Guk nahi/maite dugun Bildu

2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Argitaratu berri duen artikulu bat hizpide hartzea egileak barkatuko digulakoan, berak zabaldu duen eztabaidan ekarpena egitekotan, artikulu honi ekin diogu.

Abiadura bizian pasa diren azkeneko bi urte hauetan, Euskal Herriko jokaleku politikoa irauli da. Iragarle trebeenak ere ez zukeen asmatuko. Jokaleku horretan aldaketa nabarmenetako bat, ezkerreko subiranismoa elkartu duen koalizioaren arrakasta. Orain arte, Bildu, Amaiur eta EHbildu izenaz. Arrakastak orain arte aginduan egon den klase-politikoa bere burua nabarmen uztera behartu du. Epe laburrean, egungo sistema autonomiko eta neoliberalaren aldeko indar politiko guztiek elkarrekin aritzeko beharra ikusi omen dute eraiki duten sistema zaharkituaren eta bidegabearen defentsan.

Alabaina, Hegoaldean ezkerreko koalizio subiranista lehenengo indarra izateko zorian ikusteak ematen dizkigun gozoak baditu gaziak ere. Eta gazi horiek mingotsak dira, bereziki nola edo hala, asko edo gutxi, haize bolada guztien aurka hastapenetik koalizio horren sorkuntzan parte hartu dugunontzat.

Itzal guztietatik ilunena: espainiar sistema juridikoaren iraupena. Atzerakoitasun ustelduena, jakobinismoarekin bat egitea lortu duen egitura juridiko hori, arlo penalean, Europako mendebaldeko araudirik ankerrena sortzeko gai izan baita.

Adibide bat, PPk eta PSOEk adostu zuten «alderdien legea». Indarrean dagoen legea eta oposizio politiko guztiaren buru gainean zelatan dagoena, bai Euskal Herrian, bai Catalunyan, bai beste lurraldeetako ezkerreko talde guztien gainean.

Bildu bideratzen ari den bake, aldaketa sozial eta politikorako estrategiak berak Alderdien Legearen menpe darrai. Halabeharrez, kasu batzuetan, gure gabeziengatik besteetan eta gainontzekoetan, espresuki ala zeharka estatuen ordezkariek jakinarazi dituzten neurriek jendarte-sarean eragin itzela izan dutelako. Azkeneko hilabete hauetan jendarte-sare aktibo eta informatu horren zutabe sendo batzuk eraitsi dituzte, eta sare hori dugu benetako bermea Estatuek egingo dituzten saiakera berriak zapuzteko.

Guk maite dugun Bildu herriz herri antolatuta dagoen multzo sozial handi baten koalizioa da, ekintzaile politiko, kultural, sindikal eta sozialek osatzen duten sarearen zerbitzurako tresna. Koalizio aniztuna, ezker eraldatzailean lerrokatua, antikapitalista eta independentista, zeinak egungo eta etorkizuneko erakundeetara herritarron ahotsa eraman ez ezik herritarron agindua ere eramango duen.

Espainiar eta frantses Estatuetatik jaiotako erakundeak, oraindik, XIX. mendean jatorria duten kripta burokratiko ilunen ondorengoak direlako, herritarren parte hartze zuzena, gardentasuna eta benetako demokrazia oztopatzeko hamaika trikimailu asmatu zituztenak.

Guk nahi dugun Bildu erakunde aniztuna da, talde eta pertsona ezberdinez osatutako etxea, iraunkorra izateko jaioa, egitura propioa izango duena, barne jardunean, programak egitean eta zerrendak osatzean, gardentasunez eta parte hartze zuzenaz arituko dena. Mitxelin politiko berrien lantegia izateari uko egingo diona, jendartetik bereizita egon beharko ez lukeen leinu-kasta-politikoa elikatuko ez duena.

Bilduk bere idatzietan azaltzen duen eredu politiko eta sozioekonomikoa garaile ikusi nahi badu, ereduak isla garbia eduki behar du barne egitura guztietan eta bere jardun instituzional zein sozialean.

Guk nahi dugun Bildu erakunde dinamikoa eta zabala da. Militantziari utzi dionarentzat, militantzian sekula aritu ez denarentzat eta aktibismoa maite dugunontzat erakargarria. Erakunde dinamikoa eta eraginkorra, erakundeetan etikaz lan egingo duena eta erakundeetatik at lan egiten duten-dugun beste talde sozial eta sindikalekin lidergoa banatzeko gauza izango dena.

Ezkerreko erakunde handia «Merkatuen Estatu-Kolpeari» aktiboki eta etorkizuneko egitasmo historiko batez aurre egingo diona. Aurre eginez ekonomiaren birsozializazioaz eta herritarron birpolitizazioaz.

Talde eta erakunde independentista, epe laburrean gauzagarria izan daitekeen ibilbide-orri subiranista kudeatzeko gai izan behar duena. Aurki, Euskal Herriak errepublika burujabe baten estatusa izan dezan.

Euskal Herriak bi estatuekin duen gatazkaren desmilitarizazioan aktiboa izan behar duen koalizioa behar dugu: aurrerantzean, alde guztien bortxa politikoa errepikatuko ez dela bermatuta gera dadin. Jakinik, gatazkaren adierazpen bortitzen bukaerarekin batera gatazka politikoaren muinean dauden antagonismoaren talka handituko dela, Euskal Herriko nazio proiektuak eta ezkerraren eredu sozioekonomikoak espainiar eta frantses Estatuen ereduarekin bateraezinak baitira.

Bildu ohiko jardun instituzionalaren garretan harrapaturik geratzen bada, bere gaitasun-aldatzailearen ahalmena ziztu bizian xurgatua izango da. Aldiz, Bildu itxaropen eta kezka garai honetatik eraldaketa sozial, instituzional, politiko eta ekonomikorako giltzarrietako bat bilakatzen bada, disidentzia politikoaren erreferente nagusia izango da, eta, hainbat bidaiderekin batera, Euskal Herriaren etorkizun hurbileko agendaren ko-sortzailea izango da.

Testu hau honako hauek sinatu dute: Nekane Garmendia (zinegotzia Ultzaman-Bildu), Antxon Gomez (ezker abertzale historikoa), Santi Merino (abokatua), Pedromari Olaeta (EAko zuzendaritzako kidea), Iñigo Gonzalez de Larramendi (Lizagorri taldekoa), Victoria Mendoza (Irungo zinegotzi ohia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.