Ia urtebete ez da pasatu Miguel Sanzek Parlamentuan «krisiaren okerrena» pasatu zela iragarri eta Nafarroa krisi osteko fasean zela esan zuenetik. Eskerrak! Sanz jada ez dago, eta PSNren eta UPNren arteko gobernuak, beti bezala, autokritika txikiena egin baino, nahiago du «egoera ekonomiko zailari» egotzi ardura osoa. Euroguneko hainbat herrialdek zor merkatuetan jasaten duten presioaren ondorioz, gehiago zorpetzeko tarterik ez du Nafarroak, baina azken urteetan bere trikimailuengatik nabarmendu da Iruñeko gobernua: zerga-pizgarriak gastu gisa kontabilizatzen ditu eta itzalpeko bidesari sistema bidez finantzatzen ari da Nafarroako Ubidea eta Bideko autobidea. Orain arte Alvaro Mirandak zioen hori ez zela zorra, baina mirakuluen garaia amaitu zaio: trikimailuok azaleratzera behartu dute Elena Salgadok eta Eurostatek.
Horrez gain, oparoaldi garaian hainbat aldiz murriztu zituen UPNk (PSNren onespenarekin) zergak,eta Ondarearen gaineko Zerga kendu zuen. Nafarroaren zerga autonomia Europako Batasuneko zerga presio apalenetako bat izateko baliatu da.
Orain onartutako murrizketek eragin zuzena izango dute ekonomian eta 2012ko zerga bilketan, eta murrizketari murrizketak jarraituko dio, zerga politika errotik aldatu ezean. Eztabaida ate-joka dago. Zergak ez igotzeko bere promesan atzera egiteko prest al da UPN? Ez dirudi atzera egitea gustuko duela, baina boterea arriskuan ikusiz gero...
Aurrekontuak. Nafarroa. Analisia
Eskerrak okerrena pasatuta zegoen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu