Baketzean eta adiskidetzean laguntzeko apaizen ekarpena

2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Teologia Ikastaroa»erakunde txikia da, 70 apez nafarrek eta laiko batzuek antolatua, Vatikanoko II. Kontzilioaren argitan teologia eta lan pastorala gaurkotzeko. Hilabetean behin egiten da, goiz batez, Iruñeko Ama Bizkortzaileen egoitzan. Aurten 47. urtea dugu. Beraz,Nafarroako Elizaren azken sei apezpikuen zerbitzu-aldietan egin da, eta, orain arte, talde-autonomia errespetatu izan zaigu.

Hainbeste urtetan zehar, gure programetan, gizartearen eta Elizaren arazo nagusiak jorratu ditu ikastaroak, baita haiek gure artean dituzten ondorioak ere. Hilero, aditu baten gogoetak gidaturik, hautatutako gaia Ebanjelioaren eta Vatikanoko II. Kontzilioaren argitan aztertu nahi izan dugu, elkarrizketarako eta iritzi-trukerako giro egokian, la pastoralerako ondorio operatiboak lortu nahian.

2011-2012 ikasturtea programatzerakoan, aho batez erabaki genuen lehenbiziko hiru hilabeteetan Euskal Herriaren Baketzea eta Adiskidetzea aztertzea.

Urriko lehenbiziko bileran Ana Elvira izan zen gidari, hau da, Lokarri gizarte-sareko Koordinazio Batzordeko kidea. Argi eta garbi azaldu zigun, bakerako esperantzaren oinarri, nolako urratsak egiten ari ziren indarkeriari bukaera emateko. Eta aztergai izan genituen garai berri honetarako zenbait pertsona egiten ari ziren ekimenak eta bake benetakoa erdiesteko oraindik ere egiteko dauden urratsetarako zailtasunak.

Azaroan Jonan Fernández mintzatu zen, hau da, Baketik-eko zuzendaria (Arantzazuko Bakerako Zentroa), eta, bileran, «Bizikidetzararen etorkizunerako oinarri etikoak» azaldu zituen. Hizlariaren arabera, errekontziliazioa prozesu zail eta graduala da, baina beharrezkoa berriz bizikidetza-giroa lortzeko, betiere elkarrenganako onarpenean eta errespetuan oinarritua.Errekontziliazio prozesu batek zenbait helburu desberdin uztartzen ditu: biktimentzako kalte-ordainak, gatazka politikoari amaiera ematea eta bizikidetzaren adiskidetzea. Helburu horiek denak elkarri lotuak daude, baina haietako bakoitzak bere eragin-esparrua du. Premiazkoa da gizarte-akordio handi bat bultzatzea, merezi bezalako lehentasunaz errekontziliazioa sustatzeko.

Zikloaren azken bileran, urtarrilean, gure gai berariazkoena jorratu zen, egiten dugun lan pastorala aintzat hartzen duena alegia: «Gure ekarpena herritar eta eliz gizon eta emakume gisara, Euskal Herrian baketzea eta adiskidetzea lortzeko». Gogoetan Félix Placer Ugalde apez arabarrak lagundu zigun, hau da, Gasteizko Fakultatean irakasle izandakoak.

Bake faltan egon garen denbora luzearen zamaz aritu zen. Eta deblauki nabarmendu zuen errekontziliazioa bilatzeko lana ebanjelizazio lanaren parte dela. Bestela esanda, Nazareteko Jesusen praxiari jarraikiz, Elizaren misioaren barrenean sartzen dela, eta hasierako kristau elkarteen eta Vatikanoko II. Kontzilioaren espirituaren muinean dagoela eginkizun hori.

Gaur egun Euskal Herrian errekontziliazio prozesu baterako Elizan landu beharreko gakoak garatu zituen: egia argitzea, azterketa kritiko eta zintzoaren bitartez; errealitatearen sinestun-irakurketa, Jesusen Jainkoa bidelagun, zeinak biktima guztien duintasuna goratzen baitu inolako salbuespenik gabe, eta errukizko jokabidea proposatzen baitigu elkarren kontrako jarrerak gainditzeko;eta, azkenik, pertsonak eta egiturak antzaldatzeko konpromisoa, justizia eta egiazko errekontziliazioa eraikitzeko. Jesusen jarraitzaile garen aldetik, ezin dugu ahaztu barkamena dela ekintza zailena, baina baita sakonena, berritzaileena eta kristauena ere. Eta argudiatu zuen Euskal Herrian Elizak errekontziliazioaren espiritualtasuna sustatu behar duela eta pausoak eman behar dituela adiskidetzerako baliabideak eskainiaz.

Hizlariak aipatu zuen frankismoaren eta trantsizioaren garaian Nafarroako Elizako hainbat apezek errekontziliaziorako ekimen berritzaileak abiarazi zituztela 1936ko gerra zibilaren ondoriozko zauriak sendatzen saiatzeko. Nafarren delegazio batek aurkeztu zuen Madrilen, 1971n apezpikuek eta apezek batera egindako batzarrean, honela zioen proposamena: «… apal onartzen dugu gure okerra, eta barkamena eskatzen dugu ez genuelako garaiz jakin anai-arreben arteko gerra batek zatitutako gure herriaren muinean errekontziliaziorako egiazko ministroak izaten». Proposamenak ez zuen aurrera egin Batzarraren konklusio modura, aldeko botoak ez baitziren ailegatu 2/3era, baina bertan ziren 276 parte-hartzaileen %65ek babestu zuten proposamena. Orobat, Nafarroako Presbiteroen Kontseiluak eta Teologia Ikastaro honi loturiko zenbait apezek, 1978tik 1986ra bitartean, Nafarroan gerra zibilean fusilatutako pertsonen errehabilitazio prozesua bultzatu zuten, eta senitartekoekin batera aritu ziren fusilatuen gorpuzkinak aurkitzeko lanean. Eta Nafarroako 70 herritan, beste hainbeste hileta egin ziren, zinezko errekontziliazio ospakizun.

Ibilbide honi segida emanez, gaur egun Teologia Ikastaroan parte hartzen dugunok modu aktiboan egin nahi dugu lan, herritar eta eliztar garen aldetik, garai berri honetan, baketze eta adiskidetze prozesuan. Berriki jakin dugu Bizkaiko Presbiteroen Kontseiluak ere gaia landu duela eta Bake eta Adiskidetze Batzordea sortu duela egoera berri honi heltzeko. Hartuko ahal du konpromiso bera Elizaren instituzio osoak lantegi honetan!

Guk, apez eta lan pastoralerako eragile garen aldetik, gure laguntza eman nahi diegu helburu berarekin Nafarroan eta Euskal Herri osoan errekontziliaziorako sortzen diren ekimenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.