Bada, Donostiako alde zaharrean, janari denda zahar ezagun bat. Dena du kutixia: lehenengo udaberriko zizak han izango dituzu, baita erriberako zainzuri freskoenak ere, eta lehen gaztainak, eta Milagrosko eta Etxauriko gereziak, eta artzain gazta naturalena, eta zer ez. Dena zumitzezko saskitxoetan eta euskal esku oihaletan txukun jarria, zeinek bere txarteltxoa duela, jakia zer den eta nondik datorren dioena. Gaztelera garbian beti. Salbuespen bakarra: Tomate ekologikoak.
Inork pentsa lezake, agian, denda horretan ekologikoa erosten dutenak euskaldunak, eta are euskaltzaleak, direla, eta horregatik euskarazko txartelak. Edo barazki ekologikoa dendara ekartzen duena euskalduna dela, eta haren hizkuntzari eutsi diola dendariak. Baliteke, baita ere, euskara baserriarekin eta baserriaren jatortasun eta zintzotasunarekin lotu izan den tradizio garbizaleari (hizkeran eta moralean) jarraiki, ekologikoa sortu den honetan, dendariak eremu sortzez garbi hori euskaraz baino ezin dela izendatu pentsatzea.
Produktuen eta hizkuntzen ekosistema horretan, euskara eta ekologia lotuta agertzen zaizkigu.Badira euskararekin egiten diren beste lotura batzuk ere. Esaterako, euskara eta indarkeriaren artekoa, indar mediatiko eta politiko handia duten batzuek oso zale direna. Lotura, berez ez da berria, baina hala ere aldiro-aldiro errepikatzen da: lehenago, euskarazko egunkari bat bortxaz itxita, eta azken aldian, euskarazko (eta ez euskal) kulturgileek ETAren aurrean ustez gorde duten isiltasuna salatuta. Hala ere, harrigarria ez da lotura hori egitea, harrigarria, logika berari jarraituz, gaztelera indarkeriarekin ez lotzea da, azken mendeetako historia odoltsu, zapaltzaile eta gerra zalearen ondotik.
Hizkuntza bakoitzak baditu bere balio eta kargak, bere kapital sinbolikoa. Euskara esan, eta zer datorkizu burura. Zer eta zertarako da. Gaztelera esan, eta zer, frantsesa esan, eta zer, ingelesa, eta zer. Gizartean betetzen dituen (edo betetzen ez dituen) funtzioen araberakoa da kapital sinboliko hori. Edo interesatuki egozten zaizkion funtzioen araberakoa. Alegia, botere borrokan jokatzen dela hizkuntza bati eta besteari zintzilikatzen zaizkion txarteltxoak.
«Ã‰ incoherente defender a lingua e ser machista». Orain egun gutxi, horrelaxe esan zuen Galiziako Hizkuntz Normalizaziorako Langileen Koordinakundeko lehendakari Nel Vidalek. Hizkuntza minorizatuaren defentsan zergatik egin behar den, aldeko diskriminazioa zergatik aplikatu behar zaion,berdintasunera iristeko politikak zergatik jarri behar diren martxan... Horretaz guztiaz ari zen. Bere arrazoiketaren oinarria, honakoa: justiziazkoa delako. Justizia sozialari dagokiolako hizkuntza minorizatuei ere gainontzekoen eskubide berberak bermatzea.
Eskubide eta aukera berdintasuna bermatzea, aniztasuna errespetatzea eta ahulagoa denari berariazko laguntza eman edota gune propioak zabaltzea dira nola ekologian, nola genero berdintasunean hiru printzipio nagusiak. Eta baita hizkuntzen arteko gatazkan ere. Berdintasuna, aniztasuna eta babesa. Horiek dira politikaren xedeak ere, baldin eta politika bere funtsean ulertzen badugu, politika justizia soziala helburu duen jarduna baino ez baita. Edo hala beharko luke.
Hortik, hizkuntza defendatzea baina ez emakumeen berdintasuna, inkoherentziatzat hartzea. Hizkuntzak defendatu eta bazterketa sozialaren aurrean itsu egotea ez dira ezkontzen. Baleen aldeko borrokan engaiatu eta hizkuntzaren defentsan egin ez, ez da erraz ulertzekoa.
Eta badakit posible dela euskaltzale izan eta matxista; euskaltzale eta kutsatzaile; euskaltzale eta beste hizkuntz batzuen minorizatzaile. Bestela esanda, ezkerreko eta euskararen kontrako; ezkerreko eta matxista; ezkerreko eta anti-ekologista. Edo beste modu batez: euskararen kontrako eta feminista, euskararen kontrako eta ekologista, euskararen kontrako eta norberaren hizkuntzaren inposatzaile. Posible da, egunero ikusten dugu.
Euskara, igual, salbatuko da gizarte matxista, kapitalista eta kutsatzaile batean. Baina gizon eta emakumeen arteko berdintasun, aniztasun ekologiko eta hizkuntzen arteko orekaren aldeko borrokan sartu garenez, ez al da aberatsagoa hizkuntza normalizatzeko bidean, hizkuntza horrekin diskurtso berdintzaileak eraikitzea? Ez al da, zera, ederragoa hemengo eta munduko beste puntako dibertsitate ekologikoa defendatzearekin batera, hizkuntza bera babestea? Ez al du merezi euskara, berreskuratzearekin batera, merezi duten balioz janztea? Gure buruak euskararen bitartez balioz janzten joatea?
Katuajeak
Euskara ekologikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu