Abuztuan murrizketa gehiago datoz

2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Europar Batasuneko gobernuek, politikak aplikatzerakoan, lan eskubideak eta eskubide sozialak murriztea alternatiba bakarra izateko bide bat adostu dute. Bide hori demokraziaren aurka ezartzen ari da, eta haren helburua da orain arte deituriko «europar eredu soziala» suntsitzea.

Dena gezurretan oinarritua dago. Adibide gisa, Raxoik eta haren ministroek askotan errepikatu zuten eurotaldeak bankuei emanen ziela mailegua—ez estatuari— eta dirutza horrek ez zekarrela inongo baldintzarik. Errealitatea guztiz kontrakoa da. Hasieratik ELAk salatu zuen moduan, 100.000 milioi euroko mailegua espainiar gobernuari ematea adostu zen, dirutza hori bankuei helarazteko (ez dago aurreikuspenik ogasun publikoak dirutza hori berreskuratzeko). Modu honetan, zor pribatua publiko bilakatzen da, eta murrizketen bidetik ordaintzera behartzen gaituzte. Egun denok dakigu mailegu hori eskuratu ahal izateko gobernuak hainbat baldintza bete behar zuela. Horietako zenbait uztaileko dekretazoan jasota daude; besteak beste, langabeziako laguntzen murrizketa, BEZaren igoera, sektore publikoko langileentzat Gabonetakoa aparteko soldata kentzea, merkataritza gune handiei ordutegiak igotzeko aukera guztiak ematea… Murrizketa guztiak hartzekodunei ordainketa bermatzeko eginak dira (horretarako aldatu zuten Konstituzioa Raxoi eta Zapaterok).

Elite politikoen lan egiteko moduak demokrazia txikitu egiten du. Erabakiak eztabaidarik gabe hartzen dira, parte hartzerik gabe, alderatu gabe eta informazio zorrotzik gabe. Gobernuak zabaltzen duen informazioak barne propaganda itxura du. Aldizkari Ofiziala irakurri beharra dago azkenean zer onartzen den egiazki jakiteko. Ministro Kontseiluen ondorengo prentsaurrekoak ere ez dute ezer argitzeko balio. Halaxe izan zen abuztuaren 3koan, Ministro Kontseiluen ondoren, Raxoi agertu zenean bere ekimenen publizitatea eta propaganda egiteko. Ez zuen ezertxo ere esan gai garrantzitsuenaz: bere gobernuak 2013-2014ko Aurrekontu Plana onartu zuela neurri berri gogorrekin. Plan horretan, behin betiko zehaztasunik gabe izanda ere, enplegu publikoari eta hidrokarburoen zergen igoerari buruzko murrizketa berriak iragartzen dira… Erretirorako ere murrizketa larriak jasotzen dira, pentsio kopurua gutxitzeko eta erretiro adina atzeratzeko helburuaz, bestelakorik esaten badute ere. Egungo erretiro aurreratuaren araudia aldatzeaz ari dira, errelebo-kontratua aldatzeaz, Zapaterok CEOE, CCOO eta UGTrekin pentsio berriak gutxitzeko eta erretiro adina 67 urtera atzeratzeko adostutako erreforma indarrean berehala jartzeaz… «Jasangarritasun-faktore bat onartzea ere planteatzen da eragina izan dezan bai erretiro adinean edo pentsioaren hasierako diru-kopuruan eta baita pentsioak birbaloratzeko baldintzetan ere». «Jasangarritasun-faktore» hori lehen aipatutako zorigaiztoko pentsioen erreforman sartu zuten, eta horren aurka—gogoratu beharra dago— 2010ean Hego Euskal Herrian greba orokorra egin genuen.

Abuztuko egun hauetan, zabaltzen ari da espainiar gobernuak diru gehiago eskatu beharko duela; alegia, 100.000 milioiekin bankuen zuloak estaltzeko bakarrik izango duela eta askoz gehiago beharko duela bere zor publikoa finantzatzeko (handitzen doa ez-legitimoa den zorra). Horretaz ari dira erreskateaz jarduten dutenean. Horretaz guztiaz hitz egiten ari da abuztuan: zein baldintza berri ezarri nahi dizkiguten —Montoro ministroak oso «mingarriak» izango direla esan du—. Hain garrantzitsuak diren gaiei buruzko informazio falta erabatekoa da. Gezurretan jarraitzen dute.

ELAk argi daki behar ditugun politiketan gizarte-mobilizazioak bakarrik ekarriko duela aldaketa. Lan murrizketak eta murrizketa sozialak errefusatzen ditugun Hego Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek irailaren 26rako deitu dugun greba orokorra aukera aparta da instituzio guztiei (Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Foru Aldundiak eta udalak) exijitzeko beren politikak errotik aldatzeko. Hitzak soberan dira dagoenekoz; politikan egintzek bakarrik balio dute, are eta gehiago gizartearen zati handi bat pobreziara kondenatzen ari den honetan. Euskal alderdi politiko eta instituzioei ELAk exijitzen die uko egin diezaioten Raxoiren murrizketak aplikatzeari eta herritarren interesak lehenetsi ditzaten kapitalaren interesen aurretik. Onartezina da murrizketak «lege-aginduz» aplikatzea eta modu horretan bat etortzea gizartea pobretzera daraman bidearekin, bereziki kaltetuen diren kolektiboekin (emakumeak, gazteak edo etorkinak). Horrela eginez gero, klase politiko guztia politika bakarra egitera eramango luke. Politika egiteko garaia da, eta ez hemendik kanpo erabakitzen dena hemen kudeatzeko garaia.

ELAk, beste behin, euskal klase politikoari exijitzen dio «bestela pentsatzen badute ez dezatela berdina egin»; alegia, Raxoik oinarrizko legeen bidez erabakitzen duena ez dezatela bete. Politikaren funtsa egintzak dira eta, zoritxarrez, ez dugu entzun, ezta ikusi ere, ardura instituzionala duten euskal alderdi politikoen artean bestelako politikak egiteko asmorik. Burujabetzaz edo autogobernuaz hitz egitea eta hitz horiek egiazko edukiz hornitzeko gizarte-gaiak ematen duen aukera aparta mespretxatzea kontraesan larria da. Eta ELAk hori azpimarratzeko beharra du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.