Nazioarteko PEN Klubaren azken bilera Serbian izan zen joan den irailean. Ez zen euskaldunontzako lekurik abegikorrena, baina Balkanetan abegikortasuna zabala izan ohi da. Kontua da horrelakoak sarri erabiltzen direla, ohiko bilkuraz haratago, lekua jartzen duen herria erakusteko. Kosovoko kideak ere parte hartu zuen azkenean, horratik. Ez dira urte asko elkarri txantxa egiten genionetik, nork izango zuen aurrena estatua. Haiek lortu dute, eta oraindik ez da euskal internazionalista talderik izan, ez elkartasuna adierazteko edo ukatzeko, ezta prozesua bera bertatik aztertzeko ere. Errazago omen espainolez lasai ibil daitekeen Latin Amerikan etxetik ekarritako ideiak berrestea, auzien konplexutasunean kontraesanak agertzen diren Europako herrialdeetara joatea baino.
2014ko PEN kongresua eskoziarrek eskatu dute, noski, Edinburgon nahi gaituzte. Erreferenduma urrirako iradoki du Alex Salmondek. Kongresuak irailean izan ohi dira. Hirugarren rakija pattarrerako, eskoziar azentua ulertzen hasi nintzaion Glasgowko lagunari. Txinatik erbesteratutako uigurra bildu zen eztabaidara. Xuan Bello asturiarraren ipuina zirudien, Bretainiako kongresuan bildu ziren nazioena, porrotak bildu zituela gogoan. Eskoziarrari galtzaileen kluba utziko zuela gaztigatu zion uigurrak. «Zuek ez gaituzue utziko, ezta?» segidan niri.
Urte batzuk lehenago, Ipar Irlandako Newry hiriko pub batean nintzen, Hegoaldeko mugatik hur. Karol Wojtyla Aita Santuaren argazkia horma batean —pub errepublikar batean ikusi dudan bakarra, hori ere egia da—, Salouko hotelean zegoela kanporatu zutela ziostan irlandar preso ohi batek, ETAk udan leku turistikoetan egin ohi zituen erasoren batean. «Han zeuden, brit guztiak asaldatuta; ni, barreari eutsi ezinik, egoeraren absurduan, Irlandatik lasaitasun egun batzuetarako ihesi joan eta euskaldunek harrapatu!». Salou Katalunia zela aipatu nion, eta gure antzekotasun eta desberdintasunak; Tennent's pintak erraz sartzen ziren. «Hara, orain ere eskoziar garagardoarekin ari gara. Zuek gure antzekoagoak zarete, astakiloagoak. Eta uste dut katalanek eskoziarren antz handiagoa dutela». Garagardo arteko konparaketak, estereotipoak, badakizue.
Parentesia itxita, goazen Belgradera bueltan. Itzuli gara hotelera, azken trago baterako geratu gara katalanekin. Alde handiak eta hurbiltasun handia ere badugu. Hispanitatea, baiki. Baina mahaikide ditugun bizpahiru lagunak izan ziren Egunkaria kasua Bartzelonatik mundu erdira haizatu zutenetarik. Egin digute konfidentzia. Eskozia baino lehen egin gura dute erreferenduma. Bide-orria argi dute eta 2012ko martxoan abiaraziko dute. Helmuga, 2014ko Diada, irailak 11 dituenean. «Galdutako independentzia berreskuratuko dugu».
Atzo izan zen, baina nik herenegun idazten dut. Behetik gora egingo dute. Murrizketaz murrizketa diharduen gobernu neoliberaleko alderdia, eta hari hortzak erakutsi eta greba egingo dioten alderdi, sindikatu eta herritarrak, bietarik bildu dira Kataluniako Biltzar Nazionalean. Bildu dira autonomian sinetsi zutenak (mea culpa-rik ez Pujoli, ongi etorri baino, leziorik ikasi nahi balitz), bildu dira Espainia federala nahi zutenak, Katalunian bai baina Espainian federalistarik ez dagoela konturatu direlarik.
Guaiegi ikusi dituzte katalanak euskal abertzaleek askotan, inora ez doazen ekintza sinbolikoetan galduta. Espainiar analista zorrotzenetako batek zioskun, ulermen handiagoa zuela espainiar nazionalismoak Euskal Herrikoarekin. Egurra eman eta jaso, Espainia oso ondo mugitzen den logika da. Baina zailago zaio muturrekoa ematea burgeskume Europazaleari, gorbatadun neoliberal independentistari. Juan Jose Ibarretxe umiliatu daiteke Madrilen. Kataluniarrek bozkatutako estatutua iraindu izana garesti irtengo zaie.
Iazko apirileko Bartzelonako erreferendumaz gero, 250 herri-biltzar eta sektorial eratu dira (Eskuadra-Mosoak, azkenak). Atzo Biltzarra eratu, uda osoan hamar zutabe nazional osatu eta irailean Diada batua dakar bide-orriak. 2013an udal erreferendumak bultzatuko dira, Parlamentuan egiten ari diren legea hartuta, eta horrekin, udal independentisten sarea eratuta, 2014ko erreferenduma prestatuko dute. Eskoziarrek baino hilabete lehenago. Lurraldetasuna argi utzita: egungo erkidegora mugatuta, Valentzia eta Uharteak ez, Ipar Katalunia ere ez. Baina katalan estaturako erlojua abian da. Bigarren argi bat piztu da. Edinburgoz eta Bartzelonaz ari gara, ezSarajevoz, ez Grozniz. Bi urte eta erdi, 30 hil barru. Eguna jarrita dago.
Leku-lekutan
Kataluniako Biltzar Nazionala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu