(Akitania + Euskadi) - Nafarroa = - Euskal Herria

Xabier Isasi Imanol Esnaola
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Akitaniak eta Euskadik indarrean jarri duten euro-erregioa instituzioen arteko lankidetzan ohiko tresna bat besterik ez da. Egitasmo baikorra da: bi eremu horiek dituzten arazo eta erronkei elkarrekin erantzuteko balio izan dezakeen neurrian. Halaber, Europako Batasunaren egituratze instituzionalean urrats bat gehiago da. Hor daude Estatuak, ardatz atlantikoa ere hortxe dago lankidetza eremu gisa, baita Pirinioetako lan batzordea ere. Beraz, logikoa ere bada Akitania eta EAEren artean lankidetzarako tresna bat sortzea.

Euskal Herriak eremu ekonomiko eta sozial berezi gisa garatu behar duela uste dugunok, ordea, beste ikuspegi batetik begiratzen diogu. Bilakaera sozio-ekonomikoak dakartzan erronkei eraginkortasunez erantzun, eta euskal herriaren iraupena ziurtatzen duten lankidetza tresnak behar ditugu. Horregatik, hain zuzen, egitasmo hau edo beste batzuetatik eskatzen duguna euskaldunen arteko lankidetza sustatu eta babestea da. Balio izan beza, gutxienez, Euskal lurraldeen arteko lankidetzan zein mugaz gaindiko harremanetan ezarria dugun ataka zabaltzeko. Hortik begira diogu egitasmo instituzional hau ez dela erabat baikorra.

Baikorra da gure auzoekin, landes eta bearnesekin, elkarlanean jarduteko balio izan dezakeelako, elkarrekin ditugun auzietan Europako Batasunaren eremuan oihartzuna eman ahal izateko. Izan ere, Europako Batasunean oihartzun gutxiko eremua da erregioena. Ez dugu horren argi ikusten, ordea, sustatzaileek euskaldunen arteko lankidetza bultzatzeko baliagarri izatea nahi ote duten.

Egitasmoaren diseinuak nahiz sustatzaileen adierazpenek zalantzarako tarte txikia utzi dute. Hitzarmena sinatu dutenen xedeak Euskal Herrian dagoen lankidetza urtuko lukeen beste eremu bat sortzea dela dirudi. Hori, ordea, Euskal Herria izeneko komunitate bat badela ukatzea da, errealitate, problema eta xede propioak dituen komunitatea, Europako Batasunaren lankidetza erregionalerako irizpideekin bat datorrena. Horren ordez, bi mutur dituen arkitektura instituzional bat proposatzen zaigu: Gasteiz eta Bordele, bien artean inolako geltokirik gabekoa. Diseinu hau babestera etorri da Lopez Lehendakaria honako hauek esan dituenean: «Contrapuso esta iniciativa de orden práctico» a «otras sustentadas en confrontaciones y exclusiones, o sobre identidades estancas, que se han pretendido imponer en Euskadi» (El País, 13-12-2011). Halaber, geure buruari galdetu beharko genioke zergatik Akitaniak urrats hau orain egin nahi duen eta ez Gasteizen Gobernu nazionalista zegoenean.

Akitania eta EAEren artean euro-erregio bat sortu delako, Euskal Herriko lankidetza esparruari lehenesteari utzi behar diogula dirudi.

Beraz, proiektu honen sustatzaileak eremu sozio-ekonomiko berezi baten existentzia ukatu nahian dabiltzala esan beharrean gaude, behar propioak eta intentsitate ekonomiko zein sozial handia dituen eremua. Euro-erregioak egun euskal lurraldetan bizi-bizi dagoen errealitateari babes administratiboa emateko balio ez badu, zein izango da haren xedea?

Nahiago genuke euro-erregioaren sustatzaileek, euskaldunen arteko lankidetza auzitan jarri beharrean, baliabide instituzionalak eta Europaren aurrean babesa eskaintzeko konpromisoa hartu izan balute euskal eremuan indarrean dauden jarduera ekonomiko, kultural, kirolezko, sozial guztientzat. Hori diogunean gogoan ditugu Euskaltzaindia, Bihartean, Zazpiak bat Elkarlanean, EHUko ingeniari eskola eta ESTIAren arteko lankidetza, Eusko Ikaskuntza, sindikatu abertzaleak, ikastolak, euskarazko hedabideak, kirol jarduerak... Baita etorriko diren beste hainbat ere. Euskaldunen arteko lankidetzari aitortzarik egin gabe, eta euskaldunen borondateari erdeinuz aipamena eginda, zer adierazten ari zaigu? Beharbada, egitasmo berri honek bazter utzi nahi duela euskal lankidetza, ordezko berriak sustatuz. Alegia, lankidetza geografia berri bat irudikatu Gasteiz eta Bordelek osatua. Bien artean, berriz, basamortua. Benetako basamortua Baiona eta Bordelen artean dago eta!

Euskal komunitateak dituen premiak ez ditu asetzen berezitasun kulturalei aipamen bakanak eginez. Ezkor gara, ez dirudi mugaz gaindiko lankidetza xede duen tresna horrek Euskal Herriaren garapena eta kohesioa ekarriko duten egitasmoak bideratzen lagunduko duenik. Aitzitik, haren jardueren norabidea kontrakoa izango dela susmatzen hasita gaude. Argiago esanda: euro-erregioa euskal lankidetza egitasmoak bazterrean uzteko sortua dela dirudi, sustatzailea edozein izanda ere, euskal instituzio bat, elkarte bat edo eragile pribatu bat.

Labur esanda, euskaldunon memoriak diotso oraingoan ere ez dagoela ukazioa besterik, euskaldunok elkarrekin bizi nahi dugula ukatzea besterik ez. Ukazio horrek berak egin du, lankidetza sozio-ekonomikoari dagokionez, Bidasoako muga Europako Batasuneko hertsiena.

Edonola ere, pragmatikoak izan gaitezen, entzungo gaituzten lekuan edo parte har dezakegun lekuan egon behar dugu, errealitatea egunerokoan eraikitzen dugula jakinik, gure erronkei Euskal Herrian zentratuta egiten dugunean batez ere. Eta bitartean erein dezagun, lankidetza egitasmo berriak sor daitezen, geuri dagokiguna geuk baino ez baitugu egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.