Nafarroako hezkuntza komunitateari unitate didaktiko bat aurkeztu genion joan den udazkenean, 1978ko Sanferminak Trantsizioaren testuinguruan izenekoa, alegia. Zilegi da nork bere buruari galdetzea beharrezkoa ote zen egitea. Irakasleei eskatzen ahal diegu denbora sartu eta ahalegintzea proposamen hori praktikan jartzeko? Irakasle horiei mereziko lieke bere eskola eta programazioetako denbora zati bat sanferminetako egun batean izandako «zorigaiztoko gertaerak» lantzen erabiltzea?
Bistan da: 1978ko sanferminak gorabehera isolatutzat, hainbat pertsona, banaka, modu hunkigarrian, jo zituzten zorigaiztoko istriputzat hartzen dituztenentzat, bestelako garrantzirik ematen ez dietenentzat, erantzuna ezetz izanen litzateke. Baina uztailaren 8ko hura gorabehera hutsa ez zela uste dutenentzat, gure hiriaren, are gure herriaren irudikapen kolektiboa eratzen lagundu duen gertaera historikotzat jotzen dutenentzat, erantzunak baietz izan beharko luke. 1978ko sanferminak ez baitziren «gorabehera bat» izan, gertaera historikoa baizik, eta bata eta bestea ezberdintzen hasteagatik, horregatik bakarrik, uste dut sanfermin haiei buruzko unitate didaktiko bat aise sar daitekeela ikasgelan.
Nik ez nituen 1978ko sanferminak bizi. Ez nintzen han egon, oraindik ez nintzelako jaio. Alabaina, beti jakin izan dut zer gertatu zen egun hartan. Niretzat, sanfermin horiek historiaren zati bat izan dira beti; aitona-amonek, aita-amek, auzokoek… hiriak eta sanferminek berek bizirik mantendu duten historiaren parte. Historialari naizen aldetik ere, beti interpretatu dut 1978ko sanferminak frankismotik demokrazia espainiarrerako trantsizio asalduzko prozesuan mugarri izan zirela.
Oroitzapena bizirik mantentzea eta transmititzea izan da, nire kasuan eta Iruñeko gazte askorenean, gure historiaren zati hori ezagutzeko eta aldarrikatzeko modua. Belaunaldi oso baten memoria eta oroitzapena bizirik mantentzeko ahaleginak, urtero uztailaren 8ko mobilizazioak, han egon zirenen ahotik entzun ditugun hamaika istorio... horrek guztiak eragin du guk, naturaltasun osoz, gure egitea 1978ko sanferminak Iruñeko historiaren parte direla.
Ahozko transmisioa eta memoria historikoa berreskuratzeko borroka funtsezkoak izan dira eta horrela izaten segituko dute, baina uste dut beharrezkoa eta posible dela beste urrats bat ematea eta oroitzapenari ikuspegi historikoa gehitzea; hau da, 1978ko sanferminek Iruñean, Euskal Herrian eta Estatuan trantsizioa ulertzeko izan zuten funtsezko eginkizuna aldarrikatzea, gertaera isolatu bat, «zorigaiztoko istripu bat» izan zela mantentzen duen interpretazio ahistorikoaren aldean.
Francoren heriotzaren ondoz ondoko urteak gatazkek markatu zituzten. Etapa berria zabaldu zen non dena, demokrazia barne, posible zela irudi baitzuen; baina diktadura batetik demokrazia bateranzko iragan prozesuari buruzko ikusmolde antagonikoak aurrez aurre jarri ziren. Jendarte zibilaren parte batek demokrazia oinarrietatik, langileen batzarretatik, auzo elkarteetatik, ekologismotik, autogestiotik edo feminismotik, eraiki nahi zuen bitartean, Estatua, oraindik frankista, uneoro saiatu zen prozesua kontrolpean mantentzen, bulego eta adostasuneko politika ofizialaren eremuan, argi gutxirekin eta ia takigraforik gabe.
Behetik, hots, Estatuaren babes edo mendekotasunik gabe heldu zen proiektu, mugimendu edo aldarrikapen ororen aurkako errepresioa funtsezkoa izan zen prozesua karrikatik ateratzeko eta negoziazio politikoaren eremura eramateko. Horrela, 1976an Gasteizen eta Jurramendin gertatutakoa, Atochako sarraskia 1977an, sanferminak eta Oreretako polizia okupazioa 1978ko udan, Gladis del Estalen erailketa 1979an… haustura eta erreformaren, mobilizazio eta errepresioaren, hautabide soziopolitiko eta Estatuaren arteko enfrentamenduaren parte izan ziren.
Ildo horretan, 1978ko sanferminek dimentsio historikoa hartzen dute, talka horren ondorioa izan direlako eta, hortaz, Trantsizioan zehar Nafarroa eta Euskal Herriaren egoeraren isla direlako; orduko jendartearen aldarrikapen, asmo eta ilusioen, tentsio, kontraesan eta gatazken isla. 1978ko sanferminek hitz egiten digute amnistiaren aldeko borrokez, zein ez baitzen gauzatu 1977ko lege partzial, mugatu eta iruzurti harekin; langile eta erakunde sozial eta politikoetako kideen aurkako errepresioaren kontrako borrokez; Nafarroa-Euskadi auziaren baldintzatzeaz, jendarte nafarraren aurrean Euskal Herri osoan pil-pilean zeuden aldarrikapen sozial eta nazionalei zilegitasuna kendu nahian; herri elkartasunaz eta jendartearen mobilizazioaz; greba orokorrez edo borroka egunez. Trantsizioa eredugarria eta adostua izan zela defendatzen duen kontakizunak oso gutxitan ukitzen dituen alderdiez, gatazkatsuen eta bortitzenez, mintzatzen zaizkigu.
Horregatik beti pentsatu dut eta, historialari naizen aldetik mantentzen dut, 1978ko sanferminak Iruñeko, Nafarroako eta Euskal Herriko historiaren parte direla. Sanfermines 78 gogoan! ekimenak sustatutako unitate didaktikoak gertaera haiei dagokien tokia ematen lagundu nahi du. Espero dezagun egindako lanak bere emaitzak ematea eta egunen batean gertaera haiei buruzko egia modu ofizialean aitortua izatea, justizia egin dadila eta, modu sinbolikoan bada ere, biktimei ordaina eman dakiela. Bitartean, urtero bezala, oroitzapena bizirik mantentzen jarraituko dugu, aurtengo uztailaren 8an ere, eguerdiko ordu batean, Germanen hilarriaren ondoan.
1978ko sanferminak: unitate didaktiko bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu