Lehen ere behin eta berriro aritua naiz ideologia abertzaleak itxura konplexuduna ageri duela eta; hori, azken batean, arerio ditugunen pentsamenduarekiko mendekotasunaren ondorio da, Estatu-Nazio baten aldezkari baitira. Eta ez baldin badugu onartzen mendebaldeko pentsamendu deritzona egin eta banatzen dutenen dialektika ez dela kausa bat, baizik eta intelektual horien interes nazionalisten ondorio, porrot egingo dugu gure nortasunari buruzko teoria bat aurkezteko ahaleginean; arrazoizkotzat onar dezaten, behintzat, tematuta dabiltzan horiek erakusten gaur egungo sistemak eta hark euskarri dituen nazio kulturek baino ez dutela zentzurik.
Hain zuzen, oraindik ere, nazioaren eztabaidak kontzientzia asaldarazten dio edozein intelektuali, hura auzitan jartzen zuten planteamenduak Iberiar penintsulaz kanpoko koordenatuetara zokoratzeraino. Barkagarri bekit erabatekoa badirudit, baina sinplekeria handia iruditzen zait adieraztea Euskal Herria ez dela existitu; gutxienez, Erromatar Inperioa ez zela existitu adieraztea adinakoa. Eta Julio Zesar? Nago horiei adinako birtualtasuna zegokiela Ameriketako Estatu Batuei 1776ko uztailaren 4an. Historiak pisu handia izan du talde nortasun baten oinarri gisa, eta, orain artean, inork ezin izan dio iskin egin horri. Hobeto esanda, inongo taldek; eta nazio egintza beti eratorri ohi da hainbat gorabeheratako nortasun prozesu batetik, eta horrek, komunitate egitasmo jakin baten azaldu ahal izatea ez ezik, talde horrekiko afektibitate atxikimendua eragiten du, eta harekin bat etortzea ekartzen. Atxikimendu horrek badu antzekotasunik gizabanakoek hainbat arrazoirengatik elkarrekiko sentitzen duten loturarekin, eta hori ere azal liteke arrazoiaren arabera.
Baliteke norbaitzuek pentsatzea determinismo historikoaren premia ezinbestekotzat jo beharra dagoela nazio egintza; bada, horiei gogorarazi beharko litzaieke Estatu-Nazioaren diseinatzaileek sorturiko nazio hori eraikuntza bat baino ez dela, eta, askotan, Estatuaren sortzaile multzo horiekiko inolako loturarik sentitu ez duten taldeei ezarri izan zaiela. Gaur egun, arrazoi horrexegatik sentitzen dira ondoezik frantsesen, ingelesen, alemanen... inperioak babestu zituzten Europako hainbat eta hainbat intelektual. Intelektual postmoderno horiek atsekabetu egin dira jabetzean zama nazionalista bat duela—moderno zeritzon— ideologia hark; nortasun aurreiritzirik gabekoa zelakoan, nazio egintzarekin tupust egin dute, haien inperioek mendean hartu zituzten nazioek berek galdatu izaki. Etnizismoaren zaborrontzira bota nahi izan dituzte hainbat eta hainbat nazioren kultura ezaugarriak; eta nahiago izan dute bidean galdu, beren balizko Estatu-Nazioaren inperialismo nazionalista onartu baino.
Nafarroako subiranista batzuk ahalegintzen dira ideologia horien galdekizunetara egokitzen, eta hainbat kritika jorratu dituzte, alferreko ihardespen bat eman nahirik haiei entzuteko inolako interesik ez dutenei. Barkagarri bekit erabatekoa badirudit! Pellokeria bat da adieraztea etorkizunean dagoela nazio talde baten interesa eta historiak ez duela atzera egiterik. Halakoxea da Historiako ikaskuntzan hasiberri den baten balorazioa. Begien bistakoa da, halaber, historian izan den talde baten hainbat belaunalditakoek modu askotara hauteman dezaketela beren nortasuna. Inguruabar horiek ez dute ezeztatzen hainbat lotura izatea elkarren artean historiako hainbat egintzak eta nazio talde horrek berak etorkizunean izan ditzakeen zenbait egoerak; horrexegatik, beren nazioari dagozkion sustraiak ahalik eta garairik urrunenetara atzeratu nahi izan ohi dituzte estatuek, eta beren nortasuneko osagairik gehienak garai eta belaunaldi oso urrunekoei eskatu; betiere, gaur egungo belaunaldia bere helburuak eta helmuga zehazteko beregain den gorabehera.
Ekar dezagun eskema hori Nafarroara. Ezin eztabaidatuzkoa da Euskal Herriaren existentzia, germaniarren menderakuntzatik libratzea lortu zuen baskoien herri hartan sustraiak errotu dituen errealitate gisa. Zertara dator, bestela, pérfidos vascones (baskoi zitalak) delakoa? Ezin eztabaidatuzkoa da Estatu bat eratu zela baskoien mundu hura existitzen zen lurraldearen zati handi batean barrena: lehenik, Iruñeko Erreinua zeritzon, eta, gero, Nafarroako Erreinua; bat eta bera zelako jakitun ziren haren aholkulariak. Estatu hark, baina, ez zuen luzaroan iraun ahal izan, Gaztelako, Aragoiko eta Frantziako koroen erasoaldia zela bitarteko. Ezinago arrazoizkoa dirudi, bada, monarka baten edo gizarteko nobleen ekinbidera mugatzea prozesua, eta gainerako herritarrak baztertzea. Errazkeria bat da, halabeharrez; eta, horrenbestez, nahastu egiten da gizarteko klase baten edo estamentu menderatzaile batzuen gailentasuna eta talde osoak ez izatea ez ekintzarik ez interesik Estatuari eusteko. Historiaren joanean beste hainbat gizartetan bezala —esaterako, gogora datozkit amerindiarrak, espainiarren aurrean—, hainbat agiritan jasota dago Nafarroako gizarte osoak parte hartu zuela Estatuan, baina hori ez zen nahiko arrazoi botereak —batzuetan, erregearena eta nobleena, eta, besteetan, atzerritik etorria—noranzko jakin bat ezar zezan. Garai hartako agirietan aditzera ematen denez, klase apalek eginkizun nabarmena bete zuten politikan eta, zenbaitetan, arlo militarrean. Aditzera ematen da, halaber, independentziaren alde zeudela eta, sarri askotan, nazio lurralde osoarekiko loturak izan zituztela, baldin eta atzerriko botereak—Espainiako eta Frantziakoak— ez bazuen distortsiorik eragin. Ezin eztabaidatuzkoa da, halaber, unibertso osoan onartu zutela euskal herriaren errealitatea. Hala jakinarazi zuten hainbat egile unibertsal ospetsuk: besteak beste, Humboldtek eta Voltairek. Eta halakotzat onartu zuten gerra karlistetan ere; horren erakusgarri da egile askotarikoek oldeka bisitatu izana herrialdea, eta haren bereizgarriak nabarmendua.
Egintza horiek, guztiek batera, bide ematen dute honako idazki honetan esan dena esateko. Azkenik, kritikatu baino ez Santiago Leone eta, haren gisara, etnizistatzat eta bestelako kontzeptu iraingarriz izenda ditzaten beldur diren beste hainbat. Aurreiritzi ugarik eraso egiten diote nafarren subiranismo planteamenduari; ez inolako arrazoirengatik, baizik eta espainiarren kulturaren nazionalismo inperialista salatzeagatik, zeinak oraintxe degradazio maila beldurgarri bat erdietsi baitu —batik bat, eratorbide ugaritatik jo dezakeelako inguruabar apartekoetan—.
(Erredakzioan itzulia)
Gure katuaren hiru hankak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu