Espetxe politika aldatzeko premia

Patxi Zabaleta Dani Maeztu Rebeka Ubera
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Gatazka politikoaren konponbideaz egiten diren azterketetan presoek pertsona moduan dituzten eskubideak aintzat hartu eta kontuan izateko garaia iritsi da.

Presoek gizabanako diren heinean beren iritzi eta jarrera ezberdinak izateko eskubideak dituztela esatea eta soilik askatasuna daukatela ukatua gogoratzea ez da batzuetan gehiegizkoa. Preso bakoitzak bere duintasuna dauka, pertsona den heinean, eta ez talde bateko edo besteko partaide izateagatik, eta, horrexegatik, preso bakoitzak bere bidea egiteari errespetatu beharreko zerbait deritzogu.

PP alderdia eta estatuko gobernuko ministro batzuk —bereziki barne arazoetako ministroa— mahai gainean ipintzen ari diren gai bat da zehazki esandako ikuspegitik aztertu beharrekoa, zera, damua. Damua eta barkamen eskaria norbanakoaren baitan edo barruan dauden zerbait dira, azkenean sentimendu bat, eta erlijioan edo giza harremanetan mailaren bat eduki balezakete ere, legedian eta gizarteko jokabideetan ezin dute baldintza mailarik izan.

PPren gobernuko Barne Ministroa den Fernandez jaunak eta Justiziako ministroa den Gallardon jaunak, hainbestetan damua eta barkamena aipatzen dutelarik, beren erlijioko jarrera eta pentsamendua azaltzen dute. Baina ikuspegi horiek ezin daitezke legeetara eraman. Mundu zabaleko zuzenbide ereduek adierazten duten bezalaxe. Argudioak argitzeko aski da pentsatzea benetako damua edo gezurrezko damua egon litekeela jokabide batzuetan, baina hori norberaren barneko gauza den heinean ezin daitekeela inolaz ere kanpotik nabari.

Beraz, uste dugu espetxe politikak behar dituen aldaketa sakonak ezin dituela jaso erlijio ikuspegiko eta zuzenbide konparatuan ez dauden baldintza hauek.

Bestalde, helburu politikoko ekintzengatik preso daudenenamnistia gogora ekarri ondoren, ez dira alboratu epe laburrean hartu beharko diren erabakiak eta egin beharko diren aldarrikapenak. Behin-behineko edo bermepeko askatasuna eskatzea eskubidea den bezalaxe preso dagoen edozein pertsonarentzat, beste onura batzuk eskatzea ere pertsonen eskubidea da.

Gainera, ETAk borroka armatuaren behin betiko etena eman ondoren, erresistentziako estrategiak ezin dira izan eskubide pertsonalen baldintza edo muga.

Beraz, espetxe politika erro-errotik aldatzea eta presoen eskubideak defendatzea laguntzen ari garen garai hauetan, ezin dugu ahaztu pertsonen eskubideez ari garela. Eta pertsona horien eskubidea da baita ere, hala nahi duten heinean, talde moduan jokatzea, baina kontuan izanik ere betiere eskubide horien jatorria pertsona izatearen duintasunetik datorrela.

Euskal gatazkako prozesuaren gainditzean beste prozesu batzuetan —esate baterako Irlandakoan— eginiko urratsak eta urratutako bideak kontuan izanez eta Euskal Herrian izan diren manifestazio erraldoiak gogoratuz, aipatu beharra dago presoen arazoak arazo larria eta premiazkoa izaten jarraitzen duela.

Ezinbestekoa da, biktimen kasuan gertatzen den bezala, presoen arazoa ez ahaztea eta ez atzera uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.