Abuztuaren 15a eta deskonkista

2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Urrezko barra pomelatuak dituen bandera gorria eraitsi zuten espainol soldaduek 1512an, azaroaren 27an, zeinek geldiarazi baitzituzten Nafarroako hiriburua berreskuratzeko ekinaldiak, Joan Labrit erregearen agindupeko nafarrek egindakoak. Datorren 15ean bandera gorria Iban eta Astobizkar, Lepoeder eta Bentarteko haizeetara inarrosiko da, 824. urteko Nafarroaren Independentziaren hasieraren oroitzapenetan.

Goiz saiatu ziren Orreagako guduaren egitatea lausotzen, han zer gertatu zen, nortzuek esku hartu zuten eta batez ere nolako ondorioak eduki zituen lausotzen. Egitatea bera frogatuta dago, 778ko abuztuaren 15ean gertatua, eta nortzuk gudukatu ziren; batetik, kontserbatzen diren Eginhard-en testuek frogatuta eta, bertzetik, ezin dudatuzkoagoa, gudu hark bai frankoak bentzutu zituztenentzat bai Orreagaren inguruan —Ebro eta Garona ibaien artean— bizi zirenentzat ekarri zituen ondorioek frogatuta: bereziki, baskoien independentzia sendotzea, beren Iruñeko erresumarekin, hura frankoengandik askatu ondoren. Ezagutzen dugun lehen dokumentua Karolingiar Annalak dira, kapera palatinoko elizgizonek idatziak; Vita KaroliMagni obraren egilea, ordea, Eginhard izan zen, Karlomagnoren (768-814) seme Ludoviko Pioren erregealdian (814-840), non biltzen baitu Pirinioak zeharkatzerakoan baskoiek haien armadari Hispaniako espediziotik itzultzean Iruñeko harresiak suntsitu ondoren egindako erasoa.

Garai bakoitzean, Orreagako gudua hainbat helburu politikotarako erabilia izan da eta Compostelako elezaharrarekin lotu. Baskoien garaipen benetakoaren gainetik kontakizun figuratuak ezarri dituzte, zein baino zein fantasiosoagoa. Hala, Santiago, La Chanson de Roland, Gaztela pseudoprotagonista eta nafarren kontrako kalumniak gaiak, adibidez, asmo nabarmenaz, praktikan ukatu egin dute, behin eta berriz, nafar edo euskal gizarte zirkunpiriniarraren errealitate politikoa eta existitzeko eskubidea, zeina objektiboki ez baita ez frantsesa ez eta espainola ere.

Kalixto II aita sainduak (1119-1124) gurutzada batera dei egin zuen, zeinak ahalbidetu baitzion bere iloba Alfontso VII.ari, Gaztela eta Leongo tronuetako oinordekoari, bere burua enperadore izendatzea. Horretarako, Reims-eko artzapezpiku Turpin-en arabera, bere Proto Turpin izeneko kontakizunean, Karlomagno, Jaun Done Jakuek berak akuilatua, mundua musulmanengandik askatu eta konkistatzera joan zen. Denbora hartan, kronikaren batek Karlomagnoren tropak Frantziara itzultzen zirenean sarrazenoek bentzutu zituztela aurkeztu beharrean, Chanson de Roland-en iruzurraren arabera, gaztelaniarrak berak agertzen dira frankoen tropa horiek bentzutu zituztenak izan balira bezala, haien lurrera itzultzea eragotzirik. Alfontso VII.a enperadorearen kronikan Karlomagnori buruz ematen den irudia ez da haren biografo Eginhardena, ez eta Karolingiar Annaletakoa ere, baizik eta pseudo Turpin lekuko den apologia politikokoa, «...Toledoko inperioko erregea, Alfontso bera baitzen enperadore titulua daukana, eta Karlomagnoren balentria handiei jarraikiz, zeren bera bezalakoa izan nahi baitzuen», Rodano ibairaino hedatzen zen balizko espainiar subiranotasun baten ametsa bere egiten zuen ikuspegi baten aldekoa, Siloseko fraidearen arabera inbasio bisigotikoa baino lehen existitu litzatekeena: «Espainiar erregeek Rodanotik Europa eta Afrika bereizten dituen itsasoraino gobernatu zuten».

Codex Calixtinus barruan, Libro de los Milagros izeneko eskuizkribuan, badago pasarte bat zeinek osatzen baitu Nafarroaren historia faltsifikatu baten irazkia (urdinbrea) Julio Cesarrena balitz bezala aurkezturiko elezahar batean oinarritua. Bertsio hori ez da agertzen lehenagoko eskuizkribuetan. Bertan esaten da ezen nafarrek ez dutela osatzen herri homogeneo bat. Nafarrak hiru populazioren ondorengoak dira: nubianoak, irlandarrak —eskoziarrak deituak testuan— eta Cornwall-eko (Cornualleseko) kaudatiak. Testuaren arabera, populazio hauek inbaditzaileak izango ziren eta bertan bizi ziren espainiarrak, hau da, eskualde hauen benetako jabeak, ohilduko zituzten.

Hauekin batera, Karlomagnoren pean Espainiako enperadorearen presentzia zorarazlea agertzen zaigu, Gaztelako Alfontso VII.a erregea, zeinarentzat nafarrak arerio baitziren. Hori bilakatzen da aitzakia eta aukerako abagunea Nafarroako Erresumaz jabetzeko. Bertako biztanleak erdi basati modura aurkezteak inplizituki Gaztelak konkista aurrera eramatea justifikatzen du ekinaldi zibilizatzaile baten koloreen pean mozorrotua. Jukutria hori 1175-1200 urteetan Itsas Nafarroaren eta Errioxaren konkisten atarikoa bertzerik ez da, hala nola Nafarroa Garaiarena (1512an) eta frantsesek Nafarroa Beherean 1620an eginiko konkistarena.

Gizarte honek konkistaturik dirau, eta, horrexegatik, menderakuntza eta azpirakuntza pairatzen du oraino. Oraintsu arte tabu izan diren hitzak. Konkista gizarte bati egin ahal zaion lapurretarik handiena da, zeren haren eskubide guztien lapurreta baita. Konkistatik aurrera, betiere irauten duena deskonkista gerta dadin arte, konkistatutako gizarteak ez dauzka gehiago bere eskubideak, gizarte konkistatzaileak aitortzen dizkion batzuk izan ezik, baina ez guztiak.

Ezin erabakiko du askatasunez bere kabuz, ez kolektiboki eta ez indibidualki. Ez diezagutela erran denbora gehiegi iragan denik. Nafarrok segitzen dute ezin libreki erabakiz; ezin dute antolatu, agindu, babestu, aukeratu; ezina zaie inbertitzea, legeak egitea, ezagutzea, ikastea, jakitea; ezin dute zaindu, aurreztu, elkartasuna agertu; ezin borrokatu dira; ukatzea, apailatzea, planifikatzea ere ezina; ezin dute administratu, trabailatu, sendatu, aurrez ikusi; defenditzea, gordetzea, kontserbatzea, ikertzea, eraikitzea ere ezina zaie; ezinezkoa, era berean, laguntzea eta baliabideak ematea nahi ditugun guztiekin eta guztiei, nahi dugun edozein gauza, noiz ere nahi dezagun eta nolanahi ere desira dukegun.

Hori guztia ez zaigu zilegi, zeren konkistaturik baikaude. Historiak jakinarazten digu zergatik irauten dugun konkistaturik oraindik ere. Gaur, deskonkista konkistaren beraren ezagutzan datza, eta hura amaitzeko hartu beharreko erabakian, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.