Berealdiko sumindura sortu zuen Nafarroako Auzitegiak joan den apiril amaieran, Iruñeko talde bortxaketari buruz kaleratutako epaiarekin: frogatutzat jo zuen erasoa, erasotzaileen nagusikeria, emakumearen aterabiderik eza, baina frogatutako eraso hura ez zuen eraso gisa zigortu. Abusu mailara beheratu zuen. Indarkeriarik ez zegoen eta, epaileen arabera.
Ez du sumin txikiagoa eragingo gaur kaleratutako autoak: abusuengatik jarritako zigorra oraingoz ez dute bete beharko bost erasotzaileek, harik eta epaia irmoa izan arte. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarria diete, eta ia bi beteak dituzte, giltzapean baitaude erasoa salatu zutenetik, 2016ko sanferminetatik.
Korapilo juridikoan jarraituko du kasuak datozen hilabeteetan: Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esku geratuko da, eta udazkenera arteko epea izango du erabakia hartzeko. Alde batera edo bestera joan, uste izatekoa da Madrilera igaroko dela auzia.
Arlo juridikotik aparte, ordea, kaleari eman zaion mezua da larritzekoa. Mezua, batetik, isiltasuna hautsi duen emakumeari: erasoa momentuan bertan salatu, mediku azterketak egin, instrukzio osoan eutsi eta epaiketan lekukotasun gordina eman zuen emakumeari. Justizia sistemak eskatzen dion heroi bide osoa egin du. Frogatutzat jo dute eraso egin ziotela, bost gizonek azpian hartu zutela, bortxatu eta grabatu egin zutela, telefonoa lapurtu ziotela. Ez hori bakarrik: hilabeteotan jazarpena jasan behar izan du emakumeak, jazarpen isila eta agerikoa —hedabide batzuetan bere datu pertsonalak ematerainokoa—. Eta hara erantzuna. Zergatik, eta indarkeria fisikorik ez omen zelako egon: alegia, emakumeak ez zielako bost gizon helduri bakarrik aurre egin. Ez zuelako bere bizia jokatu.
Mezua, gizarteari emandako mezua da bestea: mobilizazio gaitasun handia erakutsi du mugimendu feministak, kaleak hartu ditu, eta hau da erantzuna, sanferminetarako justu bi aste falta direnean. Sanferminak ikur izan dira azken urteetan, emakumeen aurkako erasoak salatzeko ikur, erantzun eredugarrien ikur. Nafarroako Auzitegiaren erabakiekin, ordea, zigorgabekeriaren ikur ere badira. Eraso matxistena. Erantzun feministarena. Kontraeraso patriarkalarena.