Lehenbailehen hartu behar dira neurriak. Ados daude. Egin ezean, egoera bideraezin bihurtuko da. Ados daude. Baina adostasun ustezko hori ez da ikusten ekintzetan, eta hitzetan ere ez. Ingurumen politikari buruzko hitzik apenas ari diren egiten kanpainan alderdi politikoak. Programetan ere azaletik landu dute maiz gaia, proposamen zehatzik eta betearazteko bitartekorik gabe. Zer egin behar den badakite; norabidea badago. Nola egin falta da, eta, are, noiz egin. Ingurumena kearen lausotatik ateratzea, behingoagatik.
Ekonomiaren hazkundeak kutsadura areagotzea ekarri du urteetan. Krisia iritsi da, baina kutsadura ez da behar adina jaitsi: Hego Euskal Herrian hamar herritarretik zortzik baino gehiagok arnasten dute aire kutsatua. Horri aurre egiteko bi bideak zein diren badakite alderdiek: kontsumoa bera jaistea eta kontsumitzen denak jatorri garbia izatea.
Horri aurre egiteko beharra ingurumenak ez ezik ekonomiak berak ere ekarriko du. «Hazkunde ekonomikoa energia kontsumoaren hazkundetik bereiztea» jarri du helburu EAJk, adibidez. Gisa berekoak dira gainerakoen programak ere. Egungo sorbideak kutsatzaileak direlako bainoago, agortzear daudelako eta horrek ekonomiari kalte egin diezaiokeelako daude kezkatuta.
Bistan da: porrotera doa egungo eredua. Datu bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabiltzen den energiaren %80k erregai fosilak ditu jatorrian —gasa gehien bat—. Euskal Herriak ez du zereginik hor. Berriztagarriak bai, baina beste bide batzuk ere ustiatu nahi dituzte jeltzaleek, nahiz kutsatzaileak izan: biomasa proiektu gehiago, eta gas ustiategiak —Gaviota biltegia zabaltzea eta Bahia Bizkaia Gas ustiategian hirugarren lerroa—.
Euskal Herriak bere energia beharrak asetzea dago mahai gainean, eta hori berriztagarriekin lortzea. Eolikoak dira alderdien gustukoenak. Saiatu da horretan PSE-EE Jaurlaritzan, baina komeriak izan ditu, aurkako asko izan baititu. Salaketa egin du programan: «Ezin ditugu berriztagarriak defenditu eta parke eoliko guztien kontra egin». Eolikoen alde daude alderdi guztiak, baina beste plan bat egin nahi dute.
Harago jo du EAJk: itsasoan haize errotak jartzea «aukera paregabea» litzatekeela adierazi du.
Eta fracking-az zer? EH Bilduk soilik itxi dio atea erabat. Gas naturalaren alde egitea aipatu du EAJk —hori lortzeko da fracking teknika—; PSE-EEk eta PPk ere prest dirudite harkaitzak hautsiz gasa lortzeko, «ingurumena zainduta». Zaborren bidez energia lortzearekin ere egoera bera dago mahai gainean: EH Bildu, kontra —zero zabor eredua ardatz—, eta EAJ, PSE-EE eta PP, hondakinen «balorizazio energetikoa» ahotan hartuta —errauste plantak—.
Pasaia, agendatik kanpo
Epe laburrera azpiegitura handien auziari heldu beharko diote alderdiek. Zirt edo zart egin beharko dute. Eta, kutsaduraren alorrean ez bezala, krisi konturik ez da hor. AHT abiadura handiko trenaren proiektuari irmo helduta segitzen dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Berdinak dira asmoak: obrak lehentasun. Donostialdeko Metroarekin ere berdin. EH Bildu da oposizioa: AHTari moratoria bat ezarri, eta trenbideei buruzko auziaz galdeketa nahi du.
Pasaiako kanpoko portuaren proiektuari, horri bai, eragingo dio krisiak. Aurrean eramango du. Aldekoek aho txikiz aipatu dute: EAJk «bideragarritasun eta kudeaketa eredua aztertzea» nahi du; PSE-EEk, Pasaiako portua «birmodelatzea eta modernizatzea»; eta PPk argi hitz egin du: «bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumen bideragarritasuna frogatzen baldin bada» soilik babestuko du proiektua. Pasaiako portuak Bilbokoarekin bat egin beharko lukeela esan dute. Ari dira handinahikeriak uxatzen. EH Bilduk berretsi du kanpoko portuaren kontra dagoela.
Aireportuekin ere gisa berean gertatuko da. Batzea nahitaezko dute, bidaiariak gero eta gehiago ari baitira Loiun eta Miarritzen pilatzen. Egungo ereduari ezin zaiola eutsi bat datoz alderdiak: EAJk koordinazioa nahi du Euskal Herriko bost aireportuen artean; PSE-EEren asmoa da Loiuren terminal izatea Hondarribia eta Foronda; bi horiei eutsi nahi die PPk. EH Bilduk ez du batere proposamenik egin gaiari buruz.
Egoera ekonomikoak zerikusi handia izango du ingurumen politiketan. Dirurik ezean geratuko dituzte azpiegitura handiak; ekonomiari kalterik ez egiteko aldatu nahi dute energia eredua. Erabateko ingurumen politikak urri dira: ingurumen irizpideekin eginiko zergak-eta pasaerakoan aipatu dituzte —soilik EH Bilduk nabarmendu ditu—. Programak eskuan, ingurumenaren zaintzak borondatearen esku segituko du.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa
Krisiaren lausotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu