Tere Saez Barrao.

Emakumeak II. Errepublikan eta handik aurrera

2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Ezin haien borroka ahaztu... haien izenak denboran barrena baitabiltza» (Pétalos. Barricada). Eskerrak eman nahi dizkiet hainbat pertsonari: hainbat historialari, idazle, zinema zuzendari, kantari eta mugimenduri, urte ugari daramatzatelako egunero-egunero emakumeen historia memorian sartzen, haien ahotsa eta mina agerian jartzen, haiek izendatuz, ahanzturatik ateraz, haiei duintasuna emanez, eta guztioi askotariko errealitate bat erakutsiz, emakumeok eta gure kezkak bezain askotarikoa, bai orain, bai errepublikaren garaian, bai gerran, eta bai Francoren errepresioak iraun bitartean. Honako hauei buruz ari naiz: Matilde Huici, Julia Alvarez, Josefina Torcal, Julia Bea, Aurora Gomez, Matilde Landa, Maravillas, Clara Campoamor, Victoria Kent, Margarita Nelken, Federica Montseny, Rosita Dinamitera, Pasionaria eta beste hainbat eta hainbat; adibidez, Sartagudako alargunak, hamahiru arrosak, Saturrarango kartzelan preso eduki eta hil zituztenak…

Hantxe egon ziren II. Errepublika jaio zenean, eta haren alde egin zuten hura indarrean egon bitartean; inoiz amestu gabeko gizarte aldaketa eta eskubide batzuen alde egin zuten, nahiz eta haiekin batera borrokan zebiltzan gizonezko askok ez zituzten oso gogo onez defendatu aldaketa horietako asko —sarritan, haien aurka ere agertu ziren argi eta garbi—. Errepublikak hainbat eraldaketa ekarri zituen bai arlo publikoan, bai arlo pribatuan, gizon-emakumeen bizimoduan. Aldaketa handiagoa ekarri zuen, hain zuzen, emakumeen bizimodura, kontuan hartuta zein argiak ziren haien kontrako zapalkuntza eta berdintasunik eza, emakumeen ia %70 baitziren eskolagabeak, eta %5ek bakarrik jasotzen baitzuen bigarren hezkuntzako heziketa. Emakumeak menpeko izakitzat zituzten, eta gizarteak uste zuen ez zirela gai autonomo izateko eta gizonaren babesa behar zutela; ezkonduta zeudenek, bereziki.

1931ko konstituzioak herritar bilakatu zituen emakumeak, bai arlo zibilean, bai politikoan. Bozkatzeko eskubidea lortu zuten azkenean, zeina era sistematikoan ukatua zieten Cadizko konstituzioaz geroztik (1812). Lan izugarria, bizia eta aparta eginda, Clara Campoamorrek bidea zabaldu zuen emakumeok herritartasun eskubidea izan genezan: ganberan 470 diputatu eta hiru emakume bakarrik egonik ere, aldeko 161 boto jaso zituen. Campoamorrek latz ordaindu zuen bere ideiei tinko eutsi izana. Gainerako emakumeok, berriz, funtsezko gauza bat lortu genuen: eskubide osoko pertsonak garela onar zezaten. Konstituzio hark eta errepublika garaiak gauza gehiago ere ekarri zituzten: lan eta kargu publikoak lortzeko eskubidea merituen eta ahalmenaren arabera; zortzi orduko laneguna; oporrak; asteko atsedena —hala ere, emakumeen soldatak %50 txikiagoak ziren oraindik ere—.

Era berean, ezkontza zibila onartu zuten; arrazoirik eman beharrik gabe dibortziatzeko eskubidea eman zuten; seme-alaba ez-legitimoen berdintasuna bultzatu zuten; haurren arreta hobetu zuten; modua eman zuten aitatasun erreklamazioak egiteko; Katalunian, abortatzeko eskubidea ere eman zuten. Horrez gain, leku batzuetan maitasun askeari buruz hitz egiten zen, baita praktikatu ere. Homosexualitateak eta lesbianismoak ez zuten zalapartarik sortzen. Prostitutak ere pertsona gisa tratatzen zituzten, eta ez sexu objektu huts gisa.

Halaber, hezkuntza eta kultura denen eskura jarri zuten, eskola publiko eta laiko baten barruan. Emakumeek hautsi egin zuten analfabetismoa. Maistrak oso garrantzitsuak izan ziren. Emakumeak ezin pentsatuzko gauzak hasi ziren ikasten: arkitektura, adibidez.

Emakumeei aukera eman zieten joera guztietako elkarteetan eta alderdietan parte hartzeko (Emakume Askeak, komunistak, sozialistak, Emakume Antifaxisten Elkartea, Sekzio Femeninoa); dena den, ez ziren emakume asko egoten talde horietan, eta are gutxiago zuzendaritzako karguetan. Gobernuan, Federica Montsenyren bidez sartu ziren, hura izan baitzen lehenbiziko ministro emakumezkoa. Kalean, berriz, bizimodua atera ahal izatearen eta eskubide propioak izatearen aldeko mugimenduen bidez, etorkizun berri haren aldeko mitinlari eta ideologo gisa.

Emakumeak egon ziren 36ko gerran ere. Miliziano moduan aritu ziren, esaterako; baina gizonezkoek baino askoz ere gehiago erakutsi behar izaten zuten beren balioa. Atzeragoardian ere aritu behar izan zuten, 36. urteko urrian onartutako dekretu batek hala aginduta. Horrez gain, bizitza zaintzea eta hari eustea egokitu zitzaien, familiako buru moduan, fabriketan eta soroan, informazio lanetan eta berreraikitze lanetan... Atxilotu eta bortxatu egin zituzten. Kartzelan, berriz, tratu txar bikoitza jaso zuten, preso izateaz gain emakume ere bazirelako.

Frankisten errepresioak iraun bitartean, bortxatu egin zituzten eta sexu erasoak egin zizkieten, kartzelan sartu zituzten, emakume gisa iraindu zituzten. Seme-alabak lapurtu zizkieten, eta bizi ahal izateko moduak ukatu zizkieten haiei eta haien familiei. Alargunak, berriz, miseria gorrian bizitzera behartu zituzten.Baina, hala eta guztiz ere, emakumeek eutsi egin zioten, bestelako mundu batekin amets egiteari utzi gabe, garai nahasietan egonik ere.

Guk, berriz, haien alabek eta bilobek, haiekin guztiekin dugun zorraz ondo jabetuta, memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduan sartu nahi dugu, ez daitezen gehiago isilpean egon. Izendatzen ez dena ez da existitzen, baina askatasunean, berdintasunean, elkartasunean, justizian, ekitatean eta duintasunean oinarritutako etorkizun bati begira bizi izan ziren haiek; horregatik, gurekin batera daude oraindik ere bide horretan, berdintasun formala egia bihurtzeko bidean.

Bide horretan, monarkiak ez du lekurik, ez bakarrik pertsona batzuei pribilegioak ematen dizkielako beste batzuen gainetik, baita pertsona batzuk leinu eta odol urdinarekin jaiotzea onartzen duelako ere; monarkia onartezina da, halaber, Francok inposatu zuelako eta, hortaz, zalantzan jartzen duelako erabakitzeko eskubidea, eta, era berean, krisi garaian izanik milaka milioi euro kostatzen zaigulako herritarroi hari eustea —monarkiari %2 baino ez diote moztu aurrekontu orokorretan; horrez gain, diru ugari jasotzen du, gero kontuetan kontabilizatzen ez dena—. Onartezina da, ustelkeria lotsagabean sartuta egotea baimentzen zaiolako monarkiari, baita umeei hiltzen irakastea ere.

Pertsonen arteko berdintasuna lortzeko bide horretan, lekuz kanpo dago gizona emakumearen gainetik jartzen duen instituzio bat, eta horixe bera egiten du, hain zuzen, monarkiak. A zer eredua.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.