Greba orokorretik harago

2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Murrizketen zurrunbiloan sarturik gauden garai hauetan, hezkuntzak eztabaida publikoan lehentasunezko lekua hartu du. Baina askotan murrizketa eta neurri ezberdinen inguruko zurrunbiloan sartzen gara, eta ahaztu egiten zaigu hezkuntzak duen benetako arazoaren sustraiei so egitea, eztabaida guztiz desbideratzen delarik. Boterean daudenek zein egungo hezkuntza eredua mantentzea helburu dutenek eguneroko jardunean oztopoak eta trabak jartzen dituzte, zalantzarik gabe asmo horrekin, eztabaida guztiz desbideratzea eta benetako arazoaren muinera gu ez heltzea. Gainera, tantaka-tantaka, krisiaren aitzakian murrizketen ezarpena «saihetsezina» bailitzan barneratzera bultzatua izan da euskal jendartea: eskola orduen igoera, ratioen igoera, derrigorrezko hezkuntzan emandako urte aldaketak, unibertsitate tasen igoera, euskararen irakaskuntzaren murrizketa, jantokien afera, garraioa, materialen ordainketa...

Baina are okerrago, ugariak diren neurriak ez ditugu hezkuntza erreforma integral baten barruan kokatzen. Zurrunbilo horretan sartuak eta saturatuak gaudelarik, oharkabean pasatzen zaigu espainiar gobernuak esku artean duen hezkuntza dekretu berria, zeinak helburu argiak dituen: estatuarenhezkuntzaren zentralizazioa eta ikasleen homogeneizazioa. Neurri, lege eta dekretu ezberdinen bidez gure herriko berezko izaera suntsitu eta espainolizazio prozesua burura eramateko apustu sendoa egin dute. Adibide garbiena, espainiar gobernuak onartu berri duen Hezkuntza Dekretua. «Zelako hezkuntza, halako herria» esaldiak, beraz, oso ongi islatzen du estatuek hezkuntza arloan egiten dituzten mugimenduak.

Langabezia tasa itogarriak zein famili askok bizi duten egoera larriak agerian uzten dute sistema kapitalistak aurkitu dituen topeak eta horrek ekarritako krisiaren zama ez dutela horren erantzuleak izan direnek jasateko asmorik. Krisiaren aitzakiaz baliatuz aberatsak aberatsagoak izatea lortu nahi dute, baliabide gutxien dituztenen bizi-baldintzak okertzen diren bitartean. Horrela, jendeak egunerokoari aurre egin beharrean murgilduta ez du burua bestelako egitasmoetan izango. Nork planteatuko dio bere buruari bestelako hezkuntza sistema nahi duela bere seme-alabentzat eta horren alde lanean jarriko da, hilabete amaierara heltzeko arazo larriak baldin baditu? Hezkuntza komunitateko zein kide jarriko daEuskalHezkuntza Sistema Propioa eta horrek barnebiltzen dituen eskubideen aldeko proiektuak aplikatzera, ezarritako neurrien zurrunbiloan itota badabil? Boterean daudenek oso argi dute sortutako jendarte indibidualista honen joera orokorra nor bere kaxa aurrera egitea dela. Indibidualismoa indartuz, jarrera kolektibo eraikitzaileak ekidinez.

Hausnarketa horretatik abiatuta, mezu argi bat zabaldu nahi diogu hezkuntza komunitate eta oro har euskal herritarrei. Tantaka-tantaka ezartzen ari diren neurri horien aurrean erantzukizunez jokatu behar dugu. Egoera honi elkartasunez eta denon elkarlan eta parte hartzearekin egin beharko diogu aurre; apurrekin ezin garelako konformatu, gure eskubideak bermatuko dituen Euskal Hezkuntza Sistema Propio bat baita behar duguna. Euskal Herritik Euskal Herriarentzat sortua.

Premia larria dugu. Murrizketa eta sasi-proiektu adoktrinatzaileen aurrean (Bizikidetza Demokratikorako Plana, euskarari kalte egiten dion eredu hiru-eleduna eta TIL, curriculum dekretua eta testu liburuen zentsura...), eta egoera berrietara egokitzeko, herri honen Hezkuntza Sistemaren birdefinizio oso bat abian jarri beharra dago. Hezkuntza herritarren beharretara egokitzea xede izango duen herri gisako hausnarketa. Horretarako, oinarrizko ideia batetik abiatuko beharko genuke: hezkuntza eskubidea unibertsala da, eta nazioarteko itun ezberdinetan jasotzen den bezala, herri bakoitzak bere hezkuntza eredua izateko eskubidea du.

Eta erronka horri erantzuteko, hezkuntza mugimendua Hezkuntza Sistema Propio baten alde artikulatu behar da. Eragile eta herritarrez osatutako uholdeak proiektu ezberdinak sortu eta aplikaziora eramanez.

Ondorioz, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak bat egiten du Irailak 26rako deitua dagoen Greba Orokorrarekin, eta gurasoei haurrak klasera ez eramateko deia luzatzen diegu. Baina, murrizketen erantzunetik abiatuz, gure herriak behar duen proiektua eraikitzera dei egiten dugu. Hori baita erasoentzako erantzunik eraginkorrena. Gaurdanik, herriz herri, Hezkuntza Sistema Propioan oinarrituko den Euskal Eskola Publiko Berria eraikiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.