Hurrengo egunetan, familia askok erabaki oso garrantzitsua hartu beharko dute: hurrengo ikasturtera begira seme-alabak zein eskolatan matrikulatu nahi dituzten, horretan ziurrenik eskolaratze denbora gehiena igaro beharko dutela jakina da.
Hainbat herritan, bi hezkuntza sareren artean aukeratu daiteke, publikoa edo kontzertatua, eta aukeratzeko hainbat eredu edo programa linguistiko izanen dute. Herri txikietan, ordea, eskaintza egonez gero oso murritza izaten da, eta badago eremu nagusi bat, eremu ez-euskaldunean alegia, euskaraz ikasteko aukerarik ez daukatena.
Hainbat kolektibo, talde, erakunde eta batez ere ikastetxe egun hauetan matrikulazio kanpainan murgilduta daude, eta ate irekiko jardunaldiak antolatzen dituzte, familiek hurbiletik ezagut dezaten eskola bakoitzean eskaintzen zaien hezkuntza proiektua, baliabideak eta antolaketa.
STEE-EILASekook familia guztiak animatu nahi ditugu eskola publikoaren alde egin dezaten apustu tinkoa, gurea delako, guztiona, eleaniztuna, integratzailea, berritzailea, kritikoa, parte-hartzailea, berdintasunaren eta aniztasunaren aldekoa… eta garrantzitsuena dena, irakasle konprometituek ere osatzen dutela. Ez da edonolako irakaslegoa bere lana ardura handi batekin eta buru-belarri betetzen duena, baizik kalitatezko hezkuntza defendatzeko mobilizatzeko gai dena. Zeinek emango du gehiago?
Zoritxarrez, hezkuntza eskaintzaren aukeraketaren gainean irakasleriak edo botere gutxi edo inolako botererik ez dauka, eta Departamentuak bere kabuz ezarri edo inposatzen du. Aurten, beste hamabi ikastetxetan ezagunak diren —ingelesean sasi murgilketako— TIL programak eskainiko dira. Kasu batzuetan, ikastetxeko klaustroaren eta eskolako kontseiluaren gogoz kontra ezarri nahi dira horiek, ikastetxean abian dituzten beste proiektu batzuei garrantzia eman arren. Gai horrek hausnarketa sakonago bat merezi du. Hala ere, azpimarratu nahi dugu, beste hainbat alditan publikoki egin dugun bezala, atzerriko hizkuntzen ikaskuntzaren hobekuntzaren alde gaudela, baina TIL programa, sinetsarazi nahi den bezala, ez da bide bakarra. Hasiera batean esperimentala zen programa bat bat-batean Departamentuaren izar bihurtu da, ikasleen oinarrizko gaitasun guztietan lortutako emaitzen inolako kanpo ebaluaziorik egin gabe, publikoki argitaratu gabe behintzat, kostu-etekin analisirik gabe, ongi prestatutako irakasle nahiko izan gabe, ezartzeko planifikaziorik gabe, irakasle talde garrantzitsu baten langileen eskubideen urraketa sortzen dela kontuan izan gabe edomartxan dauden beste proiektu batzuk mozten direla kontuan izan gabe...
Hurrengo ikasturtean, hainbat herritan haurrei ingelesez ikastera derrigortuko zaie, baina euskaraz ikasteko aukera galaraziko zaie.
Nafarroako Gobernuak izugarrizko zalaparta sortu du Gipuzkoako Aldundiak Lodosako ikastolaren jarraipena bermatzeko emandako laguntza ekonomikoarengatik. Laguntza hori eskertzekoa izan arren, hori ez da bidea. Konponbidea esparru juridikoaren aldaketarekin bat dator, zaharkituta geratu den euskararen legeak, Mañeruko eskolarena bezala, itxiera ekartzen duena, ez ikaslego faltagatik, baizik D ereduan eskolatzea galarazteagatik.
Eremu ez-euskaldunean,D ereduko ikastetxeak modu «alegal» batean bizi dira, eta horregatik ezin dira kontzertatuak izan. Euskararen legearen aldaketarekin batera, horien kontzertazioa bideragarri egingo litzateke, eta oraindik hobea dena, sare publikoan horiek bat egiteko aukera izango lukete. Aldi berean, eskaria izanez gero, eskola publikoan D ereduko lerro berriak irekitzeko aukera egongo litzake, eta, horrela, edozein nafarrek euskarazko ikasketa batzuk izateko aukera izango lukete, bere bizitokia diskriminatzeko oztopo bat izan gabe.
Nafarroako Gobernuak gizarte honek azken 25 urteetan aldarrikatu duen parte handi baten nahia entzun beharko luke, berriz ere euskararen legearen aldaketa eskatu duena, eta hori egiteak gizarte guztiaren eskubide linguistikoetan onurak ekartzea suposatuko luke, gizartearen kohesio eta ulermen handiago bat lortuz.
Eskola publikoan, non hobeki?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu