Erruak, barkamenak eta beste

Pako Aristi
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Gabriel Fauré-ren Requiem-a entzuten ari naiz hitz hauek idazten hasi naizen orduan, musika zoragarri honek gogoetarako ate egokiak irekitzen lagunduko didalakoan. ETAren desagerpen hurbilaren kariaz hitz zahar-berrituak hedatu dira euskal gizartean: barkamena, errua, erredentzioa, barne-azterketa, elkarbizitza, zauriak, erresumina, mendekua, eskuzabaltasuna… zama semantiko itzela daukaten hitzak denak.

Tony de Mello datorkit gogora. Jesuita oso heterodoxoa izan zen De Mello, hil ondoren Vaticanok bere libururik gehienak debekatzeraino. Barkamena ez dela existitzen, zioen, ez dagoela ezer barkatzekorik, munduko aitzakia eta esplikazio guztiek ez dutela ezertarako balio, inork ez duela propio gaiztakeriaz jokatzen, ezta jende errugabea hiltzera doan terroristak ere. Inork ez duela, ero bat ez bada behintzat, plazer hartzen beste bati min emanaz.

«Gizateriaren kontzientziarentzat ankerkeriarik handiena izan litekeena ez da hala hori gauzatzen duenaren kontzientzian. Aldiz, bere gogoan uste du egin beharrekoa betetzen ari dela, bere taldearen edo herriaren zerbitzuan ari dela. Terroristaren eta gure artean dagoen aldea da guk gizarteari atseginak zaizkion gauzak eskaintzen dizkiogula, terroristak gizartea zauritzen duten ekimenak burutzen dituen bitartean. Ongi egiten du gizartean bere auto-defentsa eratzean, baina ez epaiketa moralak egitean, erratzen du ekintzak epaitzetik pertsonak epaitzera igarotzen denean».

Biktimen lekuan jartzen da, «Hori ez zidan egin behar!» esateko eskubiderik ez dutela azpimarratuz. «Errealitatea justu kontrakoa da, hori egin behar zizun, terrorista konbentzituta baitzegoen hori zela helburuak lortzeko modu bakarra». Eta honela bukatzen du: «Ezin zaio eskatu egindakoaz damutzea, barkamena eskatzea eta hori publikoki aitortzea. Barkamena liskarrak areagotzea da. Barkamenik ez da existitzen, ez delako laidorik egon. Eta laidorik ez da egon, ez delako intentziorik egon. Baldintza desegokiak egon dira terroristaren baitan, ohitura, aurreiritzi eta sinesmen multzo bat, gauzak modu zehatz batean ikusarazi dizkiona eta horren araberako ekintzak burutzera eraman duena». Eta baikortasun liluragarriz, dio: «Gizakiok, izaten erakusten digutena baino hobeak gara».

Munduko tradizio espiritual guztiek diote egia bat: «Urkoari kalte egitea, lehenago edo geroago, nork bere buruari kalte egitea da». Eta baliteke, pertsona, lehenago edo geroago, hori ulertzera iristea. Bizitza ulertzeko lehen pauso garrantzitsu hori eman badu, aski luke bere buruari barkatuta, ulermenean baitauka berpizkundea, egin zuenean baitatorkio ordaina.

Barkamena eskatzea hierarkia insano bat ezartzea da, inori tokatzen ez zaion nagusitasun moral bat; beste bati ematea zure gain ez daukan (eta gizaki libreak inola ere onartu behar ez dion) botere bat. Haren labela behar bazenu bezala bizitzen jarraitzeko, apetitoa berreskuratzeko, kalera ateratzeko. Pertsona bakoitza da mundu bat, ordea; bakoitzak egin behar du bizitzan bere bidea.

Baina estrategia politiko batek gidatu duen borrokan, gutxi-asko kolektiboa izan den ekimen armatuan barkamen kolektiboak ez du inolako zentzurik, giza-talde handi batek beste bati hierarkia sozialean bere nagusitza onartzea desoreka handiegia litzatekeelako. Berdintasunetik zenbat eta hurbilago egon gizarte bat, orduan eta egonkorragoa izango da; bai politikan, eta baita ekonomian ere.

Politika indarraren kudeaketa da, biolentziaren mehatxua, nahiz erreala nahiz birtuala, sortzeko ahalmena. Eta indartsuak ez du barkamenik eskatzen. Inposatu egiten du bere morala, eta kitto. Politikan, barkamena eskatzea likidazioaren aurka erregu egitea baino ez da. Eta batek galdu egin badu, duintasuna behintzat gorde behar du, garrantzitsua da etorkizunerako. Horregatik tematzen da irabazlea garaituaren duintasuna ere ukatzen, ETAko presoekin eta Bilduko hautetsiekin behin eta berriro saiatzen den moduan.

ETAk galdu egin duela, diot, ez irabazle/galtzaileen ipuinak gustatzen zaizkidalako, aspaldi galdu zuelako baizik: ez zuelako bere indarrak neurtzen jakin, ez eragin zezakeen biolentziaren operatibitatea, ezta bere erronkaren ondorioak ere. Ez zuelako ikusten jakin, jende armatua hiltzeak nolabait borroka armatua legitimatzen zion bezala, auto-bonba indiskriminatuek eta zinegotzi jubilatuen erailketek sortuko zioten ukamen eta bazterketa ia unibertsala.

Estatu batek ez du barkamenik eskatzen. Eskatzekotan, beste estatu bati eskatuko dio, eta denbora asko igaro ondoren eta bere hegemonia militarra ahuldu denean, baina ez bere mugen barruan menderaturik daukan probintzia txiki bati. Ez da oraino Guardia zibilik agertu Nuarben Otaegiren familiari barkamena eskatzera.

Barkamenaren propagandistarik handiena Eliza da, baina ez dugu ikusi Frankismoari eman zion babesagatik barkamenik eskatzen, orduan egin zituen negozioengatik, hiltzaileen eta torturatzaileen legitimatzaile eta sostengu izateagatik. Bekatu potoloak dira, baina Elizak badaki nola jokatu: barkamenaren eguna denboran urrunduz, horrela, urrutitik begiratuta, memoriaren deuseztapenean, egindako ankerkeriak txikiagoak emango dutelakoan.

Osama Bin Laden erail zuten goizean ikastola batean nengoen haurrekin. Gauza onak eta txarrak nola bereiztu ari ginen tertulian, eta eskura jarri zidaten gaia. Bi galdera egin nizkien: «Hiltzea ondo al dago?». Ezezkoa ozena eta ahobatekoa izan zen. «Eta Bin Laden hiltzea?». «BAIII!» oihukatu zuten denek aurreko ezetza baino ozenago.

Haien argumentuak ezagutuko dituzue. Indartsu daude gure umeak mendebaleko inperialismoaren arrazoietan. Ez dute «barkamena» hitza ezagutzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.