XXI. mendean hiru estatuk lortu dute aulkia Nazio Batuen Biltzar Orokorrean: Ekialdeko Timorrek (2002), Montenegrok (2006) eta Hego Sudanek (2011). Beste hiruzpalau herrialdek independentzia aldarrikatu dute, baina onarpen osorik ez, eta ez daukate ordezkaritzarik NBEn. Kosovo da ezagunena, estatu gehienen onarpena daukana, baina asko dira onartzen ez dutenak oraindik. Asteazkenean galdeketa antolatu dute lau serbiar udalerrik: «onartzen dituzu Kosovoko errepublika deiturikoaren erakundeak?». Denak dituzte aurka, albaniarrak ez ezik, baita Brusela eta Belgrado bera ere, Europako Batasunean sartzeko oztopo direlakoan. Europa Hegoekialdeko Egonkortasun Itunerako koordinatzaile ohi Erhard Busek izan da denek buruan dutena adierazi duen bakarra: partizioaz, estatuaren zatiketaz negoziatzen hasi beharko lukete Pristinak eta Belgradok. Kosovo iparra Serbiara itzuliko litzateke, eta Serbiaren menpe dagoen Presevo albaniar harana Kosovora. Akordioa lortuta, mundu osoko errezeloak jausiko lirateke, Kosovo NBEn sartuko litzateke eta Serbiak EBrako argi berdea jasoko luke. Are garrantzitsuago, bateko eta besteko herritarren borondatea beteko litzateke.
Baina horrek mugak aldatzea dakar, eta halako dardarizoa dute batzuek horrelakoa irudikatze hutsarekin. Mundu hispanikoak dauka nabarmenen muga zurrunen, eta aberriaren defentsa sutsuaren jarrera hiperbolikoena. Guatemalak ez zuen Belize britainiarra onartu, Venezuelak Guyanako lurraldearen erdia baino gehiago aldarrikatzen du, eta Malvinak edo Falkland uharteak berriz daude titularretan. Buenos Aires Londres baino hurbilago dute, baiki. Baina britainiarrak dira biztanle guztiak, Argentinarekin inongo loturarik gabe. Motibo gehiago leukake Espainiak Gibraltar aldarrikatzeko. Baina ez dira hamar urte horretaz galdetu zutela, eta Espainiari ezetz esan zion herritarren %98k. Argi esanda: Espainiak ez du kilometro bakar bat lortu bertakoen borondatez. Ingalaterraren inperio erraldoiaren ondorio dira kolonia zahar horiek, baina duela hiru mendeko gerra batek argudiatu ote dezake egungo biztanleen estatusa?
Pragmatismoz jokatu ohi du Londresek. Bermudak ez bereiztea ebatzi zuen 1995ean. Gibraltarrek antzeratsu 2002an. Malvinetako biztanleek nahi balute, berehala lirateke argentinar. Eta Eskoziaren ondoren Ipar Irlandak Hegoaldeko errepublikarekin batzeko txanda dela jakinarazi du Martin McGuinnessek. Ez dute espanturik egin unionistek ere, beldur handiagoa diote orain Eskoziaren independentziari. Eskoziar sustraiak dituzte, ez ingelesak, unionista askok. Eztabaida luze doa. Denek dute argi Westminsterren baino hobeto egiten dituztela gauzak etxean. Eta Eskozia gabe, Ingalaterrak bostehun diputatu izango ditu 550 aulkiko Parlamentuan. Zein leku luke Galesek horrelako Erresuma Batuan? Galesko abertzaletasuna hizkuntzan oinarritu da historikoki, Eskoziakoa ez bezala. Eta paradoxa horri aurre egin behar dio: galeserak independentzia behar du, baina galeseraren aldarrikapenak ez dakarkio botorik Hegoaldeko industrial eta ingeles-hiztunean. Man uhartea aspaldi da burujabea, eta «guk ere bai» esan berri dute independentistek. Kornuallesek ere Ingalaterrako konderri izateari utzi eta bereizitako herrialdea izatea eskatzen duten abertzaleek geroz eta babes handiagoa daukate (baita Plaid Cymruren sostengua ere).
Eskoziak ilusio handia piztu du Europako hainbat herritan. Eta Euskal Herrian? Jeltzale bat baino gehiago liluratu da, zer esan abertzale suharragoez. Eskozia eta Euskal Herria dira independentziaren aldeko faktore gehien dituztenak, Karlos III. Unibertsitatearen ikerketaren arabera. 2014 Eskozia bada, 2016 Euskal Herria? 2018? Paradoxikoa dirudi, baina Independentistak Sareko kide batetik iritsi da ur hotza, «Benetan uste dugu independentziaren atarira iritsi garela?» zioen duela astebete. Lurraldetasuna omen lehentasun, «subjektua osatu eta indartu behar dugu euskal herritarrok eta katalanek, beste urratsik eman aurretik». Katalanek jaramon gutxi egin diote, eta prest dute Biltzar Nazionala, martxoaren 10ean aurkezteko eta 2014ko independentzia prestatzeko. Ondo dakite, dena ala ezer ez galdetzean, ezer ez izaten dela ia beti. Eskoziako olatua har lezakete Irlandak, Faroe uharteek, Kataluniak zein Groenlandiak. Baina ez Euskal Herriak, independentistek eurek onartzen badute oraindik ez dela unea. 1991ko olatua joan zen, eta 2014koa ere lehorretik ikusiko ei dugu, ontzia noiz beteko zain, duela bost mendeko batailak gogoratzen.
Leku-lekutan
Eskoziaren ondoren, nor?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu