Finantza sistemaren erreskatearen ondoren, gero eta agerikoagoa da nazioartetik datozen informazioarengatik, Espainiako estatua interbenitua izango dela. Horrek gure herriaren burujabetzan eta herritarron eskubideetan izan ditzakeen ondorioak zuzenak, kaltegarriak eta itzulezinak dira, eta herri bezala dagozkigun eskubideak eta orain arteko burujabetza arrisku bizian egon daitezke.
Espainiako Gobernuko ordezkariak behin eta berriro azaltzen ari zaizkigu komunikabideetan interbentzioaren mamua uxatu nahian, finantza sistemaren erreskatea izendatzeko eufemismo bat baino gehiago erabiltzen, baina errealitate gordinak dio Rajoy eta enparauek ukatzen dutena egi bihurtzen dela egun gutxi batzuen epean. Ukazioak ukazio, ematekoak diren 100.000 milioi euroak inork ez ditu muxu truk ematen. Dena dela, egia ere bada Europa neoliberalak aspalditik interbenitua daukala Espainiako estatua eta, horren ondorioz, kapitalaren neurrira egin diren erreforma desberdinen bidez euskal herritarron eskubide sozial eta laboralak kolokan jarri dizkigute eta daukagun burujabetza apurra ere ahuldu egin digute.
Lehenik eta behin, gogoratu behar dugu aurrean izan dezakegun interbentzioa krisira eraman gaituen ekonomia espekulatzailea erreskatatzeko besterik ez dela, berau diru publikoarekin berregituratu eta ondoren etekinak berriro ere pribatizatzeko. Hau da, estatuak zor pribatua bere gain hartzea defizit publikoaren bitartez, horrek herritarrongan dauzkan ondorioekin. Eta zor hori ordaindu ahal izateko, herritarren eskubide sozialak eta laboralak era bortitzago batean murrizten jarraituko dute; eta ongizate estatuaren ardatz den sistema publikoa desagertarazteko bidean jarriko dute, pribatizazioari alfonbra gorria ezarriaz. Eta hori dena gutxi balitz, gure erakundeen erabaki gaitasuna merkatu neoliberalen eskuetan guztiz utziko dute, eta euskal erakundeak administratzaile hutsak bilakatzeko arriskua gero eta handiagoa da.
Azken baten, sistema beraren eta hori kudeatzen, sustatzen eta babesten duten PPren, PSOEren (PSE eta PSN) eta EAJren porrotaren aurrean gaude. Horiek dira Hego Euskal Herriaren etorkizun ekonomikoa eta soziala kolokan egotearen erantzuleak, nahiago izan dutelako krisi ekonomiko eta sozial honetara eraman gaituzten ekonomia espekulatzailearen buruak babestu eta haien helburuak sustatu, justizian eta elkartasunean oinarritutako edozein politikaren oinarri izan behar diren pertsonak babestu beharrean.
Erreskateak suposatzen du Espainiako estatuko enpresa handiek (Ibex osatzen duten 28 enpresek, bankuak kenduta, gutxi gora behera 1.300.000milioi euroko zorra pilatzen dute) eta «fortuna» handiek erakutsi duten lotsagabekeriagatik eta diru gosearengatik sortu duten zorra publiko egitea, zorra herritar guztiona egitea, duela egun batzuk De Guindos ministroak aitortu zuen bezala; hau da, sektore publikoak ordaindu beharko du egoera honen gordina, nahiz eta herritar soilek eta sektore publikoak zerikusirik izan ez krisi honen sorreran.
PPren gobernua korrika atera da finantza sistemaren zuloa estaltzeko diruak bilatzera, zulo hori sortu eta eragin dutenei inolako erantzukizunik eskatu gabe. Orain inoiz baino gehiago erantzukizun penalak eskatu behar dira krisi honetara eraman gaituen ekonomia espekulatzailearen arduradunen kontra. Erreskateaz jardun beharrean, sistema espekulatzailea erortzen uzteaz eta erantzukizun politiko zein penalak eskatzeaz aritu beharko ginateke edota sektore publikoak krisiaren irtenbide arduratsua gidatzeaz.
Oraindik inork ez digu esan zer ari den negoziatzen erreskateko funtsarekin, baina orain arte egindako bidetik, agerian geratu dira bere ustez burujabeak ziren estatuetan izan diren ondorio zuzenak: politika ekonomikoen galera; sektore publikoaren desmantelamentua, langileen kaleratze eta prekarizazioarekin; kanpoko zorra ordaintzeari begira egongo den zerga politika antisoziala ezartzea; malgutasunaren izenean langileen eskubideekin bukatzea; indarrean dauden legediaren aldaketa, kanpoko eragile ekonomikoek gobernatuta egoteko eta kapitalen ihesa.
Eta hori guztia gutxi balitz, ezin dugu ahaztu herri bezala dagozkigun eskubide eta autogobernua ezabatuak izateko dagoen arriskua. Nazioarteko hitzarmenen betebeharrak, estatuaren homogeneotasunean eta gastu publikoaren murrizketan oinarrituak, ekar dezake kontzertu ekonomikoaren desagertzea, inolako atzera bueltarik gabe, geneukan burujabetza apurra oraindik ere gehiago ahulduz eta zentralismoa ezarriz kudeaketaren eraginkortasunaren izenean. Hori gertatuz gero, Hego Euskal Herriak bere egin beharko du Espainiako estatuaren zorra eta, ondorioz, Estatuaren patu bera izango du aurrean.
Orain inoiz baino agerikoagoa da Espainia karga jasangaitza bihurtzen ari dela Hego Euskal Herriarentzat. Bizi dugun abagune ekonomikoan, Espainiari lotutako Hego Euskal Herrian ikaragarri zaila da justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako jendartea eraikitzea, horretarako urratsak beti egin daitezkeen arren. Beti ere independentziaren bidetik jorratuaz, horixe baita Aralarrek bere sorreratik defendatu duen planteamendua.
PP krisiaren aitzakia erabiltzen ari da bere aspaldiko helburua gauzatzeko: zentralismoan oinarritutako estatua. Horregatik, inolaz ere ez da onargarria gure autogobernu apurra kentzen diguten bitartean eskuak gurutzaturik geratzea, are gehiago Herri eta herritar bezala daukagun etorkizuna Espainiako Estatuari lotzen diotenean, krisiaren aitzaki hartuta.
Beraz, gaur inoiz baino gehiago Euskal Herriak Independentziarako bidea hartu behar du, bere herritarrak etorkizuna izan dezaten, eta Espainiako estatuak pobrezia estrukturalera eraman ez gaitzan, espekulatzaileen eskutik. Independentzia politikoa eta ekonomikoa da bide bakarra Euskal Herriak krisiari aurre egin ahal izateko, harreman ekonomiko eta sozial berrien aldeko hautua eginez, berdintasunean eta elkartasunean oinarrituta. Erabakiak hartzeko momentua da.
Erreskatearen aurrean independentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu