Blokeoak 50 urte: Kubaren duintasuna tinko

2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Gauza bera da Kubaren arazo ekonomikoak ikusita haien ereduak porrot egin duela argudiatzea eta oinak zementuan sartuak dituen pertsona bat igerileku batean itota aurkitzean igeri egiten ez zekielako ito zela ondorioztatzea».

Rafael Correa, Ekuadorreko presidentea.

1960ko apirilaren 6ko Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren agiri ofizial batean honako hau irakur daiteke: «Kubatar gehienak Castroren alde daude. (...) Barne babes hori besterentzeko modu bakarra da nahigabeak eta zailtasun ekonomikoek eragindako atsekabeaz eta eta etsipenaz baliatzea (...). Lan ildoetako bat (...) Kubari dirua eta hornigaiak ukatzea da; horrela, soldatak jaitsiko lirateke eta horrek, gosea, etsipena eta gobernua agintetik kentzea ekarriko luke».

Testu horrek laburbiltzen du AEBetako Gobernuak Kuban ezarritako blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioaren funtsa.Iraultzaren garaipenetik, 1959ko urtarrilaren 1etik, hainbat zigor ekonomiko ezarri baziren ere, legez 1962ko otsailaren 7tik indarrean dago blokeoa, orain dela berrogeita hamar urte, hain justu.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak hogeigarren aldiz gaitzetsi zuen blokeoa 2011ko urriaren 25ean: agiriak 186 aldeko boto eta bi kontrako (AEBak eta Israel) izan zituen. Kubako ordezkariek minbizia duten hiru haurren izenean eman zuten proposamena iaz; nerbio-sisteman tumoreak dituzte ume horiek eta ezin dute Temodal izeneko sendagaia hartu patentea AEBena delako. Kasu hori, blokeoak Kubako herritarrengan duen eraginaren adibideetako bat baino ez da.

Baina, zer da Kubaren aurkako blokeoa, zertan datza? Gogorarazi ditzagun haren ezaugarri batzuk.

Kubako enpresek ezin dute produkturik ezta zerbitzurik ere saldu AEBetan, munduko merkatu handienetako batean, hain justu. Horrez gain, zenbait elikagai eta sendagai salbu, ezin dute herrialde horretan produkturik eta zerbitzurik erosi. Hori dela eta, Kubak urrun dauden merkatuetan egin behar ditu erosketa gehienak eta produktuak garestitu egiten dira.

Salbuespenak salbuespen eta oso arau zorrotzak ezarriz, AEBetako Gobernuak ez die euren herritarrei uzten Kubara bidaiatzen. Debeku hori kenduz gero, bisitari iparramerikarren etorrerak likidezia emango lioke Kubako ekonomiari. Izan ere, AEBetako milioi bat lagun inguruk bisitatuko lukete Irla, eta egun 2,7 milioi bisitari ditu.

Hedabideen legitimazio estrategiak alde bakarreko blokeo komertziala dela defendatu arren, blokeoa estrategia oso eta konplexua da: lurraldez kanpokotasuna ardatz, jazarpenak, zigorrak eta presioak dira nagusi.

Bitarteko herrialdeetako enpresek ezin dute azukrea, nikela edo bestelako osagai kubatarrak dituzten produktuak AEBetara esportatu. Hau da, Kubak ezin du munduko ekonomiako merkatu eta sektore estrategikoetara esportatu; bitarteko herrialdeetako enpresek ezin diote Kubari saldu osagaien %10 AEBetakoak dituen produkturik; bitarteko herrialdeetako merkantzia-ontziak ezin dira AEBetan porturatu aurreko sei hilabeteetan Kuban izan badira. Hori horrela, produktuak Irlara garraiatzea garestiagoa da. Eta Kubako enpresen dolarrak gordetzeagatik soilik, Atzerriko Aktiboen Kontrolerako Bulegoak (OFAC) isunak jartzen dizkie urtero-urtero bitarteko herrialdeetako banketxeei.

Gogorarazi beharra dago Kubak ez duela sekula Nazioarteko Diru Funtsaren edo Munduko Bankuaren mailegurik jaso, AEBek beto eskubidea —edo lehentasuneko botoa— duelako erakunde horietan. Hori horrela, nazioarteko banku pribatuek lukurreriaz mailegatu diote Kubari urteetan.

Blokeoak zailtasun horiek guztiak inposatzen baditu ere, kubatar gizarteak Hego Hemisferioko herrialde gehienentzat amets diren lorpenak eskuratu ditu. Adibidez, Nazio Batuek 2000-2015 eperako ezarritako Milenioaren Garapenerako Helburuak izeneko gehienak aski bete ditu Kubak; 2011ko datuen arabera, haurren heriotza-tasa baxuagoa da Kuban (4,9), blokeatzen duen herrian, AEBetan (7) baino; 2011n ere, Unicefek berretsi du Kuba dela Latinoamerikako eta Karibeko herrialde bakarra haurren desnutriziorik ez duena; Nazio Batuen Garapenerako Programaren (PNUD) Giza-Garapenerako iazko txostenaren arabera, giza-garapen altua duten herrialdeen taldean dago Kuba bere osasun eta hezkuntza adierazleak direla eta. Beste herrialdeekiko elkartasunari dagokionez, kopuruak ikusgarriak dira: Latinoamerikako Hego-Hego Lankidetza programen %45 aurrera daramatza Kubak eta aipatzeko da bere mediku brigadek egiten duten lana. Batetik, ikusmen-arazoak zituzten hiru milioi lagun baino gehiagori ebakuntza egin diete doan. Bestetik, 23 herrialdeetako —AEBak barne— 4.000 ikasle ingururi medikuntza ikasteko bekak ematen dizkiete urtero. Eta munduko 5,8 pertsona alfabetatzen lagundu du Kubak.

Eduarno Galeano idazle uruguaitarra berriki izan zen Kuban eta blokeoaren milaka alderdietako batekin egin zuen topo. Galeanok kontatu zuenez, Habanatik webgune iparramerikar batera sartzerakoan, honako mezu hau agertu zitzaion: «Debekatutako herrialde batetik sartu nahi duzu». Idazlearen hitzetan, «Zein harro nagoen Kuba herrialde debekatu honen biztanleen herrikide izateaz. (…) Debekatua, kontraesanak eta zailtasunak izanik ere, gutxietsitako beste herrialde txiro eta txikientzat duintasun eredua izaten jarraitzen duelako.(…) Eta debekatua elkartasun adibide arriskutsua izan delako eta izaten jarraitzen duelako, nahiz eta Kubako bizi-baldintzak oso gogorrak izan. (...) Horregatik guztiagatik, orain nagoen herrialdea bezala nik ere debekatua izan nahi dut».

Hori guztiagatik, blokeoa ezarri zenetik 50 urte igaro direnean, eta Kubaren aurkako presioak, erasoak eta informazio manipulazioa etengabea denean, Euskal Herritik gure babesa eta baldintza gabeko elkartasuna ematen diogu Kubako herriari. Kubaren, bere herritarren eta Iraultzaren alde gaudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.