urtzirrutikoetxea
Leku-lekutan

Independentziara bidean

2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Hiru albiste nagusitu dira asteon munduan: Siria, Londres eta Espainia. Nork non egin, horrek arreta nagusia.Turkia sutan haserre da kurduek Sirian egindako urratsekin. Arabiarrak matxinatzea zilegi da, goitik behera salatu behar da suniten aurkako zapalketa, hiltzailea Damaskon zein Tel Aviven egon. Baina arabiartzeko asmoz lurrak kendu dizkieten kurduak altxatzen badira, orduan dardara egiten du Ankarak. Eta zakur amorratuaren moduan lehertu da Recep Tayyip Erdogan. Manipulazioak hasi du bidea: Baxar al-Assadek «terroristei» lurrak eman ei dizkie, Turkiak matxino sunitei babesaren kontraeraso gisa. Bost axola gezurra izatea, Qamishlin egunotan egondako borrokek argi adierazten dutenez. Erdoganek argi erantzun du, galdetu diotelarik ea Siriari erasoko dioten PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla nagusitzen bada: «Hori eztabaidagai ere ez da, emanda dator hori. Hori dugu asmoa, hori da egin beharrekoa». Izan zitekeen belatz sionista bat Gazari buruz berbetan, baina ez, Erdogan da, palestinarren babesle handia. Domina, ereserki eta malkoak ikusiko ditugu asteotan. Nik Afrin herriko lagun gazte baten zirrara ekarri gura dut. Durangon egon zen Siwar duela urte eta erdi, asteon egin dugu berba. Zaila da azaltzea zeinen hunkituta dagoen, bere herrian Kurdistango bandera ikusita.

Londresen, datu pare bat: duela lau urte ez zuen parte hartu Hego Sudanek. Aurten bai. Baina Kosovok ez. Serbiarekin akordioa lortu ezean jai dauka, mendebaldeak babestuta ere. Independentzia aldarrikatu daiteke eta estatu gisa funtzionatzen hasi, baina jatorrizko estatuaren onarpena lortu arte —borondatez zein behartuta—, bereizitako estatu berri batek ez du normaltasunik izango. Horretan ibili da Ban Ki-moon egunotan Belgraden eta Pristinan. Badira ukoan tematutako estatuak, eta badira errealitatea onartzeko arazorik ez dutenak: barkamena eskatu diote Joe Allen galestar futbolariari, eta Olinpiar Jokoetako liburuxkak berriz argitaratu, nazionalitatearen lekuan «ingelesa» zekarrelako.

Gales nazioa dela onartzeak ez du galestarren independentismoa hazten edo murrizten. Kataluniari naziotasuna ukatzeak, berriz, ekarri du independentismoaren hazkundea. Egunotan umiliazioa izan da nagusi Espainian: mezu arrazistak Empordako suteetan laguntza katalanez eskatu zutelako, eta zer esan Generalitateak asteartean erreskatea iragarri zuelarik. Morrontza hori gainditzeko finantzaketa eredu berriaren alde bozkatu zuten parlamentuan biharamunean, eta Artur Masek oharra egin zuen: Madrilen erantzunak «garrantzi handiko ondorioak izango ditu Kataluniaren eta estatu osoaren arteko harremanean». Estatutu urardotuari ezetz esan zioten legez aurreratu daiteke finantzaketari emango zaion ezezkoa. Bide orria argi markatu du Ferran Requejok El Temps astekarian: hauteskundeak aurreratuko ditu Masek, krisiak estatuak autonomien aurka egingo duelako, edo finantzaketa ukatutakoan. CiUk Ogasun katalanaren promesa baztertu eta erradikalago jokatuko du. «Gero koalizio gobernua eratu beharko lukete —ERCk eta CiUk gutxienez». Independentzia prestatzeko gobernua, dio Requejok, nazioartean batez ere: «Aliatuak bilatu behar dituzu edo, gutxienez, saiatu gutxitzen prozesuaren aurkako aktoreak. AEBekin, Nazio Batuekin hitz egin behar da, eta Europan aliatu egokiak izan. Argi izan behar da Katalunia Espainiatik joaten bada, Espainia ahuldu egingo dela, eta EBko estatu batzuentzat hori interesgarria izan daiteke. Hori guztia gertatzen bada, estatuak gogortasun handiz erantzungo du: mediatikoa, politikoa, juridikoa, nazioartekoa, setio egoera dei dezake edo autonomia suspenditu...». Ezker-eskuin zalantzei aurre egiteko: «Eguneroko kudeaketa ere egin behar da. Baina argi izanda zein den lehendabiziko helburua. Munduan Kataluniaren lekua indartzeko gobernua da. Eta ez dago indarketa hoberik, Europaren baitan estatu berria eratzea baino».

Zinez jakingarria da Requejok dioena. Etxeko lanei eta, batez ere, kanpokoei begira, horrelako sezesiorik ia inoiz gertatu ez dela jakitun: «Ez dago erreferente enpirikorik, eta gauzak zorrotz egin behar dira, urratsez urrats eta mugimendu bakoitzaren kostu eta onurak kalkulatzen. Hori diot batzuetan su-zelaiko independentismo moduko bat nabari dudalako, esaten duena katalanen esku dagoela soilik independente izatea. Ez. Prozesua askoz konplikatuagoa da. Bide horretatik joan behar dugu, baina ez da bide erraza. Helburuetan irmo eta sendoa izan behar da, baina egiteko urratsetan profesionaltasun handia, aliantzak, azkartasuna eta konplizitateak».

Bide orria markatzen du, baina orria idaztea, herri bakoitzari dagokio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.