urtzirrutikoetxea
Leku lekutan

Estatua, Europan ala kanpoan?

2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Vivianne Redingek, Europako Batzordeko ekonomia lehendakariordeak argi esan berri du, Katauniako Estatuak Europarko Batasuna utzi behar duen galdetuta: «Bai zera, nazioarteko araudiak ez dio horren antzekorik deus ere». Independentistentzako mezu positiboa dirudien horren bestelako bertsioa eman du Elmar Brok Euroganbera Atzerri arazoetako buruak: aitortu du ez dagoela kide bihurtzerik beste kideren batek betoa jarriz gero.

Bestela esanda: Europak ez dauka araubiderik, ez dauka ezer iragarrita katalanek «barne hazkundea» deitzen dioten horretarako. Hau da, Estatu batetik bi edo gehiago sortzeko hipotesia ez dute aintzat hartu orain arte. Auzia konplikatua da, baina aski logikoa ere bai: bikote bateko kideak edozein erako klub bateko kide badira, ez dirudi bikotearen baitako gorabeherek kidetzari eragin beharko lioketenik. Aldiz, mezua baldin bada Katalunia edo Eskozia ez direla Europako Batasuneko kide, horien estatu diren Erresuma Batua edo Espainia direlako kideak, bestelako ideia helarazten da: Katalunia edo Eskozia Europako Batasunean nahi badituzue, osatu ezazue estatua eta sar zaitezte izen horiekin.

Funtsean, mehatxua ez da Europa, estatua baizik. Eskoziak aurki iragarriko du erreferendumerako Londresekin adostu duen galdera. Hala, Londresek ez dio inolako blokeorik jarriko balizko Eskozia independenteari. Gogoan har dezagun, urte hasieran erreferendumaren bidea serio zihoala iragarri zuelarik, zein izan zen zalantza: ez Londresek Eskozia sartzen utziko zuen ala ez, Espainiak, mimetismoa eragozteko, betoa jarriko ote zion baizik. Azkenean, erantzun logikoa eman behar izan zuen Madrilek: sezesioa Londresekin adostuta baldin bazegoen, Espainiak ez zuen oztoporik jarriko. Ez genuen besterik behar.

Arazoa da, beraz, Kataluniari betoa Espainiak jarriko ote liokeen. Eta berriz ere ikusten dugunez, Auzitegi Konstituzionalarekin, armadarekin zein Europarekin mehatxu egin, pilota beti leku berera doa: Espainiara. Brokek argi esan zuen: «negoziatzea da gakoa, eta ez beste ezer», armada erabiltzerik ote zeukan galdetu ziotenean. Egun berean erantzun zuen Alejo Vidal-Quadrasek, autonomia kentzea eta Guardia Zibila bidaltzea eskatu zuenean txantxetan ibili zela. Grazia latza gizonak, bai. Ea antzekorik planteatzera ausartzen den, Gibraltar UEFAn onartu dutela eta. Ederra izango da Espainia-Gibraltar partidaren bat egokitzea zozketan.

Katalan elkarteak, herritarrak azken batean, sutsu ari dira lanean. Bideari serio ekinez gero, garrantzitsua da amaieraraino tinko heltzea. Nolabait esateko, bizitzako aukera da, hordagoa, herritarrak mugiarazi ondoren bururaino eroan behar dituzu, eta ez utzi ilusioa zapuzten, belaunaldi oso baterako galduko baita. Horrexegatik ari dira estu hartzen ArturMas. Erreferenduma lau urteren buruan gura duela esan berri du, eta hori da promesak lausotzen hasten diren denbora tartea. ERC eta Solidaritat alderdiek, gainera, ez dute akordiorik lortu hauteskundeetara independentistak elkarrekin joateko. Euskal Herriko ispilura begiratzean, garrantzitsua da aintzat hartzea zenbat denbora behar izan den Bildu sortzeko. Hauteskunde bezpera da horrelako egitasmo serioa osatzeko une txarrena.

Alderdietatik kanpo, katalan herritarrek eurek egin beharko diete agintari eta alderdiei presio berriz ere. Orain artean ederto behartu dituzte. Espainia oso urduri jartzea lortu dute (eta urduriago gaur, mundu guztiko milioika lagun Nou Campera begira daudela Els Segadors kantatzen hasten direnean). Ari dira lanean Europan ere. Eta ziur badutela bide orria zehaztuta. Hauteskunde sasoia daorain: flandriar independentistek itxaropen handia daukate gaur zortziko udal hauteskundeetan, hurrengo asteko EAEko bozekiko irrikaz daude katalanak ere, eta Kataluniakoak datoz handik hilabetera.

Ordurako, Eskoziak argituko du ziurrenik zein izango den 2014ko erreferendumeko galdera. Sinplea, argia eta laburra behar du. Eta, galdera kopiatuta, Eskoziaren lekuan Katalunia jartzen badute katalanek, arazo polita sortuko zaio Espainiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.