inaki petxarroman
Espainiako Gobernuaren aurrekontuak. Murrizketak AHTari. Analisia

Tunel ilunean

2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Lehentasunezkoetan lehentasunezkoa eta estrategikoetan estrategikoa da abiadura handiko trena (AHT). Horregatik, krisi larrian ere, bultzada handia jaso du erakundeetatik azken urteotan. Orain, baina, iluntzen ari zaio egoera, tunelaren amaiera uste baino urrutiago egon daitekeela agerian utzita. Espainiako Gobernuak %40 murriztu du Euskal Y-arentzako 2013ko aurrekontua. Eta agerraldi dirdiratsuen atzeko egoera uste baino gordinagoa dela begi bistan da.

Dagoeneko aitortu dute ez dutela 2016an amaituko, etengabe aipatu izan duten data bertan behera utzita. Koilara —sektorean darabilten argota erabiltzearren— sartuta dago toki askotan, baina obrak nahiko hasieran daude oraindik leku gehienetan. Soilik hamalau kilometro eskas daude amaituta, 195etik. Eta hiriburuetako geltokien proiektuen arrastorik ere ez dago oraingoz.

Euskal Y-a Sustapen Ministerioa eta Jaurlaritza ari dira finantzatzen eskuz esku, eta ikusteko dago Jaurlaritzak heldu den urteko aurrekontuetan zenbateko dirutza agintzen dion proiektuari. Izan ere, hauteskundeen ondorengo gobernuari dagokio zeregin hori.

Edonola ere, argi dagoen bakarra da tunelean uste baino ilunago dagoela dena. Frantziako Gobernuak zalantza handiak ditu Lapurdiko zatiari buruz, eta lanekin hastea merezi ote duen aztertzen ari da. Burgos eta Gasteiz arteko zatia idazteko fasean dago, oso atzeratuta. Eta Nafarroako zatia foru gobernuaren nahi eta ezinaren adierazlea da.

Horri gehi dakioke egoera ekonomikoaren kaskartze bat datozen hilabeteotan. Beraz, obrak gelditzeko hipotesia planteatzen hastea ez litzateke tabu bat izan behar. Jose Blanco Espainiako Sustapen ministro ohiak 2010ean iragarri zuen %80 baino gehiago eginda dauden proiektuak baino ez daudela bermatuta. Akaso, makinak tuneletik ateratzea izango da argia berreskuratzeko modu bakarra. Gehiago ilundu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.