Zorraren krisia. Bruselako goi bilera. Analisia

'Alea iacta est'

joxerra senar
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Azkenik, kartak ahoz gora jarri dira, eta Erresuma Batua isolatuta geratu da. Irakurketa asko egin daitezke Alderdi Kontserbadorearen eta euroeszeptikoen beto asmoei buruz edo Angela Merkel-Nicolas Sarkozy bikotearen ustezko diplomazia faltari buruz. David Cameron lehen ministroak goi bileran, haserre, esan du «pozik» dela euroan ez egoteaz eta atzoko akordioak ez diola erantzuten Erresuma Batuaren interesei. Egiazki, Londongo City-ko interesak ditu buruan.

Bere jarrerak dena esaten du. Erresuma Batuak arrazoitzen du ezin duela subiranotasun gehiago Europaren eskuetan utzi. Duela lau urte, Gordon Brownek bertako bankuak erreskatatu behar izan zituenean euroeszeptikoak ez ziren asaldatu bankuek Erresuma Batuaren finantza subiranotasuna auzitan jarri zutelako. Erreskate haren ondorioz, gaur egun zor publikoa BPGaren %146 da, nahiz eta estatistika ofizialetan %70ekoa dela esan.

Euroa xantaia etengabe baten pean egotea nahi ez badu, euroguneak ezin du City-a salbuespen batean bihurtu, euroaren aurka apustu egin dutenen artean finantza gune horretako erakundeak daudelako. Horregatik, erabat ironikoa da Cameronek Europari arazoak konpondu ditzala eskatzea eta gero City-a arautzeari ezezkoa ematea. Ez dut uste Europari bizkar eman nahi izateak bere herritarren interesei erantzuten dienik, baina hori Erresuma Batuaren arazoa da.

Horrek esan nahi du euroa salbatuta dagoela? Ez. Ikusteko dago Europako Batasuneko 23 gobernuk hitzartutako akordioak zer nolako bilakaera duen. Euroaren krisiaren konponbidearen bila, itunak hainbat tekla ukitzen ditu. Uneotan ozenen entzuten den tekla finantza zorroztasuna da: Alemaniaren ekimenez, administrazio publikoek %0,5eko defizita izatera inposatuko da eta %3tik gorako defizitak zigortu egingo dira. Finantza publikoen diziplina akats larria izan daiteke ekonomiari begira, baina zoritxarrez, merkatuetara finantzazio bila jo behar den bitartean, sakrifizio hori eskainiko zaie merkatuei. Ez da txantxa gertatzen ari dena, ordea. Espekulazioak eta euroaren gaineko konfiantza ezak hondamendiaren ertzean utzi dute eurogunea.

Hala ere, hori ez da ukitzen den tekla bakarra. Nahiz eta itunak ez dioen ezer eurobonuez edo EBZk arazotan diren herrialdeen zorra pilaka erosteaz, Europa federal baterako urrats gehiago eman dira. Herrialde mailegatzaile nagusia izaki, Alemaniak lortu du euroaren ontzian egon nahi dutenen konpromisoa, eta osagai hori ezinbestekoa da egiazko iraupen baterako. Hala, akordioak dio «politika ekonomiko bateratu baterantz» lan egiteko prest daudela, eta epe luzeagora hor jarriko da indarra. Aste honetako Alemania eta Frantziaren proposamenean, bide-orri hori zehatzago ageri zaigu: harmonizazio fiskala eta sozietate zerga bateratua, finantza sektorea arautzea, lan merkatuen bat-egitea, finantza operazioei Tobin tasa ezartzea eta diru hori inbertsiorako eta hazkunderako erabiltzea... Tekla horiek ukituta, epe luzera Europa sendoago atera daiteke.

Aurrean, ordea, oztopo ugari ageri dira. Deabrua detailetan ezkutatzen da, eta ikusteko dago akordio hori herrialdez herrialde noiz eta nola gauzatzen den, merkatuen presioari aurre egitekofuntsak nahikoak ote diren, merkatuek hemendik aurrera nola erreakzionatzen duten eta bitarte guzti horretan EBZk zer egiten duen. Alea iacta est.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.