Dena eman behar jako maite den askatasunari idatzi zuen berak «eskubideak gizalegeen indarrarekin defendatu behar dira, lasai. Injustiziak armen indarra erabiltzen baitu» esan zuen. Lauaxetaren bi esaldi horiek hausnar izan ditut Errenteriako Udalean II. Errepublika garaiko udalbatzari zor zitzaion omenaldia eskaini diogunean. Udalbatza hura eta osatu zuten lagunak gogoan ditut, eta haien artean, bereziki,Serapio Mendarte Ugarte, Eusko Alderdi Jeltzalearen zinegotzia, Bilbo erori baino egun batzuk lehenago—1937ko ekainaren 14an— Artxandaneraila, 47 urte zituenean.
Zinegotzia eta gure alderdiaren bozeramailea izan genuen Serapio Mendarte Errepublika garaiko Errenteriako udalbatzetan. Gizon zintzo eta zuzena, abertzale osoa, berak eta Eusko Alderdi Jeltzalearen udal talde guztiak gure alderdiaren eta Euskadi gure herriaren xede eta helburuak, askatasuna eta eskubideak defendatu zituzten gizalegeen eta arrazoiaren indarra erabiliz. Burujabetza landu zuten —garai hartan Estatutua—,demokrazia defendatu zuten —Aldundiak herritarrak aukeratzea, esaterako—, eta giza eskubideak aldarrikatu zituzten, erlijio eskubideak barne.
Mendartek garbi erakutsi zuen bere jarrera Udalbatza eratu zen egunean berean, 1931ko apirilaren 15ean, «la derogación de todas las leyes y disposiciones que conculcan los derechos de la nacionalidad vasca» eskatzeko proposamena aurkeztuta. Edo handik gutxira, «se designe con el nombre de calle de Sabino de Arana Goiri la que es de Gabierrota y con el nombre de Avenida de Euzkadi la de la Alameda» proposatu eta horren ondoren izendatu zirenean. Bide batez, bi kale horiek dira Errenteriak diktadura aurreko izendapenetara itzuli ez dituen bakanetakoak …
Jakina den moduan, 1936ko uztailaren 18ko altxamendua etorri zenean, gobernu legitimoaren alde egin zuten EAJk eta jeltzaleek, eta bide horretatik jo zuen Serapiok ere. Errenterianeratu zen Defentsa Batzordean parte hartu zuen, Finantzetako Komisariatuan. Altxamenduaren ondoko egun nahasi eta kontrol gabeko haietan, babes beharrean ziren herritarrei laguntza ematen saiatu zen. Eta lehen borrokaldietan, Errenteriako Agustinetan zaurituta eta preso gertatu ziren hainbat erreketefusilatuak izatetik salbatu zituen. Fededuna zen Serapio, eta horixe zen barruak, gizalegeak eta kristau fedeak agintzen ziotena; eta horrela jokatu zuen behar izan zutenekin. Horren ondorioz, batek baino gehiagok zor izan zion bizia.Beste batzuek ez zuten Serapiorekin berdin jokatu.
Errenteria erori aurretik irailaren 12an, Errepublikaren agindupean segitzen zuen alderdira joan ziren Serapio eta haren familia. Serapio Mendartek eratu berria zen Agirre Lehendakari buru zuen Eusko Jaurlaritzaren armadan boluntario izena eman zuen, Itxarkundia batailoian. Honen buru zen Felipe Lizaso jelkide errenteriarrakgogoratzen zuen moduan, «gazte izandako bi, nireganatu ziren gudari izan naiean: Serapio Mendarte ta Pio Etxeberria. 'Baina... gazteak eskatu ditugu', esan nienean, asarre ekin zidaten onela erantzunaz: 'Ez ote gara ba, Aberria aldezteko oraindik gazte?'».
Gazte izandako gudari haiei ardura bana eman zieten, Pio Etxeberriari erietxean eta Serapiori munizio hornikuntza lanetan. Bilbo erori aurreko azken batailetan, Artxandan borrokan zirela, gudariek hornikuntzak behar zituztela eta, Serapiok eta bere taldeak kamioa hartu eta harantz jo zuten. Ez ziren iritsi esandako tokira. Iñaki Isasmendik utzi zigun gertatutakoaren testigantza: preso erori zirenean, erreketeen agintariek beraiekin zuten tanke bati presoei begira jartzeko agindu zien, guztiak fusilatzeko. Momentu hartan goi ofizial bat heldu zen, ordea, eta han ez zela inor hil behar agindu zuen. Orduan, soldadu batek pistola atera eta presoen ilararantz joanda, ertz batean zegoen Mendarte errenteriarrengana hurbildu zen, hura hiltzeko prest. Mendartek, belauniko jarririk, honela eskatu kapitainari: «Nigatik ez baina nire zortzi seme-alabengatik eskatzen dizut; mesedez, ez nazazu hil». Baina gerran Por Dios y la Patriagatik zebilela zioen hark buruan tiro bat sartu eta bertan hil zuen errugabe hura. Mendarteren gorpua han bertan utzita, preso eraman zituzten berriro denak.
Horrela hil zioten senarra Eduvigis Casaresi, alargun utziz. Hori gutxi ez, eta Tribunal Nacional de Responsabilidades Políticas delakoak ondasunak konfiskatu zizkion Serapio hildakoari, eta isuna jarri alargunari.
Esakuneak dio: Izan zirelako gara, garelako izango dira. Ohorea da niretzat Errenteriako Udalean Eusko Alderdi Jeltzalearen zinegotzi izatea, eten ez den kate horren zati izatea. Serapio Mendarte eta gizon-emakume haien guztien aldeko omenaldia izan nahi duen hau Agirre Lehendakariak 1939ko Gabon mezuan esandakoarekin amaitu nahi dut, neure eginez:«Sufritu duguna sufrituta ere, guri egin dizkiguten injustiziak eginda ere […] bene-benetan eta gogo biziz erregutzen dizuet, ez dadila gorroto-izpirik izan zuen bihotzean, izan ere gure herria ezingo baitugu inoiz eraiki indarkeriaren eta gorrotoaren oinarri gainean. A!, baina injustizia ere ez da izango gure ondarea, ez horixe. Ez inmunitaterik ez mendekurik. Inmunitaterik ez hainbeste biktimaren minez eta odolez eskuak zikinduta dauzkatenentzat, direnak direla; eta mendekurik ez, horrek ekarriko lukeen arrangura-kateak handitu besterik ez bailuke egingo lehendik eragindako mina. Herriaren benetako ordezkari garenok, gure herri on eta bihotz zabalak bezala eskuak garbi dauzkagun gizonok esan dezakegu hori. Krimena egin zuena ez da euskaldun izena izateko duin».
Eskubideak gizalegeen indarraz defendatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu