«Andre askok ezin dute harreman hori moztu»

Mendekotasun emozionala sortzea da indarkeriazko harremanen ezaugarrietako bat. Norma Vazquezek azpimarratu duenez, garrantzitsua da hori kontuan hartu eta emakumea errudun ez bihurtzea.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
jone arruabarrena
Orio
2023ko ekainaren 06a
00:00
Entzun
Psikologoa eta ibilbide luzeko militante feminista da Norma Vazquez (Mexiko Hiria, 1960), eta arlo profesionalean bi eremuak uztartu ditu urte luzez. Orioko Herriko Plazan (Gipuzkoa) elkartu da BERRIArekin, han baitabil Sortzen elkartearekin, herrian maiatzean izandako hilketaren ostean herritarrei arta ematen.

Indarkeria matxista jasan duten emakume askok berriz hasten dira erasotzailearekin harremanetan. Nola ulertzen da hori arlo psikologikoan?

Jendeak uste du harremana mozten duzula, eta listo. Baina ez da horrela. Are gutxiago indarkeria egon den harreman batean, erasotzaileak xantaia emozionala eta bestelako mekanismoak erabiltzen dituenean, eta, askotan, emakumearen ingurukoek ere ez uzteko esaten diotenean, haren seme-alaben aita delako, eta horrelakoak. Oso zaila da lotura afektibo bat moztea, eta andre batzuek ezin dute harreman hori eten. Ez da ez dutelako nahi, baina ezin dute, emozionalki harremana apurtu arren bizitzako beste hainbat arlo partekatzen dituztelako bikotekide horrekin.

Indarkeriazko harremanetan egon ohi den mendekotasun emozionala beste mota bateko adikzioekin alderatu daiteke?

Ez. Alkoholak edo beste droga batzuek bizitzari aurre egitean ditugun hutsuneak betetzen dituzte. Harremanek, ordea, hutsuneak bete baino gehiago egiten dute. Baliteke emakume batek erasotzailearekin duen harremana apurtzea, baina harremanetan daukan patroi jakin bat aldatzea askoz konplexuagoa da. Urteak behar dira harremanak egiteko modu hori aldatzeko. Bestalde, badakigu tabakoak kalte egiten digula, kanpainak ditugu horren kontzientzia hartzeko, eta nikotinazko partxeak dauzkagu. Halako harremanetan, ordea, gizarteak esaten du zure eginbehar nagusia bikotekidea eta familia zaintzea dela.

Ikusi gehiago:Bortxaren harea mugikorretan

Emakumeari bota ohi zaio errua erasotzailearengana itzultzen denean. Zer eragiten du horrek?

Emakumeak geroz eta laguntza gutxiago eskatzea dakar, eta gizonak botere handiagoa izatea. Haren egoera ulertzen saiatu beharko genuke, eta ez epaitzen. Erasotzailearekin bueltatzen bada ere, esan: «Lasai, uztea erabakitzen baduzu, nik hemen jarraituko dut zu babesteko». Andre askok urteak ematen dituzte harremana guztiz moztu arte, eta bakoitzak bere denbora behar du.

Zer hutsune dituzte arriskua neurtzeko erabiltzen diren sistemek ikuspegi psikologikotik?

Batetik, ezin dira finkoak izan. Egoera aldakorra da, eta, beraz, neurketa ere astez aste egin behar da berriro. Bestalde, ezin dira partzialak izan. Ikuspegi osoa izan behar da balorazioa egiteko, eta, horretarako, gizarte zerbitzuak, Polizia... koordinatu behar dira. Eta azkenik, ezin da emakumearen ikuspegia soilik kontuan hartu; esaterako, esaten badu ez daukala beldurrik. Bikotekideek edo bikotekide ohiek hil dituzten emakume gehienek ez zuten beldurrik; etxera sartzen utzi zioten; harekin hitz egin nahi izan zuten.

Batetik, kontuan hartu behar da emakume horrek esaten duena, baina, bestetik, ezin da hori bakarrik kontuan izan. Nola lortzen da oreka?

Nik sinesten dizut esaten dugunean, esan nahi dugu sinesten dugula indarkeria pairatzen duzula. Baina, profesional gisa, badakigu zein den indarkeriaren dinamika, eta emakume horrek oso begirada baldintzatua daukala. Askotan gertatzen da, harreman batetik ateratzean, pentsatzen duzu: Nola onartu nuen tratu hori? Baina horrelako harreman batean egotea koadro bati milimetro gutxi batzuetara begiratzearen parekoa da: beharrezkoa da pixka bat urruntzea gertatzen dena bere osotasunean ikusi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.