Istanbulera itzuli naiz aldi batez, lagun zaharrei bisita laburra egitera. Egun ederrak izan dira hangoaz eta hemengoaz. Kazetariak, kexu, beti bezala. Espainiarrak urritzen ari dira. Espainiako egunkaririk ospetsueneko berriemaile gisa ageri zen kolaboratzailea ere etxera dator; udaberri osoan, hiru hilean, seiehun euro lortu ditu. Horrelakoak dira gauzak, bi urte Eurasiako hiririk garrantzitsuenetakoan bizitzen, eta hizkuntzarineurria hartzen hasitakoan, kontaktu mordoa eginda, etxera itzuli behar. Espainia beti beste aldera begira, Atlantikoaz haratago, Europaren edo Mediterraneoaren garrantzia ulertu ezinik.
Gurean ere ez da falta ikuspegi hori duenik. Zorionez bada Eurasiaren garrantzi estrategikoaz gain, continuum baten bizi garen herrien, hizkuntzen eta pertsonen bizipenak gurera ekartzen digunik. Bost urte baino gehiago dira elkar ezagutu genuela, Balkanei buruzko foroetan, ingelesez. Gero Istanbulera eta Kaukasoraino joan ginen elkarrekin. Titulurik gabeko zoro geniala, muturra sartzen hasi eta euskal kazetaritzan azkenaldiko lanik bikainenetakoa egin du Karlos Zurutuzak. Bere bidea lantzen, breaking news-ekin baino askoz gehiago inork gutxik hartuko ez dituen istorio zirraragarriekin, aitapontekorik edo izen handirik gabe. Rikardo Arregi saria jaso du, lehenago Argia-k eta Balutxistango diasporak saritu legez. Euskaratik mundura, espainieraren zubirik gabe natural diharduen kazetaria dugu, teoriarik gabe praktikan egin du denok ikasi beharreko bidea. Astean behin edo birritan bidaliko diogu elkarri hemengo eta hango albisteren bat, eta ez dut gogoan inoiz espainierazko konturik igorri izana. Euskal hedabideetatik EFEko teletipoak ezabatuta, nazioarteko sailak desberdinak lirateke.
Istanbulgo liburu-denda batean Mizgin Arslanekin ere geratu naiz asteotan tea hartzeko. Bere dokumentalaren azken bertsioa utzi dit, etxera bueltan ikusi dut hegazkinean. Indartsua da, eta loturak sortzen dira gogoan halabeharrez. Idatzi nuen duela hil batzuk: Josu Martinezen Itsasoaren alaba dokumentala ikusi genuen bere etxean, eta Errioxako ardoa, eta Mikel Laboa gero, eta pisukideak Dersimgo sarraskiaren oroitzapena Gernikarekin lotu, eta orduak aurrera, eta egin nahi zuen filma argi ikusi zuen. Maxmurgo iheslari eremutik itzuli berri zen Mizgin artean. Duela hogei urte ireki zuten Irakeko Kurdistanen, Turkiak txikitutako herrietako iheslariek. Haren defentsan hil zuten Mizginen aita gerrillaria. Alabak GALen krimenak ikusi eta argi ikusi zuen zer egin nahi zuen. Pasaian idatzi zuen gidoia. Orain Donostiako zinemaldian estreinatu nahiko luke. Eta horregatik, edo parean egokitu delako, otsailean atxilotu zuen Turkiako Poliziak, hilotan milaka alkate, abokatu, kazetari eta kulturgile legez. Galdekatu eta libre utzi zuten, «dena esan nien, ez nuen ezer ezkutatzeko. Espainiara zertara joan nintzen ere galdetu zidaten. Idatzi egiten dut. Zinegilea naiz eta filmak egiten ditut». Ia iraingarria den xalotasunez mintzo da Mizgin. Jakina ez zeukala ezkutatzekorik, izanda ere aski lukete polizia-etxera deitzea, ordu txikietan etxera sartu beharrean. Baina kaltea egina dago. «Astebetez izutu egiten nintzen norbait kurdueraz entzutean, amak telebista kurdua ikustean ere aldatzeko esaten nion, horrek arazoak ekar ziezazkigukeela jakinda».
Hurrengo filma lantzen ari da. Esperientzia propiotik hori ere: milaka haur kurdu familietatik urrunduta hezten dituzte Turkiako estatuko eskola xenofoboetan, kurduera debekatuta eta turkiartasun harroputza ezartzen. Bere esperientziatik umorezko filma egin daitekeelakoan dago. Lehen eszena ere argi du: umeak olgetan dabiltzala, errepublikaren sortzaile Mustafa Kemal Ataturken bustoa jausi eta txiki-txiki eginda geldituko da. Zaila da probokazioaren neurria azaltzen, espainiar bandera bat erretzen agertzea ere gutxi da konparazioan. Tira, kontua da filmerako diru-laguntza eskatu diola Turkiako Kultura Ministerioari, eta lortzeko itxaropena ere badaukala. Ez dakit xaloegia dudan laguna, edo euskaldun sortzaileok eskizofrenia handiegian bizi garen. Turkian (Turkian!) ministerioak lagun dezakeena, alderdi bat legez kanpo uzteko aitzakia bihur daiteke Espainian. Akaso geu ginen xaloegiak, eta Barrura begiratzeko leihoak ireki zitezkeela uste genuen. Baina nazioartean ibili garen kazetariok aspaldi badakigu: errazago da Ekialde Hurbileko edozein matxinori erreportajea egitea, Arnaldo Otegirekin aurrez aurreko elkarrizketa baino.
Leku-lekutan
Korporatibismo pixka bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu