Sistema demokratikoak eraikuntza historikoak dira, uneari eta garaiari lotuak eta horiengatik baldintzatuak. Horregatik da horren garrantzitsua une honetan Euskal Herrian sistema demokratiko sendo, zabal eta emankorra finkatzearen aldeko ekimenak bultzatzea. Horretan dihardu ezker abertzaleak, luzera begirako zimendu demokratiko sendoak lantzen. Ez da nork bere kabuz egin dezakeen lana, baina asteburu honetan aurkeztuko den ekimenak euskal jendartean behingoz demokrazia aurreratuaren oinarriak elkarrekin adosteko proposamena dakar.
Baina eskubideak eta demokrazia ez dira paper zuriaren gainean idazten. Gatazka historiko luzearen eta horren ondorio latz guztien aitorpen bete eta egiatia behar-beharrezkoak dira, baita horren kausa politiko sakonak zuzen diagnostikatu eta betirako gainditzeko bide politiko demokratikoak eskaintzea ere.
Ez da erraza izango. Estatu espainiarrak merkeegi eskuratu zuen Europatik eta nazioarteko komunitatetik sistema demokratiko homologatuaren titulua, baina ez du inola ere izaera demokratikoa bereganatu, horixe da egia. Francorena demokrazia organikoa baldin bazen, badaezpadako demokrazia da ondorengoa, eskupeko eskubideen filosofia praktikatzen duena.
Ez da berau deskalifikazioa, konstatazioa baino. Ikus dezagun, bestela, zein den sistema horren eguneroko jarduna arloz arlo: judizialari begiratzen badiogu, eta azken egunotako zenbait perla baino ez aipatzeagatik, hona Auzitegi Nazionala epaitegi berezia eta Fernando Grande Marlaska epailea berriro ere aipagai: aste honetako egun berean ezagutu dugu, alde batetik, epaile horren jokabidea gogor kritikatzen duen sententzia, Itxaso Urtiaga zarauztarraren kasuan, eta bestalde epaile bera Auzitegi horretako Penaleko Gelaren presidente izendatu dutela. Lehena, bigarrenerako meritu, nonbait.
Arlo judizialetik irten gabe, Baltasar Garzon dugu berriro ere aipagai, oraingoan Jaurlaritzak lortu nahi duen helburu harrigarria ikusita: giza-eskubideen René Cassin saria eman nahi baitiote, nori eta Garzoni berari, nola eta gobernuaren beraren ekimen diskretua fiskal ohi baten bidez bultzatuz. Surrealismo puru hutsa. Eta Garzon etorri zait gomutara, aspaldiko 1992ko uda hartan, Europako parlamentutik haren Madrilgo bulegora jo nuenean, eta harekin bildu Juan Ramon Rojo eta Kepa Urra atxilotuen tortura salaketa larriak aurkeztu eta Nazio Batuen Erakundeak kasu horien gainean hartutako erabakiak ematera, ikerketa zabaltzera beharturik zegoela esanez. Aurrez aurre azaldu nion guztia. Ez entzun, ez erantzun. Ez zuen horretaz ezer jakin nahi. Belgikan, aldiz, handik gutxira bikote euskaldun baten estradizioa ukatu zioten Garzoni berari, Rojo eta Urra kasuez Nazio Batuen Erakundeak hartutako erabakia zela medio. Eta handik lau urtera, Bilboko epaitegi txiki batek, ezin kasua denbora gehiagoz ezkutatu, epaitu egin zituen torturatzaileak. Orain, Garzon Giza Eskubideen sarirako, hara!
Estatu espainiarra, gaur arte, ez da sistema demokratikoaren oinarriak finkatzeko gauza izan. Ez du jakin Estatuaren iragan frankista bere tokian jartzen; ez du asmatu Gernikako bonbardaketa eta beste hainbat ekintza genozida behar bezala aitortu eta aztertzen; ez du iraganeko handicap antidemokratiko larriak kitatzeko adorerik izan. Ez da horretatik guztiagatik desmarkatu eta urrundu. Zer egin du?: Estatu zaharraren zutabe antidemokratikoak erabili, Estatu eraikuntza itxuraz berritua finkatzeko. Horrela baldintzatu nahirik etorkizuneko bizitza politikoa, euskaldunoi tope mugiezinak ezarriz, adibidez.
Nabarmen agertzen da esandakoa trantsizioa deitu duten garai historikoa azaltzen dutenean: joan den astean, ETB2k estreinatu zuen saioan, Juan Pablo Fusi erregimenaren historialaria mintzo zen Iñaki Gabilondo kazetariaren ahotik, eta lehen hitzak: «El País Vasco y Navarra…». Horrela bihurtu nahi dute premisa ukiezina Euskal Herriaren zatiketa, edozein historialarik jakin behar duenean zatiketa horren azken (aurreko) kapitulua eskuin muturraren jauntxokeria antidemokratikoa izan zela, II. Errepublikaren garaian gauzatua. Baina beraien intentzioa ez da, bistan denez, erasoak zuzendu eta demokraziari leku egitea, euskal jendarteari erabakitzeko eskubidea onartuz. Horren ordez, iraganeko bihurrikeria dakarte oraingo zatiketaren justifikaziora.
Portaera hori behin eta berriro errepikatzen ari da sistema politiko espainiarraren praktikan, eta azken adibidetzat har daiteke egunotan Madrileko Kongresuan hitzartu duten akordioaren harira egindako operazio politiko baztertzailea. Izan ere, Euskal Herrian hasi zen prestatzen operazio hori, eta PPren bozeramaile Basagoitik egin zuen lehen urratsa, PP, PNV eta PSOE elkartu eta Ezker Soberanista politikatik at uzteko proposamena publikoki egin zuenean. Hortik abiatu zen operazio baztertzailea, isilpean lehen fasean hemen, baina gero Madrilen sinatu dutena, buruzagi jeltzaleak tartean direla. Zer dago horren atzean?: badaezpadako demokrazia hori indarrean mantentzea gerora begira, orain arteko sistema horren ezaugarri bitxiak aldatu gabe. Hiruron mesederako, asmoz. Baina horrek guztiak lehengora itzultzen gaitu, ez digu uzten aurrera egiten, etorkizun zabala irabazten.
Ezker Abertzaleak bere konpromisoak hartu eta bete egiten dituen bezala; ETAk bere erabaki behin betirakoa hartu duen bezala; Ezker Soberanistak bere bideari ekin dion bezala… Estatu espainiarrak eta haren inguruan dabiltzan indar guztiek ere garai berriekiko konpromisoak hartu eta bete behar dituzte.
Euskal Herrian demokrazia aurreratua, zabala, emankorra eta iraunkorra behar dugu. Oinarrizko adostasunetan finkatua. Mahai gainera proposamenak, eta lanari lotu.
Eskupeko eskubideak, badaezpadako demokrazia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu