Gure konpromisoa berresteko eguna

Maribi Ugarteburu Idoia Aiastui Marije Fullaondo
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Egun garrantzitsua da azaroren 25a. Aldarrikapen eguna, emakumeon kontrako indarkeria gaitzesteko eguna. Baina, ez dezagun bistatik gal, emakumeok egunero eta bizitzako esparru guztietan pairatzen dugu sistema patriarkalaren ondorio larriena den indarkeria.

Instituzioetatik jasotzen ditugun datuek errealitate iluna islatzen dute. 2011.urtea bukatzear dagoela, Euskal Herrian zazpi emakume erail ditu indarkeria sexistak. Agerikoa da egoeraren larritasuna. Eta, zalantzarik gabe, egoera honi aurre egiteko herritar guztion ardura eta konpromisoa ezinbestekoak dira. Ez dago beste modurik.

Emakumeon kontrako indarkeria emakumeok jendartean sufritzen dugun gutxiestetik eratortzen da. Egiturazko arazoa da, beraz; eta arazo larri hori gainditzeko gakoa jendarte berri bat eraikitzean datza. Jendarte berri bat sortu, gizon eta emakumeon arteko harremanak parekidetasunean eraikiz;egun emakumeok bizi dugun zapalkuntzari guztiok elkarrekin aurre eginez.

Indarkeria sexista behin betirako desagertuta dagoen jendartean bizitzeko eskubidea dugu emakumeok. Baina eskubide hori gauzatu egin behar dugu; denon artean gauzatu ere. Izan ere, eskubideen auziari helduta, egun, emakumeon eskubideak formalki onartuak daude gure jendartean, baina egunerokotasunean eskubide horiek urratzen diren adibideak asko dira, gehiegi. Emakumeon kontrako indarkeria fisikoa da urraketa horien adierazlerik larriena, zalantzarik gabe; baina ez dezagun ahaztu emakumeok etengabeko prekarizazioan gaudela murgilduta, krisi garaiotan areagotu egiten dena.

Berdintasun formalaren garaian bizi gara. Instituzioetatik hainbat ekimen, plan eta ekintza jartzen dira martxan, baina... horiek guztiak benetako eraldaketaren aldeko neurriak al dira? Badago nolabaiteko konpromisoa, edo, behintzat, hori da helarazi nahi diguten mezua; baina datu hotzek erakusten dutenez, berdintasuna ez da benetakoa. Zoritxarrez, gaur bai eta bihar ere, errealitateak arrazoia ematen digu. Ezinbestekoa da, beraz, emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasunaren aldarrikapen hutsetik haratago joatea; alegia, edo parekidetasuna guztiok barneratzen eta gauzatzen dugun konpromisoa da, edo ez da sekula izango.

Garai berria zabaldu da Euskal Herrian, baina euskal emakumeon egoerak bere horretan jarraitzen du. Emakumeok sufritzen dugun indarkeria, jendartearen eremu guztietan sufritzen dugun diskriminazioaren ondorio latzena izanik, jendarte patriarkalaren oinarrian dagoen botere erlazioen adierazle latzena da.

Ezker Abertzaleak bere hautua egin du, beste Euskal Herri baten aldeko apustu argia eginez. Ezkerreko proiektu baten aldeko indarrak bildu eta benetako eraldaketaren oinarriak jartzeko bidean gaude. Ezkertiarrak gara eta, ondorioz, feministak; edo horretara iritsi nahi dugu, behintzat.

Euskal Herrian eraldaketa politiko eta soziala gauzatzeko prozesuaren garapenak jauzi berri eta kualitatiboa ekarriko du gure herriaren askapen prozesuan. Emakumeok eraldaketaren ezinbesteko eragile gara, eta, horrenbestez, eraldaketan eragin beharra dugu. Eta, noski, eraldaketa horretan, emakumeon kontrako indarkeriari aurre egitea ezinbesteko elementua dugu.

Bide horretan, Ezker Abertzaleko kideok emakumeon zapalkuntzari aurre egiteko konpromisoan berresten gara, duela urte batzuk mugimendu feministak adostutako euskal emakumeon eskubideen karta oinarri. Ezker abertzaleko kide gisa, gure proiektua oinarri feministetan sortu eta eraiki nahi dugu, mugimendu feministari dagokion papera aitortuz eta prozesu demokratikoan emakumeon kontrako indarkeriari aurre egiteko bitartekoak ere exijituz. Geure bizibaldintzak hobetzeko bidea marraztu eta hartu behar dugu.

Bide horretan, herrigintzan bezala, instituzioetan ere hartutako konpromiso horri tinko helduko diogu, politikoki zuzena den mezu hutsalari aurre eginez eta benetan eraldatzaileak izango diren politika feministak erdietsi eta aplikatzeko lanari ekinez.

Ezker abertzaleko emakumeok konpromiso horren bermea izan behar dugu. Benetako Euskal Herri berri bat sortu eta garatu nahi badugu, ezinbestekoa da emakumeon eskubideen onarpen formaletik gauzatze errealera jauzi egitea. Egingo dugu eta egiten ari gara, mugimendu feministaren hitza eta erreferentzia kontuan izanik, gure bidea marraztuz.

Asko dugu egiteko. Gaur, azaroaren 25ean, emakumeon kontrako indarkeriari aurre egiteko beste urrats bat eman behar dugu, kalean, mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartuz. Eta gaur bezala, urteko gainontzeko 364 egunetan ere, gure jarrerak tinkoa behar du izan emakumeon eskubideak egunerokotasunean gauzatuak izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.