Bakegintzarekin batera, krisi ekonomikoak izan behar zuen hauteskunde kanpainako gai nagusia, jakina. Hala ere, arrapalada batean sartu da Kataluniatik independentziaren gaineko eztabaida, eta krisiaren auzia erabat baldintzatu du. Irudipena dut, diferentziak diferentzia, lau alderdi nagusiak eroso daudela horrela. Ziurrenik, arrazoi kontrajarriak direla medio, EH Bildu eta PP daude erosoen. PSE-EEri berari ere komeni zaio gaia, autogobernuaren defendatzaile gisa aurkezteko. EAJ, berriz, inor baino trebeagoa da anbiguotasunaren dantzan, eta Ibarretxe planaren itzalarekin jokatu du bere estatus politikoa aldarrikatzeko orduan. Guztientzat ere errazagoa da zuri-beltzezko eremuetan bilatzea botoak, gris ugari dituen krisiaren konponbidean baino.
Hitz egin dute krisiaz, noski, baina mezu gehienei lelo kutsua darie. Batetik, proposamen trinko eta zehatzek eskari txikia dutelako, eta jendeak mezu errazak nahiago dituelako. Bestetik, gobernura iristen den/diren alderdia(e)k oso errealitate zailarekin egingo du(t)elako topo. Begiratu Europa osora: ba al da lau urteotan hauteskunde batzuetatik onik atera den agintaririk?
Ez dezagun ahantzi zerk behartu zuen Patxi Lopez azkenik hauteskundeak aurreratzera. Uztailera arteko zergen bilketaren datuak aurreikusi baino okerragoak izan ziren. Bozak aurreratu ezean, aurrekontu murriztaileak aurkeztera behartuta zegokeen, eta horrek hankaz gora utz zezakeen kanpainako tesia: zerbitzu publikoaren eta autogobernuaren defentsa. Erabakia aldez aurretik hartuta edukiko bazuen ere, ez zuen beste erremediorik izan. Barakaldoko mitinean Lopezek «bigarren aldiz gobernu sozialista» bat egongo dela promes eginagatik, ondotxo daki finantza publikoen egoeraren gaineko lema PSE-EE ez den beste alderdi batek hartuko duela (PSE-EE gobernuan egongo ote den, beste kontu bat da). Eta horrek guraizeak atera beharko ditu 2013ko aurrekontuak diseinatzeko orduan. Aldundietako aurtengo zerga bilketa %6 jaitsiko dela uste dutelako, eta 2013ko defizitaren muga BPGaren %0,7 jaitsi beharko delako (500 milioi euro inguru).
Zenbat murriztu eta non, beste auzi bat da, baina Nafarroan gertatzen den bezala, EAEn ere finantza publikoen egiazko egoeraren gainean zalantzak daude. EAJk PSE-EEri etengabe gogorarazten dion bezala, zor publikoa hamar bider handitu da; besteak beste, Ibarretxeren gobernuak baino askoz egoera txarragoari aurre egin behar izan diolako.
Krisitik irteteko beharrezko diren politiketako asko Euskal Herritik at daude. Hemengo instituzioek erreminta garrantzitsu bat badute, hori inondik ere zerga politika da. Zerga erreforma sakon eta bidezko bat egitea atzeratu egin da, eta lehentasunezkotzat jotzen da zerga-tasak duela hamar urteko egoerara itzultzen hastea. Iruzurrari eta zergen ordainketa saihesteko bideei aurre egiteko borondate irmoa beharrezkoa den bezala. Egiazki kalitatezko zerbitzu publikoak izan nahi badira, diru sarrera gehiago lortzeko bidea baino ez da geratzen. Zerga sistemaren eskumena aldundiek dute, eta diskurtsoetatik harago, ez Eusko Legebiltzarrak ez Jaurlaritzak ezingo du egun batetik bestera ezer egin.
Gobernu gehienetan jeltzaleek agintzen zuten garaiak amaitu dira, eta hilaren 21eko mapa politikoak errealitate poliedriko konplexua utziko du EAEn. Finantza Kontseiluan koordinazioa gero eta zailagoa da, eta alderdikerietatik haragoko gutxieneko akordioak izango dira erronka. Horri lotuta, hurrengo legealdiko beste eztabaidetako bat, ziurrenik, Lurralde Historikoen Legearen erreforma izango da, baina EAJren mamu zaharrak astintzearekin batera, bide luzea du, izatekotan.
Bitartean, aldundiek egiten dituzten zerga erreformen zain, murrizketen bidetik edo estatuko legeei erronka botata are gehiago zorpetzeko bidetik jo beharko du gobernuak. EAJk boto-emaileei iraganeko esperientziaren eta kudeatzaile onaren txartela aurkezten die, baina kudeaketa on horren edukiari zehaztasunak falta zaizkio mezuetan: aldundietan zer zerga erreforma bultzatuko lukeen, edo herentzia gisa jaso dezakeen «mila milioiko zuloa» nondik murriztuko duen. EH Bilduk zerga sisteman jartzen du indarra, baina gastuaren atalean ez du esan murrizketarik egingo duen. Errentagarriago zaio subiranotasunaren beharra azpimarratzea. PSE-EEren ondare txarra jaso beharko du bietako batek.
Gobernuaren beste erronka bat PPren zentralismoari aurre egitea izango da. Oinarrizko legediaren bidez, erkidegoetako gobernuak zerbitzari bilakatzeko hautua egin du. Espainia, inoiz baino gehiago, lasta bat da Hego Euskal Herriarentzat, eta PPren gehiegikeriek salmenta zaila dutenez, ulergarria da Basagoitiren ahalegina: independentziaren mamua astindu eta Espainiako krisiaren mamua ezkutatu.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa
Krisia, itzalpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu