Egiazko hauteskundeen aurrean

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Ramon Balenziaga
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Orain arte gure artean ezagutu ez dugun testuinguru soziopolitiko batean gauzatuko dira Euskal Herriko hurrengo hauteskunde autonomikoak. Bi izan dira, batik bat, berrikuntza horren arrazoiak: ETAk, bere borondatez, helburu politikoak lortzeko indarkeria armatuari uko egitetik ondorioztatu den baketzea, eta talde politiko guztiak aukera legitimo gisa onartzetik datorren normalizazio politikoa. Datozen hauteskunde hauek, beraz, gure borondate politikoa askatasunez eta eraginkortasunez adierazteko aukera emango digute. Hori guztia, azkenaldi honetan bizi garen ziurgabetasun egoeraren eta arazo ekonomiko eta sozial gero eta larriagoen erdian. Azaldu ditugun egitate horiek guztiek, beste gabe ere, agerian uzten dute datozen hauteskundeotan nork bere postura pertsonala hartzearen eta adieraztearen garrantzia.

Hauteskundeen ondoren botere politikoa egikaritu behar dutenak printzipio demokratiko batean oinarrituko dira: herriak eman diela botere hori. Bistakoa da, nolanahi ere, herri honen pluraltasun soziopolitikoa dela-eta, gizabanako guztiek ez dutela beren borondate politikoa islatuta eta jasota ikusiko botere publikoa egikaritzeko eskubidea eta obligazioa lortzen dutenen erabakietan. Hala ere, herritar guztiek onartu eta men egin beharko diete erabaki horiei. Demokraziaren ezaugarri horretatik abiatuta, botoa emateko eskubidea egikaritzeari loturik doan erantzukizunak elkartasun-obligazio moduko bat darama berarekin, oso bestelakoa, hainbat arrazoi dela medio, zenbait gizarte girotan zabal daitekeen arbuioarekin edo «axolagabekeriarekin» alderatuta. Herri demokraziak bere joko arauak ditu, eta haiek bete beharra dago, nahiz eta horrek ez duen esan nahi arau horiek, ahal den neurrian, hobetu behar ez direnik.

Demokraziaren dinamika, botere politikoa eskuratzeari eta egikaritzeari dagokionez, alderdiek hauteskundeak «irabazteko» duten borondate legitimoan oinarritzen da, horrek emango baitie lortzen duten aginpidea egikaritzeko aukera. Hori egia izanik, beharrezkoa da, ordea, demokraziari estu-estu loturik doazen «herri boterea» egikaritzeko eskakizun soziopolitikoetan sakontzea. Botere politikoak, izan ere, erkidego politikoaren Ongiaren zerbitzuan egon behar baitu. (...) Horregatik, herriak ezin du berarengan egikarituko den boterea beste batzuen eskuetan utzi, bere onerako ez bada. Herri demokraziaren perbertsio gaitzesgarrian erortzea litzateke herriaren botere hori alderdi irabazlearen interes «partzialen» zerbitzuan jartzea.

Azken batean, botere politikoaren egikaritzak berarekin dakarren subiranotasunari dagokion aginpideak, botere politikoak bezalaxe, «guztion onaren» zerbitzuan egon behar baitu, hau da, herritarren oinarrizko eskubideak aitortu behar ditu, botere hori egikaritzen duenari nola transmititu zaion kontuan hartu gabe. Herritar guztiek—eta, ondorioz, alderdi politiko guztiek— ez dituzte modu berean balioetsiko guztion ona eratzen duten askatasunaren, justiziaren eta elkartasunaren eskakizun eta lehentasun zehatz guztiak, erkidego politikoaren esparruan. Hor izan behar du jatorria herrien pluraltasun soziopolitikoak. Baina eskaera eta lehentasun horiek, era berean, ez dituzte erkidego politiko osoaren onetik kanpo geratzen diren interesak ezkutatu behar.

Botoa emateko eskubidea egikaritzeak, objektiboki, balio bikoitzeko konfiantza eskatzen du. Alde batetik, demokraziaren dinamika —gizarte osoak praktikara eramanda— botere politikoa egikaritzeko bitarteko baliagarria den konfiantza, botere horrek lortu nahi dituen helburuen arabera. Eta, bestetik, herritarrok alderdietan eta boterea eskuratzen dutenengan jartzen dugun konfiantza, botere hori erkidegoaren eta haren balioen mesedetan eta zerbitzuan erabiliko den itxaropenari lotuta doana. Botoak —berezko ezaugarria du hori— norbait lehenestea eskatzen du, pertsona edo kolektibo batzuetan dugun konfiantza handiagoa edo txikiagoa adieraztea. Norbait hautatzen dugunean guregan botere politikoa egikaritu dezan, nolabait esanda, hartaz fidatzen garelako egiten dugu. (...)

Hauteskundeen bitartez norbaiti edo zerbaiti jartzen zaion konfiantzak, berez, dimentsio erlatiboa du: handiagoa edo txikiagoa izan daiteke. Horregatik, botoa ematean aukera egiten duenak jakin behar du zer arrazoirengatik fidatzen den gehiago batez besteez baino. Eta hori, egun bizi dugun axolagabekeria edo segurtasun politiko eskaseko giroan, bereziki zaila gerta dakiguke. Hala ere, erabaki praktikoa hartzeko momentuan, lagungarri izan daiteke pentsatzea aukera ez dagoela beti ez edo bai terminoetan pentsatuz egin beharrik; aldiz, konfiantza gehiago edo gutxiago nork ematen digun ikustea nahikoa izan daiteke.

Ez dago dudarik konfiantza egiari estu lotuta egon ohi dela. Errealitatea ezagutzen duenak bakarrik —hala pertsonena, nola egoerena— osa dezake balio-irizpen on bat, berorren gainean hautagaiari ematen edo kentzen zaion konfiantza bermatzeko. Hautatu behar dutenek egia ezagutzeko eskubidea dute, beren erabakia zeren gainean oinarritu izateko. Eskubide hori izateak, jakina, egia esateko obligazioa dakar hauteskundeetara aurkezten direnentzat, konfiantza eskatzen baitute bai beren buruentzat eta bai aldezten dituzten etorkizuneko proiektuentzat. Eta bereziki zaila da diskurtso politikoan egia esateko obligazio hori bermatzea, oso ohikoa izaten baita, hitz berberekin, bateragarriak ez diren errealitate guztiz desberdinak adieraztea. Zerikusi handia du horrek egiaz gizakiarentzat egindako politikak itsatsita eraman behar dituen balio etikoekin. Baina nola sinetsi eskainitako helburuak egiazkoak direnik, beroriek lortzeko balio dezakeen guztia legitimatzen baldin bada, ustelkeria barne?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.