Aldaketa feministarako bidean haziak ereinez

Saioa Iraola, Joana Aurrekoetxea eta Idoia Trenor
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Aurtengo hauteskundeak bereziak izango dira, urteetan alboratu eta ilegalizatutako proiektu politikoak hautagai izango baitira. Normalizazio politikoaren bidean proiektu politiko guztiek aukera izango dute EAEko hauteskundeetan parte hartzeko.

Emakumeok ohituta gaude hitz hutsalak entzutera, baita paperean idatzita eta tiraderan sartuta gelditzen diren asmoetara ere. Kontaezinak dira berdintasun planak martxan dituzten udalak, instituzio publiko politiko anitzetan dauden lege eta neurriak, onartzen diren protokolo eta araudiak. Baina emakumeon egoerak okerrera besterik ez du egiten. Inoiz baino pobreagoak gara, indarkeria sexista kasuak gora doaz, eta jarraitzen ditugun ereduak ez dira aldatu.

Bizi garen krisi sistematikoak, gainera, ez du gure egoeran hobekuntzarik ekarriko. Instituzio publiko politikoek krisia amaituko dutela entzun entzun dugu; baina baita konturatu ere hartutako neurriak eta uda honetan Espainiako Gobernuak martxan jarritako shock politika ankerrak herritarron kontrakoak eta sexu bereizkerian sakontzen duten neurriak direla, eta ez benetan krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren egiturazko aldaketak.

Emakumeon aurkako zapalkuntzak bere horretan dirau; sistema patriarkala gaur egungo errealitatera besterik ez da egokitu. Eta horren aurrean, instituzioen eta horiek kudeatzen dituzten alderdi gehienen jarrera ez da aldatu. Emakumeon zapalkuntza kasurik onenean politikoki erabiltzen dute, boto gehiago ekarriko dizkielakoan. Beste batzuetan, aldiz, azaleko aldaketa besterik eragiten ez duten borondate politiko eskaseko politika publikoak jarri dira martxan, soilik, politikoki zuzena delako. Eta askotan, zoritxarrez oraindik ez da ezta egiturazko zapalkuntza hau politika publikoen kudeaketan kontuan hartu ere egiten.

Hauteskundeen atarian gaudenean, Euskal Herriko Bilgune Feministakook hauxe adierazi nahi diegu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kudeatzeko prest dauden guztiei:

1. Emakumeon zapalkuntza egiturazkoa da; beraz, etorriko den aldaketak gaur egungo egituren aldaketa erradikala ekarri behar du. Egoeraren azalean eta modu indibidualean eragiten duten erreformek ez digute balio. Gure zapalkuntzaren dimentsio politiko, ekonomiko eta ideologikoa kontuan hartuko duten politika publikoak martxan jartzea exijitzen dugu.

2. Emakumeon egoera aldatzeko pausoak emateko borondate politikoa exijitzen dugu. Eraldaketa helburu izango duten bitartekoak martxan jarri behar ditugun arren, bide horretan emakumeon bizi-baldintza kolektibo zein indibidualetan eragina izango duten neurriak hartzea ezinbestekoa da, eta momentuan dauden zerbitzuen eraginkortasunaren alde lan egitea beharrezkoa da.

3. Martxan jarriko ditugun politika publikoek emakumeon parte hartzea ahalbidetu behar dute. Bide horretan ezinbestekoa da mugimendu feminista mintzakide politiko gisa onartu, eta parte hartze zuzenerako espazio demokratikoak sortzea.

4. Hori guztia aurrera eramateko ezinbestekoak diren herritarron beharretara egokituko diren aurrekontuak sortzea eskatzen dugu. Krisi ekonomikoa argudiatuta, arlo sozialerako, berdintasuna lortze bidean eginiko politiketarako eta abar aurrekontuak murriztuko dituztela esaten hasiak dira. Kasurik okerrenetan, Bizkaian, adibidez, indarkeria sexista jasandako emakumeei eskainitako arretari dagokionez, orain arte asistentziara mugatzen ziren zerbitzuak kendu eta lan boluntario gisa betetzea planteatzen ari dira. Baina kasurik onenean Mugimendu Feministaren borrokari esker lortu da Aresek mahai gainean jarritako indarkeria sexistaren inguruko aurreproiektua bertan behera gelditzea, zeinaren oinarria emakumeok biktima bihurtzea zen.

Beraz, ezinbestean, diru publikoaren kudeaketan emakumeon parte hartzearen eta eztabaidaren ondorioz sortu eta erabakiko ditugun aurrekontuak behar ditugu.

Hitzemateak aldera batera utzi, eta benetako demokrazia parte hartzaile baten aldeko apustua egiteko deia egin nahi diegu alderdi politiko guztiei. Halaber, sexuen arteko harreman hierarkikoak gaindituko dituen politika feministak garatzeko unea iritsi dela deritzogu. Feministok bide honetan lan egiteko prest gaude!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.