2012ko aurrekontuak, etorkizuneko inflexio puntu

2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiko 2012ko aurrekontuak egungo erakunde zaharkituetatik garai berrietara egokitutako erakunde eraginkorrak egituratzeko inflexio puntu izan behar dira.

Kontuok aztertzen hasita, ezin gara mugatu, orain arte inplementatu diren politika neokapitalisten balorazioa egitera edo irakurketa tekniko ekonomiko bat egiterahuts-hutsean. Saiatu beharko ginateke aurrekontuetatik haratagoko irakurketa politiko, sozial, instituzional sakonagoa egiten, dagoeneko gauden agertoki politiko berria ere erakundeetara eramateko, berauek gizartearen beharretara egokitzeko, herritarrak dituzten beharrak benetan erantzun ditzaten. Benetan gizartearen isla izan daitezen.

Azken urteetan aurrekontuek egin duten ibilbidearekin, zera ondoriozta genezake: krisiaren aurrekontuak direla. Garai aldaketarenak. Aldaketa, zentzurik zabalenean hartuz: mundu mailako krisiak erakundeetan izandako eragina, krisiari aurre egiteko instituzioen gaitasun eza (erakundeek ez dutela krisia sortu, baina konpondu ere ez), aplikatu diren neurriek krisia arindu beharrean sakondu egin dutelako, eta dituzten bitartekoak —inbertsio soziala, fiskalitatea eta planifikazioa— erabiltzeari uko egin diotelako. Eta, nola ez, erakundeen arteko eskumenak, organoak, sozietate publikoak arautzen dituzten legeak ez direlako ukitu nahi izan, euskal udalen legea edo Lurralde Historikoen legea, esaterako.

Gipuzkoako aurrekontu propioa 679 milioi euro izango da. 2007koa821 milioi euro izan zen, eta 2008koa, 799 milioi euro. Iazko aurrekontuetatik %19 jaitsi da. Datuetan sakontzen jarraitzen badugu, ikus genezake Foro Aldundiaren baitan, departamentuak elkartu arren, departamentuen aurrekontua behera joan dela. Azpimarratzekoak Kultura, Gazteria eta Kirol departamentua (-19%), Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko departamentua (-32%) eta Ingurumena (-38%).

Departamentu horiek kontuan hartzekoak dira, beraien jaitsiera ez delako soilik 2011tik 2012ra izan, aurreko urteetatik dator, eta jaitsiera beti lineala izan ez den arren, orotara, balantzea negatiboa izan da.

Progresibitatea galtzea eta diru sarrerak etenik gabe gutxitzea ekarri duelako, ahantzi ezin dugun beste datu objektibo funtsezko bat: 2006an ezarri eta urtez urte sakondu duten erreforma fiskala.

Beraz, datu guztiak aztertu ostean, zera ondoriozta genezake: goia jo dugula, ez dagoela diru sarrera eta gastuaren arteko orekarik, zorpetzea jasanezina dela, gizartean dauden beharrei eta sortu ditugun beharrei erantzun ezinda gabiltzala eta estaldura soziala mantentzeko eta areagotzeko zailtasunak daudela.

Datu ekonomikoak erakundeetatik ezartzen diren politiken ondorio besterik ez dira. Azken urteotan agerikoa izan da daukagun eskumen funtsezkoena, fiskalitatearen tresna, ez dela behar bezala erabili. Eman zaion erabilera erakundeak ahultzeko eta herritarren artean bidegabekeria gehitzeko izan dela; populismoarekin makilatuz, baina gehien dutenak gutxiago aportatuz ogasunari eta zama fiskala langileriaren bizkar utziaz.

Horrek ondorio latzak dakartza guztiontzat, sistema publikoa ahultzen duelako inoiz baino behar handiagoa dagoenean, zailtasunak daudenean herritarrei babes soziala eskaintzeko, erantzunak emateko udaletxeen bidez, Osakidetzan, hezkuntzan…

Erakundeetako inbertsioak azpiegiturak eraikitzera bideratu dira. Hori izan da ekonomiaren sustapenaren ardatza. Horrek finantzaketari aurre egin izanik, eta urteetarako ekonomikoki eta legalki hipotekatuta utzi gaitu, gure erakundeak merkatuen menpe jarriaz. Bide horren adibide garbi bat: Bidegi sozietate publikoa, 900 milioko zorrarekin eta beraren finantzazio arauei baldintzatua.

Badakigu ezkerraren lehentasuna ez dela zorraren kontrola eta murrizketa. Baina bai, pertsonak oinarri eta helburu izanik, guztiona izango den kalitatezko sistema publikoa indartzea. Horregatik, orain arteko bidea erradikalki aldatu beharra dago, inbertsioa zerbitzu sozialetara bideratuz, gisa horretara enplegua susta daitekeelako eta, aldi berean, estaldura soziala areagotu.

Eredu produktiboa eraldatzeko ordua da, krisira eraman gaituen eredu neoliberala albo batera utziaz, eta XXI. mendera begirako eredu sozio-iraunkorrak garatzeko neurri politikoak ezarriaz.

Zentzu horretan, aurrekontuetan doikuntza eragiketa egitearekin ez da nahikoa. Premiazkoa da erakundeek haien arteko harreman sarea aldatzea. Eskumenak hiru erakundeetan izan beharrean, erakunde bakarrean izateko, eraginkortasunez kudeatzeko. Azken finean, bikoiztuak dauden sozietate publiko eta koordinazio organoak ekiditeko.

Horretarako, ezinbestekoa da Lurralde Historikoen legearen eztabaida agenda politikoan jartzea, alderdikeriak, botere kuotaren irizpideak albo batera utziaz, gizartearen hobe beharrez eta sistema publiko sozial indartsua xede izanik. Ondorioz, akordio politiko zabal, handiaren beharra dago eta, 2012a, nahitaez, inflexio puntu izan behar da. Beraz, has gaitezen Lurralde Historikoen legearen eztabaidarako bidea ireki eta ongarritzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.