joxerra senar
Analisia

Alarma guztiak piztuta

2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
UPNk eta PSNk 54 milioi euroko zuloa itxi beharrarekin aski ez bazuten, asteon beste auzi korapilatsu batek eztanda egin die. Apirilaren 1etik, Volkswagenek bere autoen salmenta sistema aldatu egin du, eta, ondorioz, Nafarroak itzuli egin behar dio Volkswageniesportatutako autoen Balio Erantsiaren gaineko Zerga. 1994an, VWek Landabenego Seaten fabrika erosi zuenean, Juan Cruz Alliren gobernuak Balio Erantsiaren gaineko Zerga itzultzeko sistema hitzartu zuen multinazionalarekin eta litekeena da, beraz, Madrilgo gobernuarekin. Laburbilduz, Landabengo Poloak talde bereko Vaesa (Volkswagen-Audi España) enpresari saltzen zitzaizkion, eta haren bitartez saltzen ziren gero munduan. Horri esker, Nafarroako ogasunak biltzen zuen Vaesari saldutako autoen BEZa ; inposizio bikoitza eragozteko, Espainiatik at esportatutako autoen zerga berriz Espainiako Ogasunak itzultzen zion VWeri.

Sistema horrek apirilera arte iraun du. Antza, Espainiako Ogasuneko teknikoek auzitan jarri dute BEZa itzultzeko sistema hori, eta aldatzera behartu egin dute VW. Aldaketak bete-betean eragingo lieke Nafarroako kontu publikoei: 2014 bitartean 780 milioi euro biltzeari utziko lioke; urteko batez beste 260 milioi euro. Horrek eragingo liokeen zuloaren jakitun, ezkutuan, negoziazioetan izan dira Itun Ekonomikoaren Batzorde Koordinatzailearen barruan Nafarroako eta Espainiako gobernuak: 2014ra bitarte, gehienez 75 milioi euro itzuliko ditu (25 milioi urteko), eta gainontzekoa Estatuak egingo du.

Auzia ez da hor amaitzen. Estatuko Ogasunak orain nahi du atzerako eragina izatea eta 2007. urtetik hona itzulitako BEZa Nafarroak hartzea bere gain; hau da, 1.500 milioi euro pagatzea. Auzi hori negoziatu beharko du orain Iruñeko gobernuak Madrilgoarekin.

Hori guztia, astelehen arratsaldean kaleratutako prentsa ohar ziztrin baten bidez jakinarazi zuen gobernuak. UPN eta PSN pozik azaldu dira 2014a arte 75 milioi euro pagatuko direlako soilik, baina ez dute ezer esan gainontzeko guztiaz.

Orain ezagutu dugu horren guztiaren ondorioz, alarma guztiak piztuta egon behar lukete. Zer eskaini dio Nafarroako Gobernuak Espainiakori 780 milioi euro beharrean 75 milioi pagatzeko? Zer mesede politiko eskaini zion bere garaian, 1994an, UPNk Espainiako Gobernua BEZ itzultzea estatuaren gain uzteko 18 urtez? Hemendik aurrerako negoziazioetan nola defendituko ditu gobernuak nafarren interesak estatuak 700 milioi bere gain hartu baditu? Zer negoziatzen dute ezkutuko bilera horietan? Esku har al dezake Estatuak Nafarroan?

Gardentasun falta da UPNren herentzia politiko nagusia. Kontabilitate ingeniaritza egiten duen banku batenak dirudite Nafarroako kontu publikoek. Nafarroa izan zen erkidego guztien artean iaz zorra gehien handitu zuena. Espainiako Bankuaren arabera, 2.446 milioi euroko zorra zuen abenduan, baina hor ez dira sartzen itzalpeko bide sari bidez finantzatutako hiru azpiegiturak. Hots, zorra handiagoa da, eta horri 1.500 milioi euro horien gaineko zalantza erantsi behar zaio orain. Zinez kezkagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.