Iazko urtea independentzia erreferendum batekin hasi genuen. Handik urte erdira aldarrikatu zuen independentzia Hego Sudanek. Egunotan hilketen eta jazarpenen berri izan dugu. Nazio Batuen esku hartzea eskatu du Jubako gobernuak, eta hondamendi eremu izendatu du. Baina inori ez zaio burutik pasa lehengora itzultzea, Khartumek agintea hartzea. Droga gogorra da independentzia nonbait; inor gutxik nahi izaten du lehengoratu.
Aurten ere, estaturik gabeko bi lurraldek egindako erreferendum deialdien berri daukagu. Datorren hilerako antolatu dute Kosovo iparraldeko serbiarrek berena, Pristinako agintea —albaniarra; herrialdeko biztanleen %90 dira albaniarrak— onartzen duten jakiteko. «Kosovoko errepublikako erakundeak onartzen al dituzu Kosovo eta Metohijako iparraldean?», galdetuko dute. Eta ezetz esango dute, noski. Gauza da ba ote dagoen elkarrekin bizitzera behartzerik batera egon nahi ez duten bi herri. Eta Kosovoren adibideak badauka antzekotasunik Nafarroarekin.
Ekialdetik mendebaldera, Puerto Ricon ere estatusari buruzko galdeketa egingo dute azaroaren 6an, gobernadorea hautatzearekin batera —ordurako buruz jakingo dugu Mitt Romney eta beste hautagairen baten bizitza osoa, eta guztiz ahaztuta datozen asteetan orri ugari beteko dituzten Michelle Bachmann, Ron Paul, Rick Santorum eta beste hainbat. Artistak dira heroiak sortzen—. Auzia nahasiagoa da Ameriketan; egoera kolonialari dagokio. Bi galdera izango dituzte. Lehendabizikoa, estusa aldatu nahi duten ala ez. Aldaketa hautatuz gero, hiru aukera izango dituzte: estatu libre bihurtzea, erabateko independentzia edo AEBetako estatu bihurtzea —erabateko integrazioa—. Independentziak izan ohi du babes txikiena, eta integrazio osoak doi-doi ez du irabazi. Baina puertorricoarren erabakiak mugak ditu, Washingtongo Kongresuak eta presidenteak emaitza horiek nahieran erabil baititzakete. AEBek nekez onartuko dute herrialde behartsu eta latinoa bere barnean hartzea. Gerra Hotzaren logikan bazeukan funtziorik armada soldaduz hornitzeko, eta latinoamerikar gerrillen aurka. Egun, zama garestia zaio lau milioi lagun dituen uhartea. Paradoxikoki, independentista sutsuenek ere ez dute maite erreferenduma, auzi kolonialak deskolonizazio bidez konpondu behar direlakoan. Autodeterminazioan independentzia hautatzea zaila da metropoliarekiko menpekotasun handia dagoen kasuetan.
Independentzia auzia inon piztu bada, kurduen artean gertatu da. Pragmatismo politiketara modulatu izan dute azken bi hamarkadetan diskurtsoa alderdi kurduek. Bloke komunistaren erorketaren ondotik Ekialde Hurbileko mapak berriz marraztea ezinezko zela iritzita, egokitu zitzaien estatuek gutxieneko hizkuntza eta kultur eskubide batzuk onar zitzatela baino ez zuten aldarrikatzen. Iraken Anfal genozidioa sufritu ondoren lorturiko autonomian ere, berehala utzi zuten bazterrean independentzia, aliatu estatubatuarren lasaigarri.
Abenduaren 29ko Roboskiko sarraskiak —35 kontrabandista hilik— agerian utzi die kurduei ezinezko dela onartzen ez zaituenarekin bizitzea. Independentzia baztertu, autonomia baztertu, federalismoa baztertu, nortasuna aitortuta elkarrekin biziko diren errepublika eskatu eta errepresioa, atxiloketa eta sarraskiak baino ez dituzte hartu. Lehen, militarren gobernu kemalistak —Kemal Ataturken jarraitzaileak— zapaldu zituzten; orain, militar haiei aurre egin dieten islamistek. Ondorioa, antzekoa: heriotza eta ukazioa. Kurdistango bihotzean ere, nekazariei lurralde militarizatua ukatu ondoren ere, estraperloa beste bizibiderik utzi ez eta orduan estatubatuar hegazkinekin bonbardatzen dituzte. Lagun kurdu guztiek aitortu didate: «Ez genuen independentzia nahi, baina ezinezko da onartzen ez zaituenarekin bizitzea». Leyla Zanak—Sakharov sariaren irabazlea— «autonomia ez da aski» esan berri du. Irakek hondamendirantz hartu duen bideak ere kurduen independentzia grina hauspotzen du.
Esanguratsua Turkiako boterea daukan AKP alderdiko presidenteorde Huseyin Çeliken berbak: «BDP —alderdi kurdua— libre da Turkiaren zatiketaz edo sistema federalaz edo autonomiaz hitz egiteko. Parlamentuan demokratikoki egiten baduzu, armen itzalik gabe, askatasuna dago. Baina terroristak goresten badituzu, delitua egiten ari zara». Hurbilagoko kanta baten antza dauka, ezta? Antz handiegia, egia esan. Jose Luis Rodriguez Zapateroren zibilizazioen aliantzak fruitu gutxi eman ei du, baina kontrainsurgentzia taktika eta estrategia batzuk erraz pasa dira Madrildik Ankarara eta Euskal Herritik Kurdistanera.
Leku-lekutan
Galdetu eta galdetu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu