirela akordioaren iraungitze data gainditu zenaren lehenbiziko ohartarazpenak. Bakegintzaz, ETAren jardun armatuaren amaieraren ondoko aldi politikoaren kudeaketaz eta krisi ekonomikoaz irizpide kontrajarriak erakutsi dituzte bi alderdiek azken hilabeteetan; bereziki urriaren 20an ETAk egin zuen iragarpenetik eta azaroaren 20an Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondotik. Era berean, ordea, biei komeni zitzaien akordioari eustea, gutxienez bozak udazkena bitarte egin ez zitezen.

Akordioa orain haustea, beraz, programatuta zegoela esan daiteke, nahita ere ezin izango baitira uztaila baino lehen hauteskundeak egin. Horrek, oporraldia kontuan hartuta, bozak urrira arte ez egitea ziurtatzen du. Gauzak horrela, bi aldeentzako une egokian dator haustura.

Gainera, EAEko PPk kongresua du asteburu honetan. Gobernu akordiorik gabe, libre izango da Basagoiti kongresu osteko lehen egunetik kanpaina hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.