Datorren ostegunean prentsa-askatasunaren eguna daukagu. Euskal Herrian egunotan egin diogu gorazarre Gernika munduratu zigun George Steer Times-eko berriemaileari. Bestelako mezurik ere jaso dugu, Elgetan. Iraina eta umilazioaren mezua, zenbaiten iritzian, horren gainetik terrorea hedatzeko asmoa irakurri dut nik, «egin genuen eta formal ez bazabiltzate nahi dugunean egingo dugu berriz ere». Baina terrorea lehendik ere bazegoen seinale, mundu guztiak mugikorrean argazki kamera daroan sasoiotan militarren irudirik ia ez izatea da: Europa demokratikoan poliziak inongo ardurarik gabe jartzen dira kamerak dantzan, Berlingo manifestazioetan kameralariaren atzetik arineketan ibilia naiz, hura polizia baten aldamenera zihoala, mutil bat atxilotzen zebilenean. Eta poliziak berak ostentzen zuen bere burua, kamera aurrean ez agertzeko. Burutik pasa ere ez kazetariari agindurik ematea. Gurean, istripuz sutea egon den etxe baten atarian grabatu eta udaltzaina etorria zitzaidan irudi eske, duela ez hainbeste urte. Udaltzainak lizentzia horiek hartzen dituen demokrazian, nork grabatu militarrak.
George Steer omendu da, eta prentsa-askatasunaren egunotan oroitu beharko dira Steer eta besteen lanerako ezinbesteko ziren bertako laguntzaileak ere. Luxuzko fixer, Lauaxeta. Prentsa-askatasunaren lehen biktimetarik gurean. Eta Gernikaren ondoren, Eguna, euskarazko lehen egunkaria jaio eta hil zutela ere 75 urte dira.
Horiez gutxi entzungo dugu datorren astean, eta asko Iranez eta Kubaz eta Siriaz. Baina asteon bertan Hondurasen beste kazetari bat hil dutela, eta estatu-kolpearen ondoren azken urte biotan 18 hil dituztela, inork gutxik nabarmenduko du. Afrikako azal beltza eta Antilletako indigenen garinagu hizkuntza duten garifunen irratia isilarazi zuten iaz, baina kazetari-elkarte ezagunek oihartzun gutxi horiei, Egin-eko kazetari eta langileez ahazten diren legez. Jabier Salutregi, Teresa Toda eta gainontzekoek lau urte eta erdi bete dituzte preso dagoeneko.
Bahrain, Siria, Etiopia, Tunisia, Nepal, Israel, Azerbaijan aipatuko dira maiatzaren 3an. Ez dira konparatzekoak agian, bizia arriskatu eta galtzen duten berriemaileak (bertakoak gehienak, Siriako sunita zein Bahraingo xiita, eta gutxienak mendebaldetik bertara doazenak), eta prentsak dituen bestelako arriskuak. Baina korporatibismoaz eta elkartasunaz harago, gogorarazi beharko dugu prentsarik txiki eta ahulenak larriago bizi dituela krisi sasoiak. Bizpahiru langileko kazetak behargin bat edo bi galtzeak itxiera dakarkio. Hizkuntza Gutxituetako Telebistei buruzko jardunaldiak egin ziren Bilbon abenduan, eta galeserazko BBCko eta Irlandako telebista gaelikoko arduradunek hausnartzeko datuak bildu zituzten. «Nola esango diot erreskatea jasan duen gure herriko biztanleari, Nazioarteko Diru Funtsak agindu bezala hogei ospitale itxi behar direla, baina telebista estrategikoa dela?», eta herritarrei emandako zerbitzuez, eta zuhurtziaz egin zigun berba. Telebistak bizi dira, ez ordea gaelikozko Lá egunkaria (hark ere «eguna» esanahi), eta galeserazkoa sortzeko egitasmoa ere ez zuten inoiz burutu.
Gurean, antzeko aitzakiez Nafarroako irratiak eta telebistak desagerrarazi dizkigute, ito-larrian daude hainbat hedabide, eta ez da inoiz berandu kazeta honek berak behar duen ziztada aldarrikatzeko. Armez ixterik izan ez zutenak oihartzun eta elkartasun olatua ekarri zuen, baina horien neurriko arriskuei aurre egiteko unea ere bada.
Une zailetan, ikusten ari gara diskurtso xenofobo eta aldarrikapen miserableenak irteten dira, Hendaiatik Estrasburgora Fronte Nazionaleko bozen ehizan. Hiltzaile islamista bat ibili da Tolosan, baina arrazismoa hauspotzeak dakarrena ere badakigu: Anders Breiviken epaiketa adibide. Eta horren esaldi gorrotagarrien aurrean, Norvegiako herriaz oroitu naiz. Hiltzaileak kultur aniztasunagatik salatutako Ostadarren umeak kantatzera irten dira Oslora. Ahotsa hartu dute, berba eta doinua. Kanta dezagun guk ere, Elgetatik Gernikara.
Leku-lekutan
Adierazpen askatasunaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu