Berdintasunetik eta aniztasunetik bakearen alde lan egiteko proposamena

Amaia Agirresarobe, Nekane Altzelai, Ainhoa Aznarez, Ikerne Badiola, Asun Fernandez de Garaialde, Jone Goirizelaia, Esther Larrañaga, Lourdes Montero, Rafaela Romero, Rebeka Ubera.
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Iritzi artikulu hau sinatzen dugunok jakitun gara bizi ditugun garai berriak itxaropentsuak bezain zailak eta korapilatsuak direna. Zalantzarik gabe, aldaketa garaia bizi dugu, hitzaren zentzurik zabalenean. Alde batetik, krisi sozio-ekonomiko sakonean murgilduta gaudelako, eta baloreen krisia ere bizitzen ari gara. Bestalde, bakegintza eta normalizazio politikoari dagokionez, aldaketa esanguratsuak gertatzen ari direlako. Eta testuinguru horren barnean, politika bera ere aldaketa garaian dago; azken baten, politika ere krisian dagoela esan daiteke. Politika ere ez dago garai berri hauetatik at, eta horrek hausnarketa eginarazi beharko liguke politika egiteko beste modu batzuei buruz.

Ez da gure helburua arestian aipatutako puntu guztiak artikulu honetan aztertzea. Bakegintzan eta normalizazio politikoan jarri nahi dugu jomuga, baina ezberdinen arteko kultura politikoaren ikuspegitik. Gure ezberdintasunak zeintzuk diren kontuan izanez, baina, aldi berean, aurrera egin ahal izateko jarrerak hurbiltzeak eta elkartzen gaituen hori bilatzeak daukan garrantziaz jabetuaz. Lubakiak alde batera utzita, eta ideologia zein jarrera guztiekiko errespetua oinarri nagusi gisa hartuta.

Gure ustean, bakea guztiona eta pertsona guztientzat izan behar da, eta horri egin nahi diogu gure ekarpena. Zimentarri sendoak jarri nahi dizkiogu bake iraunkorraren eraikuntzari, pertsona guztien eskubide indibidualak zein kolektiboak aitortuak, errespetatuak eta defendatuak izan daitezen. Pertsona guztien eskubideak, kontuan izan gabe zein aldetan izan diren. Euskal Herria plurala delako, beste edozein herri bezala, eta bere etorkizuna aniztasunean oinarritu behar delako. Indarkeria mota ororekin amaituz. Beraz, gizartearen protagonismoa azpimarratu nahi dugu. Gizarte hau osatzen duten pertsona guzti-guztien garrantzia nabarmendu nahi dugu eta, errespetuan oinarritutako elkarbizitzan, harreman pertsonalen normalizazioari ematen diogu garrantzia. Elkarrekiko errespetua, zeinetan ezberdinen arteko harreman normalizatua izango den. Etorkizuneko elkarbizitza sustatuz eta bermatuz, non «bestearen» edo «ezberdinaren» jarrerekiko tolerantzia izango den eta non elkarbizitzarako errespetua norberak bere identitatea eta proiektu politikoa aldarrikatzeko eskubidearekin uztartuko diren. Pertsona zein kolektibo orok beren ideiak eta proiektuak defenditzeko aukera izango dutela bermatuz. Eskubide zibilak eta politikoak pertsona guztientzat izan behar direnaren aldarrikapena egia bihurtuz.

Elkarbizitza normalizatua erdiesteko lana nekeza izan behar da, are gehiago herri honek hainbat indarkeria pairatu dituenean. Eragindako zein pairatutako min eta sufrimenduak ez direlako egun batetik bestera gainditzen. Ematen ez badu ere, aurrerapausoak ematen ari dira, urratsak egiten ari dira helburu horrekin, zenbaitzuentzat nahikoak ez izan arren, motelegi joan, edo indarkeria batzuek hor jarraitu arren. Ukaezina da aurrera egiten ari garela, eta ukaezina da, aldi berean, lan asko dagoela egiteke eta ez dela batere erraza izango.

Horregatik guztiagatik, biktimen gaia kontu handiarekin bideratu behar dugu, gure helburua elkarbizitza normalizatua erdiestea baldin bada. Bakea inorena ez delako, bakea pertsona guztiona da, guztion artean eraiki behar dugu, elkarren arteko harremanei atea irekiz. Gizartea protagonista izanez, guztion erantzukizuna da biktima guztien aitortza eta adierazpena.

Giza eskubideentzako agertoki berri honetan, arlo honetan gure herriak pairatu dituen zauriak eta ondorioak kontuan izanda, adierazi egin behar ditugu. Eta itxi. Elkar entzunaz, beste pertsonekin kontaketa ezberdinak partekatuz, baina sufrimendu berarekin. Memoriaren eraikuntzara joanez.

Memoria horrek kontaketa ezberdinak hartuko ditu barnean. Ez da kontaketa bakarra izango, ez da egia bakarra izango. Baina guztiek izango dute egia ezagutzeko eskubidea. Eta erreparaziorako eskubidea. Horregatik, askatasuna, justizia eta memoria dira bake iraunkorraren aldeko gure konpromisoaren helburuak. Biktimen kolektiboaren barnean dagoen aniztasuna nabarmentzen dugu. Ideologia eta biktima izatera eraman dituen indarkeriari motari begiratu gabe, biktima guztien aitorpena eta errepazioa egin behar da, memoria etorkizunera begiratzeko helburuarekin eraikiaz.

Espetxe politika ere ezin dugu aipatu gabe utzi bizi dugun garaiotan. Euskal presoen arazoaren egoera eta konponketa. Giza eskubide guztien errespetua erdiesteko bidean, ezin ditugu ahaztu presoei, pertsonak diren heinean eta gatazkaren ondorio diren heinean, dagozkien eskubideak. Horregatik da premiazkoa espetxe politika aldatzea, sakabanaketa politikaren amaituz eta gaixo dauden presoak aske utziaz.

Denbora luzean zain egon ondoren Auzitegi Konstituzionalak hartu duen erabakia kezkaz hartzen dugu, eta albiste txarra dela deritzogu. Bergizarteratzea eta ankerkeriatik urruntzeko xedea duen Espainiako legediak bere barnean hartzen ez duen espetxe politikaren aplikazioa berresten duelako; legedia eta espetxe politika horiek alde batera utzi behar dituzte praktikan hil arteko espetxe zigorrak ezartzen dituzten filosofiak.

Ebazpen horrek ez du kontuan izan gure herrian bizi dugun «errealitate soziala», eta esan dezakegu ez dela aproposa bizi dugun une politikoan eta sozialean. Hala, artikulu hau amaitu nahi dugu sententzia horren berrazterketa eta zuzenketa eskatuz, bakearen bidetik gaindiezinak izan daitezkeen oztopoak ezabatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.