Leku-lekutan

Matxinadak eta galderak

urtzirrutikoetxea
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Joan den astean —eta aurrekoan eta...-— milaka eta milaka lagun irten ziren Bilboko kaleetan. Unai Iturriagak idatzi du Autonomia kaleko asfalto higatuaz. Bildu legezkoa zela aldarrikatu zuten gau magiko hartan ere, inozoegia da pentsatzea Bilboko jendetzaren oihartzuna Madrilgo auzitegietako bunkerretara iritsi zela. Katalanek beren buruari emandako estatutua aldatzeak milioi bat lagun irtenarazi zituenean ere, Madrilek itsu eta gor jarraitu zuen.

Eskarmentu horrek eragozten dit beharbada iraultza zibikoetan asko sinestea. Gaur kutsu erromantikoz oroitzen dira duela hogei urteko protestak Ekialdeko Alemanian, Errumanian, Baltikoko herrietan; eta gerora Ukrainan, Serbian. Ezkerraren zati handi batek, berriz, Washingtonen —edo Parisen edo Berlinen, kasu batzuetan— konplot gisa ikusten du. Eta, ondorioz, gaitzesgarri dira protestok, ez dute benetan iraultzaile etiketa merezi. Arraultza ala oiloa, zer da lehenengo? CIAk iraultza muntatu eta herritarrek konpartsa egin ala herritarrak matxinatu eta Mendebaldea aprobetxatu ura bere errotara ekartzeko? Areago, batak zein besteak —eta gauzak gutxitan dira zuri eta beltz—baliogabetzen ote dute herritar soilen egiazko protesta?

Aipaturiko iraultza bakoitzarekiko badago ehunka daturekin frogaturiko konspirazio-teoria bat, dena Mendebaldeko bulego batean prestatu zela agerian uzteko. Eta esan dut neuri ere aski nekeza zaidala sinesten manifestariek erauzitako tiranoen irudi erromantikoa. Manifestazioengatik balitz, aspaldi konpondu genituen Euskal Herriko arazoak. Zalantzarik ez, badira azpiko urak ageriko irudien behetik. Eta une batean, tiranoak alde egiten du, itxuraz, manifestarien oldarraren ondorioz. Ez da askorik usnatu behar nazioarteko presioa, armadaren bultzada edo traizioa edo alde-aldatzea eta antzekoak ikusteko.

Zer eztabaida izan ote zituzten Anaia Musulmanek, Egiptoko armadak, Washingtonek eta Israelek Mubarak erortzen utzi baino lehen pasa ziren asteetan? Erasotzaileek amorru soilez hil dute Gaddafi ala Berlusconik/Sarkozyk gogorarazi diete hilotz batek sekretu guztiak gordetzen dituela? Biztanleria zibila babesteko birrindu ote ditugu—gure zergetatik erositako bonba eta hegazkinekin— Surt eta Bani Ualid? NATOren arrakasta izan da? Libiako erregaiak lortzeko? Arma-biltegiak hustu eta armagintza negozioak bultzatzeko? Baina Frantzia ez al zegoen prest uztailean Gaddafi onartzeko, kanpaina ez atzera ez aurrera zegoela ikusita?

Tunisiar gazte twitter zaleek iruzur egin ote digute, gazte moderno gisa agertu eta gure putakumea (Michele-Alliot-Marierena bereziki) kanporatzeko eta gero bizarra hazten utzi eta islamismoaren alde bozkatu? Libiako demokratek esan ote zioten Sarkozyri xaria izango zutela lege-iturri? Karlos Zurutuzak erreportajeetan erakutsi dizkigun matxino berbereak NATOko agenteak ote? Eskola eta kazeta amazigak, hizkuntzaren aurkako Gaddafiren errepresioa gezurretakoak ote?

Garai nahasiotan, pribilegioa da distantzia pixka batekin behatzea. Tunisiatik Siriara, Yemendik Bahreinera matxinatu diren gazteek, 2009an Iranen altxatu zirenak legez, kokoteraino daude itxaropenik ematen ez dieten tiranoez. Bizardun xiita antiinperialista edo sasi-sozialistak batzuk, inperioaren adiskide eta kolaboratzaile fin besteak, Saudi Arabiaren pantaila hurrengoak. Mendebaldeak luzaro jakin du matxino zintzo eta terrorista ankerren artean bereizten, lotsa izpirik gabe. Ustezko ezkerraren zati batek, tamalez, antzera ukatzen ditu bere buruzagien sarraskiak.

Ezer ez egitea ere zerbait egitea da (Srebrenica, Ruanda). Iranen edo Siriaren krimenak «barne-arazoak» direla esatean, Damaskorekiko kritika txikienik egin gabe, Irango gazte sozialista batek esan zidan mezua iristen zaie: nahiago genuke Suitzak edo Norvegiak askatzea, baina Israel edo AEB izan behar badira, bada, horiek libra gaitzatela apaiz hiltzaile hauetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.