Aieruak geroari begira

2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Uste komunaz oso bestera, globalizazioak, nazio-estatuaren gainbehera ekarri barik, berori indartu eta nazio baztertuen aukerak murriztu litzake. Hala, nazio-estatuen beregaintasun ekonomikoa, ekimen militarrerako gaitasuna… ahuldu edo galtzen ari diren arren, kapitalismoak nazio-estatua nahitaezkoa du, eta herritarrengandik hurbil eduki ere, eurak kontrolatu eta sistema bera erreproduzitu beharrez, alegia, herritarrak ekoizle-kontsumitzaile zintzo izan daitezen. Horrela, nazio-estatuak funtsezko funtzio batzuk bermatuta dauzka, oroz gain zainketa-kontrolari dagozkionak (polizia, legedia, justizia…) eta erreprodukzio-tresnarik behinenak (hezkuntza, kultur antolamenduak, ogasuna…), bai eta sistemak funtzionatzeko nahitaezko eginbehar betearazlea eta kudeatzailea ere (botere exekutiboa).

Kapitalismo globalean botereak urrundu eta abstraktuago bihurtu ahala, politika, herritartasunaren zutabea, huskeria bilakatuz doa, eta baliabide ekonomikoak gero eta gehiago kontzentratzen ari dira esku gutxiagoetan, erkidego sozialak barne-loturari eusteko euskarri materialik gabe utzita. Indar zentrifugoen kariaz, gero eta zailago zaigu xede, balio eta zentzu komunak partekatzea (anomia), eta horregatik, azken buruko kapitalismo honek nazio-estatu gero eta autoritarioagoak eskatzen ditu beheko geruzetan, bai eta inbertsio handiagoak propaganda mota guztietan. Halatan, Kuba deabrua izanik, Txina adiskide aparta da, eredu faxistatik hurbilen dagoen estatu hori (kapitalista, autoritarioa, nazionalista-militarista).

Demokraziaren teoriko ofizialetan ere badira norabide hori hauteman dutenak. Norberto Bobbiok (Demokraziaren etorkizuna, 2008) dioenez, kolokan daude merkatuaren eta demokraziaren arteko harremanak, liberalismoak merkatua lehenesten baitu edozein gobernu motaren gainetik, askatasun delakoa. Neoliberalismoak, berriz, pauso bat aurrera emanda, demokrazia gobernatzeko arazoa jarri du mahai gainean, eta argi dakusa autoritarismoak salbatuko duela merkatu “askea—. Egiatan, kapitalismoak estatu ahulak ez dituenez inoiz maite izan, xumeak gurago ditu zerbitzu sozialetarako, baina erraldoiak eta indartsuak sistemari iraunarazteko.

Estatu indartsuak estatu-nazionalismo sendoa behar duelarik, espainiar estatuaren joera abertzaleak, kasu, indarberrituz doaz (¡Viva la Roja!). Gogortze-aldi horretan, euskaldunok, estaturik gabe iraungo badugu, orainokoan baino serioago hartu beharko genuke gune sinbolikoa trinkotu eta indartzeko lana, autoeraketa bidez botere-guneak sortuz eta bilbatuz. Alderdi politiko-sozialari bagagozkio, kapitalismo autoritarioaren aroari begira, borroka zelularra izan liteke irauteko modu bakarra. 15M-ren aurrean izan duten jarrera ikusita, agerikoa da intelektual organikoek badakitela zelulartasun hori mehatxurik handiena bihurtzen ari zaiela. Arian-arian abaguneak gehitu daitezke. Izan ere, sistemaren krisi-zantzuak nonahi daudelarik, eta kapitalismoak globalitatea galduta oraindik hamarkada asko iraun dezakeen arren, Inperioaren ondoko aroan botere-guneak barreiatuago eta tokiari atxikiago egon litezke.

Honez gero, euskal iraultza baten bidean geundeke? Ez, bederen, goazen ildotik. Iraultzaren ideia klasikoa oso higatua dugun garai honetan, jada ez dugu ideologia iraultzaile biribildurik behar, eta beraz, kosmosaren etengabeko higiduraren esku uzten dugu inguruabarrak une bakoitzean aukeratzea. Askok, behintzat, hau argi dugu: boterea ez da kolpe batez harrapatzen, prozesu batez eskuratu baizik. Iraultza egin dutenek aurretik bereganatuta eduki dute nagusitasuna, sozio-ekonomikoa eta kulturala, eta botere politikoa eraistean zuzenbidea eta erakundeak egokitu dituzte bere hegemonia bermatzeko. Behekoak ez dira iraultzaren ondorioz gainean jartzen, ezta komunistetan ere, finean porrot egindako iraultza burgesen eraldaketa nazionalistak izan baitira.

Iraultzak ez du boterea sortzen; hortaz, ez dago euskaldungoa biziberritzerik aurretik gizartearen botere-gune nagusiak euskaldunduta egon ezik. Aitzitik, baliteke euskal nazio-estatu aizun bat hilgarria izatea, euskara balio alternatiboz hustuta, ezen nazio-estatuaren nazionalismoak euskara ez baitu nahitaezko identitatezko atxikimendua eragiteko. Balizko nazio-estatu sasi euskaldun bateko eliteek laster samar erdararen inguruan bilatuko lukete barneko kultur batasuna, estatu modernoak berez etnozidak direnez (J.M.Odriozola, 2011). Kontua da euskal hiztun-herriak oraindik ez duela berezko adierazpen politiko-ideologikorik lortu, eta gabezia hori gero eta larriagoa izan liteke bertoko nazio-estatu baterantz goazela.

Guztiarekin ere, oraingoz, globalizazioak baldintzatutako inguru batean egin beharko dugu geure tokia euskaldunok, giro anbibalente batean hain zuzen, non, batetik, uniformatze linguistiko-kulturalerantz goazen, eta bestetik, aniztasun dekadente baterantz. Hala da, arian-arian soziolektoak eta kontsumo-kulturak ugarituz doaz. Ziklo baten amaierara daroaten kultur adierazpenak dira horiek, ezinezko indibidualtasun baten gorazarre, identitate berez partzial, aldakor eta fetitxistak. Haatik, alternatiba horrek, osotasun eta egonkortasunik gabe, ezin du gizabanakoa munduarekin lotu, erkide eta herritarra eratu. Alabaina, horixe da kultur funtziorik behinena, euskal kulturak oraintsu arte bete duena.

Zergatik? Arrakala bat dago munduaren eta gure artean, haustura bat: mundua Bestea da. Arrakala hitzez estali beharrez sortu zen kultura, bestela, munduaren mintzoa eta gurea desberdinak izanik, arrotzak gara mundu ulertezin batean. Kulturak amarru bat egiten du: munduaren azalpen bat asmatu, esangura bat sortu (zentzua) eta atxikitzen dio munduari. Mundua gure mintzoaz estaltzen dugu, eta horrela, mundu ulergarriago eta anaikorrago batera jaiotzen gara, euskaldun gisa. Euskal kulturak, gure estiloan, munduan bizitzeko euskal habia ematen digu, osobetezko identitate bat. Alta, habiak gero eta gutxiago betetzen du eginbehar hori, gero eta zatikatuago bizi garenez. Ordezkorik ez dugu ordea, eta hala ere, asko baino hobeto gaude. Modernitatearen buruko basamortuan sartuta gaude, noski, baina ez esku hutsik, oraindik euskarri oso baliotsu bat dugu-eta, abantaila handi bat. Etxea jaima bihurtu zaigu bai, baina inguruan kanpadenda ziztrinak besterik ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.