Iker Aranburu.
Krisia eurogunean. Erreskatea Espainiari. Analisia

Eta gaur, partidara

2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hemen dago, Zapatero lehenik eta Raxoi ondoren kosta ahala kosta eragozten saiatu direna. Aipatzerik ez dagoen hitz madarikatua: erreskatea. Mariano Raxoik halakorik ez zela gertatuko esan eta hamabi egunera iritsi da. Espainiak, bere menpean dituen herriei ez ezik bere auzoei ere lezioak ematen zizkien estatuak, laguntza eskatu behar izan du. Zertarako, eta arrakasta horren adreiluzko sustraiak pitzatuta zeudela erakusten duena estaltzeko.

Ados, egia da ez dela ohiko erreskatea. Ez da Greziak, Portugalek edo Irlandak jaso zutenaren berdina, nahiz eta azkeneko horrekin antz handiagoa duen: Espainiako bankuak (batzuk behintzat) salbatzeko jasoko du dirua. Baina ondorioak baliteke antzekoak izatea. Norbaitek benetan pentsatzen al du Europak laguntza musu truk emango duela? Batetik, eta inoiz ez dago sobran gogoraraztea, Espainiak maileguak jasoko ditu. Zintzo-zintzo beren interes eta guzti itzuli behar diren maileguak.

Bestetik, dirua bankuentzat izan arren, haren bermatzailea Espainiako Gobernua da. Bankuek ez badute dirua itzultzen—eta batzuk agian urteak egongo dira ezer itzultzeko modurik gabe— , estatuak egingo du. Ehiztari zuri handiaren mendeko guztiok, azken finean.

Azkenik, edozein erreskatek—barkatu, laguntzak—trukean zerbait egitea eskatzen du. Agian, ez dira Cristobal Montorok aipatutako beltzezko gizonak iritsiko. Baliteke Madrilgo luxuzko hoteletan ostatu ez hartzea guraizeak non, noiz eta nola sartu erabakitzen duten troikako burokratek. Baina ez dira helduko, besteak beste, PSOEko eta PPko gobernuek bi urte daramatzatelako troikak eskatutakoa betetzen: bi lan erreforma egin dituzte kaleratzea merkatzeko, gastu publikoa gutxitu dute, erkidegoak kate motzean lotzen ari dira, zergak igo dituzte... Cum laude notarekin bete du aholkatutakoa, Berlinen goresmenak sinistu behar badira.

Baina esku hartze zuzen horretatik harago, badaude neurriak iradokitzeko moduak ere. Bruselak jopuntuan ditu langabezia saria, pentsioak eta BEZa. Troikarekin nahiz troikarik gabe horiek guztiak hurrengo aurrekontuetan etorriko direla argudia daiteke lasai asko, defizita %3ra jaisteko konpromisoa hartu duelako Espainiak. Baina orain Raxoik zailagoa du Europari marra gorriak jartzea. Kanpoan eta barruan esan dituen gezurretan eta erakutsi duen ezintasunean itota, zer erresistentzia egin ahal izango du?

Umiliazioa arintze aldera, erreskatea bankuentzat soilik dela nabarmentzen du Espainiako Gobernuak. Hara, zer lasaitua. Baina zer da okerragoa? Dirua eskatzea pentsioak pagatu ahal izateko ala bankuak salbatzeko? Lehenengoa, gogorra izan arren, ulertuko lukete herritarrek. Baina bigarrena irenstea gero eta zailagoa egiten ari zaie, ikusita orain salbatu behar direnak direla etxebizitzaren burbuila gehien puztu zutenak, eta hartatik etekin gehien lortu zutenak; ikusita burbuila horren leherketa beren bizi-baldintzen eta gizarte eskubideen okertzearekin pagatzen ari direla eta bankariak eta haiekin eskuz esku aritutako agintari politikoak ikertzeko —edo sikiera erantzukizunak eskatzeko— inolako borondaterik ez dagoela.

Beste kontu bat da nola erreakzionatuko duten merkatuek. Ados, azken egunotan, erreskatea gerturatu ahala, zertxobait askatu dute Espainiaren lepoaren gaineko presioa. Eta bihartik aurrera, zer? Gero eta estuago izan bada ere, Espainia gai izan da orain arte bere burua nazioarteko finantza merkatuetan finantzatzeko. Arrisku saria 500 puntutik gora egon arren, aurretik Greziak, Irlandak eta Portugalek pagatu behar izan zuten interes tasara ez da heldu. Eta bere kontu publikoak, kaskarrak izanagatik, ez dira hiru horien maila negargarrira iritsi.

Behin erreskatearen atea zabalik dagoela, inoiz gertatu behar ez zuena gertatu denean, nork ziurta dezake orain ez dutela Espainia merkatutik kanporatuko eta bigarren erreskatea —hori leungarririk gabe— ez dela jarraian etorriko? Inork ez.

Baina, lasai, gorriek gaur jokatzen dute, Polonian, Raxoi palkoan dagoela. Kazetariek han ez diote azalpenik eskatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.