Balizko erroten erresuma

2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Zalaparta sortu du Gaur8n idatzi nuen «Me cago en el V centenario» artikuluak eta, egia esan, ez nau harritzen. Umorez hainbat kontu serio aipatzen nituen baina, tira, ez naiz umorearen atzean mozorrotuko, umore pixka bat eskertuko nukeen arren. Boutadeak boutade, ez zegoen jakiterik erantzunak zer-nolakoak izango ziren, nafar estatalismoa deituriko horren ideologo sutsuenek, bitxiki, lingua navarroruma bigarren mailakotzat dutelako. Hala ere, egon dira, egon direnez, eta erantzunen artean esanguratsua izan da Anjel Rekalderen Frikijale basatia. Ez dut Rekalderen artikulua erantzungo, ez dut ikusten hori modu eraikitzailean egiteko modurik. Baina uste dut merezi duela labur eta serio(ago) azaltzea auzi honi buruzko nire iritzia.

Lotsa pixka bat ematen dit horrelakoak argitu behar izatea, baina, tira, beharbada beharrezkoa da: Historian lizentziatua naiz eta historia maite dut. Historia da hain zuzen ere nire editore lanaren parte handi bat, gustura egiten dudana; erdi ofizio-erdi afizio, herri honen zerbitzura jarri nahiko nukeena. Baina, berriz diot, ez dut uste historia gure jardun politikoaren muina izan behar denik. Historia borroka ideologikorako ezinbestekoa dugun lanabesa dela uste dut. Lanabesa, ez arma, are gutxiago lubakia.

Santiago Alba Ricok dioen bezala, «Memoria nondik datozen eta nora joan nahi duten herrien inteligentzia da». Eta guk badakigu nondik gatozen, baita nora abiatu nahi dugun ere. Guk nazio bat eraiki nahi dugu, ez inolako erresuma berreraiki. Asmo horretan, Nafarroako Erresuma ondare dugu, mahai nazionalaren Leireko zina, Monzonen loreontzi hautsia, Agirre lehendakariak Iruñeko batzokian egindako negar garratza edo Gernikako sua bezala. Horixe da, ondare, ez helburu, are gutxiago Grial Santua bezala gurtu behar den erlikia.

Aukera gisa ulertu eta, garai batean nafar historiografiak izandako loraldiaz e.a. poztu banintzen ere, egun, kezkatuta nago nazionalismo historizista horrek dituen hainbat jiteekin: ortodoxiara lerratzen ari dela iruditzen zait; sarritan historia jorratzeko doitasun falta duela pentsatzen dut; pertsonalismo nabariak daudela uste dut; UPNri edo PSNri presio egiteko baino kolore guztietako abertzaleei —baina bereziki ezkerrekoei— presio egiteko lobby bihurtu dela deritzot eta abar. Baina, hala ere, ez dira horiek gehien kezkatzen nauten arazoak. Aurreko artikuluan plazaratu nahi nuen kezka hau da: dagoeneko hamabost urte dauzkan bide horrek uste baino gutxiago eman digula burujabetzaren alde lanean dihardugunoi. Ez dut ezagutzen nafar estatalismo horretatik independentista bihurtu den inor. Inor. Ez aurretik independentista ez zena, esan nahi dut. Hor inguruan ikusten ditut nirekin Jarraien ibilitako lagunak, ETAko militante ohiak, HBko zinegotzi ohiak… Alegia, aurretik herri honen burujabetzaren alde lanean zebiltzan lagunak. Horrez gain, ez dut ikusten abertzaletasunak Nafarroan hedatzeko arazo gehien izan dituen zonaldeetan—Erribera— aparteko emaitzak lortzen ari direnik. Aurretik existitzen ez zen aliantza politika berri bat lortu dutenik. Edo gazteengan sekulako atxikimendua lortzen ari denik. Kantak zioen bezala, «somos los mismos que cuando empezamos».

Horretarako arrazoiak mila izan daitezke. Paperean egokia ematen duen teoria honek praktikan mugak dauzka: ideologikoak, sentimentalak, politikoak, antolakuntza mailakoak… Ez zaidana serioa iruditzen da nafar estatalistekin hitz egiterakoan aipatzen dituzten balizko arrazoiak: Campionen bideak irabazi izan balu; Txillardegi, Madariaga eta enparauek Anacleto Ortuetari kasu egin izan baliote; ezker abertzaleak honen garrantzia ikusiko balu… Balizko erroten erresuma da hori: badugu, bagara, badira … Navarre shall be the wonder of the world.

Baina ez da izaten ari, ez gaude asmatzen ari eta horrek kezkatzen nau. Estrategia independentistak alor ugari —ekonomikoa, bat aipatzearren— jorratu gabe dauzka eta, abagune berezi honetan, garaia heldu da egin dugun ibilbideaz hausnarketa egiteko eta etorkizunerako estrategiak birdefinitzeko. Presioetatik at, beste esparru batzuetan atzean utzi ditugun ortodoxietatik at, zintzotasunez, atzean daukagun altxor zoragarria altzoan, eraiki nahi dugun nazio miragarri hori gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.