Ertzainek istiluen kontrako materiala erabili beharra izan zuten. Beharra. Horixe da hitza. Horixe da sailburuak eta ertzain buruak erabili duten hitza, behin eta berriz. Hitz horretan dena jokatuko balitz bezala: boterearen eta indarraren legezkotasuna eta zilegitasuna, sistemaren oinarri nagusiak. Eta bai, hortxe jokatzen da dena. Hitz horrek erabakitzen du balantzak nora egingo duen. Bai poliziak gazte bat hil izana indarkeria zuzena ote den edo ez; bai gobernatzen gaituen sistema honen legezkotasuna zilegi ote den edo ez, eta baita indarra indarkeria den edo ez den.
Beharra. Beste erremediorik ez izatea. Beste jokabiderik ezin aukeratu izana. Horixe da botereak duen heldulekua, hitz fetitxea, egindakoa zuritzeko bidea. Baina ez da egia. Ez dago beharrik, ez dago beste erremediorik ez izaterik. Poliziak ez du zertan oldartu, eraso, jo, jazarri ez aurre egin inori. Ez du zertan istiluen kontrako materiala (berdin dio gomazko pilota eskopetak edo gomazko bala pistolak edo borrak edo gasak, berdin-berdin dio) erabili.
Kazetaritza fakultatean ere horrela ikasi genuen, beharra hitza ez zela erabili behar poliziaren karga bat kontatzeko. Behar hori ez dela objektiboa, ez dela inpartziala, interpretatiboa eta iritzizkoa baizik, eta hori idazten duen kazetariak gertaeraren alde batean kokatzen duela bere burua. Alegia, gomazko pilotakada bota duen poliziaren alde eta lurrean odoletan geratu den gaztearen kontra kokatzen dela.
Pilotakada bat botatzea erabaki bat da, ez behar bat; are gutxiago indarraren monopolioa duen eta herritarrak babesteko dagoen indar armatu baten kasuan. Poliziak egin dezake agertu ez, agertuz gero ezer egin ez, egon, pilotakadarik bota ez, borrekin jendea sakabanatu ez. Egin dezake. Ez du ezer egiteko beharrik, ez bada zerbait egiteko erabakia hartua duela. Eta erabaki guztiek behar dute bere ardura eta erantzukizuna.
Hildakoak, gorpuak espaloi gainean, ez dira bizi izanaren ondorio, heriotzaren ondorio, liskarren ondorio, gatazkaren ondorio edo ezbeharraren ondorio. Inork inoren kontra eskopetako katua sakatu izanaren ondorio baizik. Alegia, hildakoa inork hil izanaren ondorio da. Heriotza, liskarra, gatazka eta ezbeharrak euria dira, hala beharrez gertatzen direnak. Beste erremediorik ezean.
Joan den Ostegun Santuan Bilbon poliziaren pilotakada jaso eta Pazko Astelehenez hil zen gaztearen gertaera behar horren gainean dabilen funanbulista da. Hedabide publiko batzuetan, beharraren alde kokatu direnetan bereziki: «Cabacas hil zuen karga poliziala probokatzeaz akusatutako bi gazte atxilo hartu ditu poliziak». Muturreraino eraman daiteke beharra, erantzukizuna beste inori leporatzeraino. Ez dira atzean geratu polizia buru eta agintari politikoak.
Izan ere behar horrek funtsezko egitekoa du. Zilegitasuna bilatzen du. Beharrak behar du zilegitasuna. Behar hori gobernatzen gaituen erregimenaren joko araua dela onartzen badugu, poliziak gazte bat hil izana legezkoa izateaz gainera zilegi ere izango delako denon begietara. Fatalitate dramatiko bat, baina gerta litekeena, zilegia. Baina legezkotasunak joko arauak oinarri dituen bezala, joko arauek ere badute bere oinarria, eta oinarri hori indarra baldin bada, legezkotasunak ere indarra du oinarri, eta baita, hala beharrez, hortik datorkeen zilegitasunak ere.
Botereak gero eta indar handiagoa erabili, orduan eta handiagoa izango da horretara jarri beharko den jende kopurua, eta orduan eta handiago izango da indarra agindu eta erabiltzen duten horiek indarrarekiko duten dependentzia ere, indarra erabili behar hori. Indarraren eraginkortasuna berezkoa eta zuzena da. Ez du sinbolismorik, ez du eratorritako hertsadurarik, ez du soberako hitzik. Odoletan, ubelduta, txikituta uzten zaitu. Hilotz, inoiz. Beharra da indarra eta indarkeria bereizten dituen hitz giltzarria. Gero eta indar gehiago erabili behar horrek ez ote du indarra indarkeria bihurtzen, eta zilegitasuna erabat galtzen. Horretara aspaldi iritsiak ez ote garen. Galdera da zenbat behar gehiago irents eta jasan ditzakeen gizarte batek.
Katuajeak
Beharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu