urtzirrutikoetxea
Leku-lekutan

Anglosaxoniar eztabaidak

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Inoiz aipatu dudala uste dut, Geografia klase bat: Anglo-normandiar uharteak mapan adierazterik bai? Izenak berak ematen du pista nahikorik, egia esan. Hortxe, Bretainiatik iparrera eta Normandiatik ipar-mendebaldera dauden puntu txiki horiek dira. Frantziatik jauzi txiki batera, baina britainiarrak. Normandiera —frantses mintzaira— biztanleen ehuneko hiruk dakite doi-doi, gaur egun, baina uharteek burujabetza maila handia daukate: ez dira Europako Batasunean, ez eta Erresuma Batuko kide ere, Koroaren dependentzia baizik, Irlandako itsasoan den Man uhartea legez. Arrantzan eta turismoan oinarrituriko ekonomia izan zuten uharteok, harik eta 60ko hamarkadan abantaila fiskalak eskaintzen hasi eta hainbat enpresaren aterpe bihurtu zen. Kaiman uharteak edo Gibraltar bezain ezagun izan gabe ere, Anglo-normandair uharteek eta Manek dirua zuritzeko zerrenda beltzetan lekua izan dute luzaroan.

Azkenaldian, horratik, britainiar auzitegiek galga jarri diote uharteotako zenbait praktikari. Eta berehala piztu da eztabaida: «Herrialde txiki asko daude munduan ez eze, baita Europan ere, gu baino nabarmen txikiagoak, eta ondo moldatu dira burujabetasunarekin. Erresuma Batuarekiko lotura apurtzea onuragarri bazaigu, horretarako prest egon beharko genuke». Jersey uharteko ministro baten berbak dira. Ez ei dago independentziaren alde, eztabaida eta erreferendumaren aurka aztertzearen alde baizik. Oihartzuna Man uhartera iritsi da berehala: «Ez dut uste Erresuma Batuarekikoak eten beharko genituzkeenik. Baina, noski, Manentzako onena dena eztabaidatu behar dugu». Eta Zuberoaren erdia ez diren uharteotako hedabideetan independentziaren aldekoak eta aurkakoak irakur daitezke: burujabetzak eskuak libre izatea dakar, baina baita britainiar pasaportearen abantailak galtzea ere, Europako Batasunetik urruntzea...

Eskoziak berez dakarren eztabaida da. Galesko Plaid Cymruko Leanne Woodek esan du: «Eztabaida ez dago iraganera (historiara) begira. Potentziala etorkizunean dago. Eskoziako erreferenduma aukera zirraragarria da, ez uharteotako nazioen arteko harremanak baztertzeko, harremanok berraztertzeko baizik».

Benetan inbidia ematen du zer motatako eztabaidak ari diren jazotzen erreferenduma horren barneratuta dauden herrialdeetan. Shetland uharteek Eskozia independentean zein leku luketen aztertu dute. Londres edo Edinburgo biak dituzte oso urrun. Eta beste inork baino hurbilago Norvegia, 500 urteko ondare bikingoaren ondorio.

Britainiar liberalen kontuak direla pentsa liteke. Baina Europaz kanpo ere berdin-antzera dihardute. Ez Malvinetan soilik. Karibeko Turk eta Caico artxipelagoa Bahamen ondoan dago Ameriketan. Atzerri Ministerioko Commonwealtheko idazkari Henry Bellinghamen berbak: «Itsasoz Haraindiko Lurraldeek Erresuma Batutik onura jasotzen dutela uste dugu; bientzako onuragarri den lotura da. Baina argi utzi dugu, halaber, herritarren etorkizuna haien esku dagoela; autodeterminazioan sinesten dugu, ez gara neutralak horretan». Parlamentuan gehiengoa balego, erreferenduma egingo dute, eta hala bozkatuz gero, independente bihurtuko dira Turk eta Caico uharteak. «Oso erraza da, Turk eta Caico uharteetako herritarrek independentzia gura badute, haiei dagokie; horixe bera da autodeterminazioa».

Egia da, mundu osoan ez dago jarrera bera: indarkeriak gora egin du Papuan azken hiletan. Independentistek negoziatzeko dei egin diote gobernuari. Berba egiteko prest dagoela erantzun du Susilo Bambang Yudhoyono Indonesiako lehendakariak, baina mezu argia ere bidali die: «Papuaren independentziaren gaineko bozketari buruz hitz egin nahi baduzue, ez dugu ezer hitz egiterik».

Batzuetan hurbilagoak zaizkigu hirugarren munduko erregimen militaristetako berbak, hurbileko demokrazietakoak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.