Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako 2011ko urriaren 17an Aieten iragan zen Nazioarteko Konferentziaren urteurrena betetzen dugun honetan, manifestaldi berri bat antolatzen du Herrira-k, beste behin, frantses eta espainiar estatuek euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko. Eskubide horietan da, besteak beste, presoen hurbilketa, gatazkaren konponbiderako prozesu orokorraren azken etapa izanen den amnistiaren bidean, ezinbesteko urratsa izanen dena.
Manifestaldi hau ez da izan behar, aldarrikapen horien inguruan orain arte bururatu diren mobilizazioen zerrendan bat gehiago.
Manifestaldi hau, historia markatuko duen manifestaldia izan behar da. Eta espero dut, «deklik» bat izanen dela frantses eta espainiar estatuentzat, Euskal Herrian bake iraunkor batera heltzeko gatazkaren konponbidean behin betikoz engaia daitezen.
Hain zuzen, ETA erakunde armatuak baikorki erantzun badie Aieteko Nazioarteko Konferentzian egin zaizkion eskaerei, ezin da gauza bera erran frantses eta espainiar estatuei dagokionez. Geldialdi kriminal batean murgildu dira, bake prozesuaren aldeko urratsik txikiena ere egin gabe. Alta, lehen urrats horri esker lortuko da dudarik gabe euskal preso politikoen gaia konpontzea.
Frantses estatuak ezin du bere kontraesanekin segitu. Ezin du alde batetik bere presondegietan euskal preso politikorik ez dela errepikatu, eta, bestalde, Euskal Herriko arazoari loturik atxilotuak izan diren preso guziei salbuespeneko legeriak, eta, batzuetan, legez kanpoko legeriak aplikatu.
Neurri horien aplikapenarekin, arazoa soilik politikoa dela adierazten du estatu honek!
Hain zuzen, beharrezkoa ote da oraino oroitaraztea preso hauen aldarrikapenak (presoak beren familiak bizi diren herrietarik hurbiltzea, eri diren presoak askatzea, biziarteko zigorrera daramaten kondenen bertan behera uztea, kondenen «antolaketa» legalki eskubidea luketen kondenatuentzat…) testuetan agertzen diren eskubideen aplikazioa besterik ez dela. Frantses eta espainiar estatua ilegalitate osoan dira, beraz, beren araudiei muzin eginez.
Beharrezkoa ote da Giza Eskubideen Europar Gorteak frantses estatua kondenatzea, 2012ko uztailaren 10ean espainiar estatuarekin egin zuen bezala, bereak dituen legeriak aplika ditzan?
Frantzia: eskubide estatua???
Kontestu honetan, azaroaren 10eko manifestaldiak ezinbesteko garrantzia du gatazkaren konponbiderako prozesuaren bilakaerarentzat.
Hautetsi guziak deitzen ditut, beraz, beren ardura eta izaera politikoa dena izanik ere, manifestaldi horretan parte hartzera eta prozesuan konkretuki parte hartzera.
Hautetsien eginbeharra da Euskal Herrian bake iraunkor bat plantan ezartzearen alde lan egitea, eta, horretarako, ezinbestekoa da manifestaldi hau beharrezko egiten duten zilegizko aldarrikapenak sostengatzea.
Urteetan, hautetsien gehiengoak ez du «bakea» beste hitzik erabili borroka armatuaren bortizkeria salatzeko, eta ETAri etengabe borroka armatua bertan behera uzteko eskatzeko. Ezinbesteko baldintza zen bakera heltzeko. Gaur egun, ETAk borroka armatua bertan behera utzi du. Guri, hautetsioi dagokigu, beraz, bake horren izenean Herrirak plazaratzen dituzten aldarrikapenak gureganatzea eta estatuko goi agintariei presio egitea gaur egun bizi dugun prozesu historikoan zintzotasun osoz inplika dadin.
Historiarekiko eta ondoko belaunaldiekiko hobendun izanen gara, bakera iristeko gure esku den guzia egiten ez badugu!
Ez dugu dudetan galtzeko, doilorkerietan galtzeko denborarik, gure ardurak hartu behar ditugu prozesuak aitzina egin dezan. Nola ez aipa doilorkeria triste gisa, nire herriko hainbat hautetsiren jarrera: diru arazoak argudiatuz, karpa bat deuseztatu diote Urrun Hurbil elkarteari. Preseski, garaian urriaren 13rako deitua zen manifestaldiaren deialdia egiteko festa bat antolatu nahi zuen elkarte horrek.
Gisa hortako jokamoldeek ez dira Euskal preso politikoen arazoaren konponketak merezi duen heinekoak. Alta, beste behin ere, gatazkaren konponbide orokorrera heltzeko eta gure lurraldean bake iraunkor bat lortzeko, ezinbesteko etapa izanen da presoen gaia konpontzearena.
Guk, hautetsiok, bakera heltzeko dugun borondatea zintzotasun osoz erakuts dezagun, beraz, lehenik, 2012ko azaroaren 10ean antolatua den manifestaldian parte hartuz. Eta gure ahal guziak balia ditzagun estatuko agintari guziek behar den guzia egin dezaten Europar Kontinenteko azken gatazketarikoa konpontzeko.
Denak Baionarat, azaroaren 10ean.
Azaroaren 10ean, denak Baionarat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu