Leku-lekutan

Udaberriko alergia

urtzirrutikoetxea
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Arabiar udaberriaren ondoren, udagoienak Mediterraneoaren beste aldera eroan du erauntsia. Jadanik ez dakigu artikulua idatzi eta argitaratu bitartean eurorik izango ote den ere.

Mediterraneo ekialdean berriz, gerra-hotsak irudikatu nahi izan dituzte Israelgo aginte ofiziala daukatenek. Iranen aurka IAEAk egindako txostenak («ez dakigu bonba egiten ari den, baina ari liteke» gutxi gorabehera), are gehiago indartu beharko lituzke Tel Avivekoen mehatxu horiek. Hala esan du Benjamin Netanyahuk, halaxe bere ministroek. Eta hala ere, argi eta garbi esan du Uri Gellner bakezale israeldarrak, ez da erasorik izango. Lehendabizi, agintea ez dagoelako gobernuan, eta berariaz filtratu ei du Mossadek erasotzeko ustezko asmoa, inork tentaziorik izan baleza ere. Ahaztu ditzagun Iranen neurriko herrialde baten egon litezkeen instalazio nuklearrei erasotzeko zailtasunak, agerikoak eta lurpean egon litezkeenak. Ahaztu, aski kalkulatuta egongo baita, zer nolako ondorioak sortuko lituzkeen, Iranen kontraerasoa ez eze, Hizbulla iparraldeko mugazain izanda.

Lehen motiboa Estatu Batuekiko menpekotasuna da. Nicolas Sarkozyk eta Barack Obamak Cannesen izandako solasaldia entzutea argigarria izan da. Estatubatuarrak frantsesari Unescon Palestinaren alde emandako botoa aurpegiratzean, Netanyahu gezurtia dela esan Sarkozyk eta hawaitarrak «esadazu hori niri, egunero harekin hitz egin behar dut eta». Britainiarren aurka matxinatu zirenetik, arabiarrak izan dituzte beti begi puntuan etsai israeldarrek. Eta beti Washingtonen babesarekin. Txikikeriak denak, Iranen aurka gerran sartzeak dakarrenaren aldean. Baina horrez gain, pentsaezina da AEBen babesik gabe ekitea, eta AEBek Iranen aurka joz gero, Israel baino aliatu hobeak nahiko lituzke eskualdean. «Harreman hau (Israel-AEB) haustea gure salbamendu soka moztea da. Horretarako, zoratuta baino gehiago egon behar da. Yon Kippurgo gerran Henry Kissingerrek 24 orduz hornitzen gintuen aire-trena zeukan. Eta gerra hori picnic hutsa zen Iranekiko gerrarekin alderatuta» esan du Gellnerrek.

Baina Netanyahu edo beste norbait zinez pitzatu balitz, argi dio Gellnerrek gerrarik ez izateko arrazoi nagusia: mapetara begiratzea aski da. Ormuzko itsasartea 35 kilometro da doi-doi, eta hortik pasatzen da munduko petrolioaren herena, Saudi Arabiatik eta Pertsiar Golkoko herrialdeetatik. Inork uste du, mundua dagoen dagoenetan, petrolio-hornikuntzari astindua emateko gisan dabilela?

Israelek ez du erasoko beraz. Hau da, erasorik badago, Estatu Batuek bideratuko dute. Oraingoz, errazago dirudi Siriari ekitea. Damaskoko erregimenaren odolustea (BBCko Sue Lloyd-Roberts-ek lortu du Homs hirira sartu eta grabatzea, merezi du interneten bideoa ikustea), beste aro baten sartzear ei dago. Turkia matxinoen alde —eta armatu ez baditu, ez dio eragozpenik jarri oposizioaren Siriako Armada Librea bere eremuan egon dadin—, hilketek etenik ez, eta Iraketik alde egitear estatubatuarrak. Berriz ere kurduak erdibidean, Assaden biktima batzuk, eta Ankarak Assadi leporatzen PKKren babesa. Ondo zoroa mundu hau. Mediterraneo hegoaldetik iparrera iritsi da ekaitza. Baina ekialdeko xake-piezan Siria esateak Israel, Palestina, Libano, Turkia, Kurdistan, Irak eta Iran esan nahi du gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.